Masterra

Masterra

Energia Berriztagarrien Integrazioa Sistema Elektrikoan Masterra

Energia Elektrikoaren Ikerketa Taldea (GISEL) eta bere kideak Energia Berriztagarrien Integrazioa Sistema Elektrikoan Masterrean daude.

Azken urteetan, energia sorkuntzan, gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari dira errendimendu teknologiko handiko prozesuetan erabilitako iturri berriztagarrietan eta ez berriztagarrietan oinarritutako teknologiak.  Sorkuntza mota honen hedapenak mesede egiten die sistema energetiko jasangarrien garapenari eta hornikuntzaren segurtasunari, energia iturri primarioen dibertsifikazioagatik.

Hala ere, iturri berriztagarrietan oinarritutako energia elektriko sorkuntza areagotzeko, sare elektrikoen operazio modu konbentzionalak aldatu behar dira, eta horrek galga ezartzen dio haren garapenari eta langile espezializatuen trebakuntza eskatzen du.

Energia Berriztagarrien Integrazioa Sistema Elektrikoan masterraren xede nagusia da behar horri erantzutea, sorkuntza mota honen eta sarearen arteko interakzioan espezializatutako profesionalak eta ikertzaileak trebatzea, arazoak konpontzen lagunduko duten sistema eta ekipo berriak sortzeko eta sorkuntza elektriko berriztagarriaren garapena bultzatzeko, bat eginik Europar Batasunak proposatutako helburuekin.

Prestakuntza programak gaitasuna ematen du ekipo elektrikoen diseinu, kalkulu, fabrikazio eta ustiapen prozesuekin lotutako era guztietako lanak proiektatu, exekutatu eta zuzentzeko, baita gidaritza lanak egiteko ere energia berriztagarriak sistema elektrikoan integratzea erraztuko duten produktuen eta ustiapen prozeduren garapenean.

Gainera, aukera ematen du ikerketa karrera bati ekiteko, bai sektore elektrikoan jarduera duten zentro teknologikoetan bai alor akademikoan, masterraren bidez zuzenean sar daitekeelako unibertsitate arteko Energia Elektrikoko Sistemak doktorego programara.

Hidrogenoaren Teknologiak Berezko Masterra

Klima krisialdiak trantsizio energetiko bat eskatzen du, eta horren barruan, hidrogenoa garrantzi handiko energia bektorea izango da, energia berriztagarriarekin eta elektrizitatearekin batera. Horren aitortza dugu orain dela ia urtebete hidrogenoa eta haren teknologiak hedatzeko Europako, Espainiako eta Euskadiko estrategiak hurrenez hurren onartu izana.

Elektrolisi bidezko hidrogeno ekoizpena, haren biltegiratzea, garraioa eta banaketa eta haren aplikazio energetikoak –mugikortasun iraunkorraren arloan, industriaren deskarbonizazioan edo hiri eta etxeetako klimatizazio sistemetan– orokortzen direnean, teknologia eta prozesu berriak garatuko dira. Era berean, enpresa berriek edo birmoldatutako oraingo enpresek prozesu horiek sakon ezagutuko dituzten teknologoak beharko dituzte.

Horrek zientzien eta ingeniaritzen arloko gazteek, beren hasierako prestakuntzan, teknologia horren ezagutzak eta gaitasunak eskuratu ditzaten eskatuko du, baina ez hori bakarrik; izan ere, ibilbide labur nahiz luzeko profesionalentzat ere beharrezkoa edo interesgarria izan daiteke prestakuntza osagarri bat jasotzea, energia bektore berri hori gure industria errealitatean sartzeko prozesuan parte hartzeko edo prozesua bera lideratzeko.

Kontrola Sare Elektriko Adimentsu eta Sorkuntza Banatuan Masterra

Sare Elektriko Adimentsuak (smartgrids) bi elementu bateratzetik sortzen dira: energia berriztagarri aldakorren iturrien integrazioa hobetzeko beharra (Sorkuntza Banatuarena bereziki) eta teknologia berrien garapena, IKTak eta potentzia elektronika batik bat.

Smartgrid-ei esker, modu eraginkor eta seguruan kudeatu daiteke elektrizitatea, elektrizitate ekoizpena, banaketa eta kontsumoa optimizatuz, ekoizleen eta kontsumitzaileen artean eskaintza eta eskaera orekatzeko helburuaz. 

Master honen helburua da kualifikazio handiko profesionalak trebatzea, Smartgrid-en osagai nagusien kontrol eta kudeaketa sistemen diseinuan, integrazioan eta analisian. Horrela, erantzun egin nahi zaio sare elektrikoen eta sorkuntza banatuaren sektoreko enpresa eta zentro teknologikoen eskariari, nazioarteko dimentsio gero eta handiagoa duen testuinguru batean.

Horretarako, prestakuntza programak hainbat arlotako ezagutzak lantzen ditu: ereduztapen eta kontrolarekin lotutako teknikak eta metodologiak, IKTak, potentzia elektronika, energia gordetzeko sistemak, sare elektrikoak eta energiaren kudeaketan aplikatu beharreko Adimen Artifizialeko tresnak.

Gainera, ikasleek gaitasun hauek eskuratzen dituzte: aipatutako arloetan sortzen diren arazoak konpontzeko behar diren gaitasunak eta Smartgriden osagaien portaera ebaluatzeko gaitasuna, ebaluazio irizpide espezifikoen bitartez.

Master honek Unibasq-eko Nazioartekotze Zigilua du, ikasleen nazioartekotzea sustatu eta aitortzen duena.

Masterrak titulazio bikoitza lortzeko aukera ematen du École Superieure des Technologies Industrielles Avancées-ESTIA (Frantzia) unibertsitatearekin.

Energia Berriztagarriak Itsas Ingurunean Erasmus Mundus Masterra (REM PLUS)

Itsasoan energia berriztagarriek potentzial handia dute, baina erronka teknologiko handi bat gainditu behar da energia mota hori erabili ahal izateko. Itsas inguruneko baldintza gogorrak direla eta, ezaguera zientifiko aurreratuak behar dira zientziaren eta teknologiaren hainbat arlotan. Energia Berriztagarriak Itsas Ingurunean (REM PLUS) Erasmus Mundus masterraren helburua da erronka teknologiko hori gainditzeko gaitasuna izango duten espezialistak trebatzea eta, espezifikoki, industriaren profesional gaituen beharrari erantzutea.

REM PLUS masterra lau unibertsitatek eskainitako Erasmus Mundus (EMJMD) masterra da; Euskal Herriko Unibertsitateak, Irlanda-Corkeko Unibertsitate Nazionalak, Norvegiako Zientzia eta Teknologia Unibertsitateak eta Nanteseko Eskola Nagusiak eskainitakoa, hain zuzen.

Masterra Europar Batasunaren Erasmus+ programaren laguntzarekin finantzatuta dago eta doktoregoko ikasketak egiteko aukera ematen du.

Industria Ingeniaritza Masterra

Master honi esker, industria ingeniari lanbide arautua eskura daiteke, eta Industria Teknologiaren Ingeniaritza graduaren jarraipen naturala da.

Master honetako prestakuntzak espezializazio maila altua eskaini eta titulua lortu duen pertsonari enpresa batean dauden edozein funtziotan lan egiteko aukera ematen die (Ingeniaritza, diseinua, fabrikazioa, kalitatea, erosketak, I+B, etab.), baita enpresaren kudeaketa orokorra eramateko aukera ere. Industria-enpresak esan nahi duen ohiko irteeraz gain, pertsona tituludunek beren ibilbide profesionala beste nonbait ere egiten dute, hala nola, zentro teknologiko eta herri-administrazioan.

Prestakuntza-programak izaera teknologikoko derrigorrezko ikasgaiak jorratzen ditu, eta industria ingeniaritzaren trebetasun profesionalen ardatza dira. Gainera, ikasleak industria-ingeniaritzaren alor teknologikoetan prestakuntza sakontzeko aukera du, 10 espezialitateetako bat aukeratuta.

Master honek titulazio bikoitza lortzeko aukera ematen du Ingenieur Arts Et Metier Paristech (Frantzia) Unibertsitatearekin.

Masterrari esker, UPV/EHUko doktoretza-programak egin daitezke.