U-MOB-life

Unibertsitateetan Mugikortasun Iraunkorraren aldeko Europako Sarearekin bat egin du UPV/EHUk

Proiektu europar horren helburua praktika onen ezagutzak elkartrukatu eta transferitzea da.

Irudia

UPV/EHUk bat egin du Unibertsitateetan Mugikortasun Iraunkorraren aldeko Europako Sarearekin. U-MOB LIFE akronimoa duen sarea Europako Batzordeak kofinantzatutako proiektu europarra da, LIFE programaren eremukoa. Bere helburu nagusia da EBko unibertsitateetan mugikortasun iraunkorraren arloko praktika onen ezagutzak elkartrukatu eta transferitzea. Hortaz, unibertsitate komunitatearen joan-etorriek sortutako CO2 eta atmosferako beste kutsatzaile batzuen isuriak gutxitzeko tresna izan daiteke. Novotec ingurumen aholkularitza da proiektuaren buru, eta bazkide dauzka lau unibertsitate europar, mugikortasun iraunkorraren praktikak ezartzen aitzindariak direnak: Bartzelonako Unibertsitate Autonomoa; Rotterdameko Erasmus Unibertsitatea (Herbehereak);  Università degli Studi di Bergamo (Italia), eta Politechnika Krakowska (Polonia).

Sareari atxiki dakioke hiru mailatan, eta maila horiek konpromiso eta etekin gradu ezberdinak daramatzate. UPV/EHU maila gorenean elkartu da. Hirugarren maila horrek dakar epe laburrean mugikortasun praktika onak ezartzea, hau da, datozen lau urteotan garraio publikoa, bizikleta eta oinezko joan-etorriak sustatzeko eta kotxe pribatuen erabilera gutxitzeko ekimenak martxan jartzea.

Azken urteotan UPV/EHUk hiru campusetan neurri batzuk burutu ditu. Neurri horiek mugikortasun iraunkorraren arloan aurrera egitea ahalbidetu dute, eta kanpoko aitorpena merezi izan dute. Izan ere, UPV/EHUk brontzezko domina jaso zuen, Nekazaritza, Arrantza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioaren Mugikortasun Iraunkorraren 2016ko Astean.