Que-es-Campus-Bizia-Lab

Zer da Campus Bizia Lab?

UPV/EHUk Erasmus University Educators for Sustainable Development proiektuaren baitan proposatu duen Academy ekimenaren bidez, lankidetza prozesu bat garatu nahi dugu Campus Bizia Lab programaren bitartez (campusa laborategi gisa), unibertsitatearen erronkei aurre egiteko, diziplinaz gaindiko ikerkuntza ikuspegien bitartez, administrazio eta zerbitzuetako langileen, ikasleen eta irakasleen partaidetzaz.

Campus Bizia Lab programak ahalegin berezia egiten du sinergiak sortu eta indartzeko, azken urteotan iraunkortasunerako hezkuntza arloan hainbat ekimen eta proiektutan –era partikular eta tokikoan– aritu diren irakasleen artean. Horietako askok badute ere esperientzia berrikuntzan (Arazoetan/Proiektuetan oinarritutako ikaskuntza).

Campus Bizia Lab ikerkuntza/ekintza prozesu batean oinarritzen da, helburutzat duena ikasleen artean inpaktu handia izango duen praktika bat garatzea (iraunkortasunari loturiko erronketan oinarritutako diziplinaz gaindiko ikaskuntza), non irakasleak beren praktikaren ikertzaile gisa aritzen diren. Inpaktu handiko praktika honek curriculum izaera izango du, eta Gradu Amaierako Lanen (GrAL) eta Master Amaierako Lanen (MAL) bitartez gauzatuko da lehen fase honetan.

Helburuak

Campus Bizia Lab programaren helburuak dira:

  • Diziplinaz gaindiko komunitate bat sortzea, era kooperatiboan lan egingo duena UPV/EHUko campusetan detektatzen diren iraunkortasun ezari loturiko arazo eta erronken konponketan.
  • Lan eredu bat diseinatzea, garatzea eta ebaluatzea, aukera emango duena arrakastaz burutzeko UPV/EHUko campusetako iraunkortasunari lotutako inpaktu handiko ikaskuntza prozesuak. 
  • Campus Living Lab proiektu instituzional bat artikulatzea eta ikusgarri egitea, bere ekintza erradioa UPV/EHUko titulu guztietara pixkanaka zabalduko duena eta maila anitzeko praktika iraunkorrak sortuko dituena.

Metodologia

Lan prozesua hiru mailatan gauzatzen da:

  • Campus Bizia Lab Programaren talde bideratzailea, kide hauek dituena: kanpoko aditu bat, hiru irakasle, administrazio eta zerbitzuetako bi teknikari, eta Hezkuntzarako Laguntza Zerbitzuko irakasleak. Talde hau arduratuko da baldintza/erlazio instituzionalak ezartzeaz, ikerkuntza/ekintza prozesua bideratzeaz eta prozesuan aholkularitza eskaintzeaz.
  • Irakasleen eta administrazio langileen taldeak gogoeta egingo du garatu beharreko estrategiaz, erronkak diseinatzeaz eta ikasleen ikaskuntza beharretara egokitzeaz, Gradu Amaierako Lanen (GrALedota Master Amaierako Lanen tutoretzaz, gainbegirapenaz eta ebaluazioaz.
  • Campus Bizia Lab Programan parte hartzen duten ikasleak gehituko, hiru campusetan eta hainbat gradu eta masterretan banatuak.

Espero diren emaitzak

Campus Bizia Lab Programatik espero diren emaitzak honakoak dira:

  • Irakasleek, ikasleek eta administrazio eta zerbitzuetako langileek eratutako komunitate bat sortzea, zehazki iraunkortasunerako hezkuntzan sakonduko duena UPV/EHUn.
  • Ikasturte bakoitzean gutxienez 30 Gradu Amaierako Lan (GrAL) edo Master Amaierako Lan (MAL), UPV/EHUko hiru campusetako hainbat titulazioei lotuak.
  • Antolakuntza funtzionamendu protokoloak eta laguntza materialak prestatzea iraunkortasunari lotutako GrAL eta MAL lanen jarraipen eta tutoretzarako.