Breadcrumb

Información - La Escuela: Saludo del Director

Zuzendariaren agurra

Bilboko Ingeniaritza Eskola, gaur egun ezagutzen dugun moduan, lau ikastegi handik bat egin zutenean sortu zen; horren ondorioz, UPV/EHUko ikastegi handiena eratu zen 2016. urtean. Ikasleak, administrazio eta zerbitzuetako langileak eta irakasle‑ikertzaileak UPV/EHUkoen % 10 inguru dira. Zenbaki horiek direla eta, argi dago funtsezkoa dela kudeaketarekin, irakaskuntzarekin eta ikerketarekin zerikusia daukaten ekintzak gauzatzeko egin beharreko lanen antolaketa. Hortaz, giza faktoreak izan behar du ardatza, gure inguruan, estatuan zein nazioartean erreferentziazko ingeniaritza eskola izateko lortu behar dugun mailara hel gaitezen.

Gure eskolan 4.700 ikasle daude, administrazio eta zerbitzuetako 150 langile baino gehiago eta 560 irakasle‑ikertzaile inguru, gehi 121 ikertzaile.

Ikasleei eskaini behar diegu eskolaren onena, hau da, garatzen joatea Europako Unibertsitate Eremuaren metodologia aktiboetan oinarritutako irakaskuntza, eskaintzen ditugun ikasketetako gaitasun espezifikoak eta transbertsalak berengana ditzaten. Sailek, ikerketako laborategien bitartez, ikasleen eskura jarriko dituzten azken teknologiak, ikasketa planen garapena osatzeko.

Webgune honetan aurkituko duzu egoitza eskolan duten sailei buruzko informazioa, bai eta graduko 11 tituluk eta masterreko 18k osatzen duten eskaintzari buruzkoa ere. Eskolak hiru eraikinetan ematen dira, bi Bilbon eta bestea Portugaleten. Helburuak lerrokatu behar dira garapen jasangarrirako EHUagenda 2030arekin, zeinaren oinarria diren Nazio Batuek zehaztutako garapen jasangarrirako 17 helburuak.

Beraz, hiru ardatz izango ditugu erreferente gure eskola etorkizun oparo, lehiakor, kalitatezko eta errespetuzkorantz bideratzeko. Komunikazioa, Parte hartzea eta Identitatea.

Eskolaren kalitate politikak eutsi egin behar die unibertsitateko kideen ahaleginak balioesten dituzten zigiluei. Hortaz, hauek izango dira identifikatuko gaituzten kalitate zigiluak: EKOSCAN ziurtagirik EMAS Europako ingurumen ziurtagirira aldatzea. ISO 9001:2015 ziurtagiria, Enpresekiko Harremanei eta Nazioarteko Harremanei lotutako zerbitzuetan. IMaRest eta EUR-ACE nazioarteko ziurtagiriak. Bikain hizkuntza kudeaketaren Kalitate Ziurtagiria, epe laburrerako helburu gisa. Nazioartekotze aitortza lortzea UPV/EHUk zehaztutako baldintzak betetzen dituzten ikasketen kasuan.

Eskolak gure inguruko, estatuko eta nazioarteko enpresa eta industria sektoreekin duen harremana gure eskolaren zutabeetako bat da, eta Enpresa Gelaren formatua sustatzen da.

Mugikortasuna funtsezko ardatza da gure Eskolan, eta maila altuan egoten jarraitu behar du kolektibo guztientzat. Horrela, bada, gradu eta master ikasketetako truke akademikoen kasuan eta IRI eta AZPkoentzako egonaldi laburren kasuan akordioak berrituko dira Dashboard tresna berriaren bitartez. Tresna horrek Erasmus + programaren gomendioei jarraituko die prozesu guztiak digitalizatzeko (EWP, Erasmus Without Paper). Europako Unibertsitateen Enlight partzuergoan aktiboki parte hartzeak etorkizunean nazioarteko hitzarmenen bat egitea ahalbidetuko du.

Nabigatu gure webgunean eta ezagutu “Eskola”.

Agur

Charles Pinto
Zuzendaria