Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Egungo Euskararen Hiztegia (EEH)

Hasiera:

ilusio (orobat ilusino g.er. ilusi g.er. eta ilusione g.er.) 1 iz itxura faltsuak eraginiko hautemate okerra; zentzumenen bidez hautematen denaren interpretazio faltsua.

Irudi batek ilusioa eragiten duela esaten da irudi haren ikusleak estimuluaren ezaugarri fisikoren batekin bat ez datorren pertzepzio bat deskribatzen duenean. Josu Zabaleta   «Irudia» - Jacques Aumont - 66. orr.

Zehazki hitz egin nahi bada, pertzepziozko hutsegite bat da ilusioa, irudiaren eta irudi hori ez den beste zerbaiten arteko erabateko nahastea edo hutsegitea. Josu Zabaleta   «Irudia» - Jacques Aumont - 93. orr.

Ponzo-ren ilusioan, adibidez, goiko marra "urrutiago" balego bezala ikusten da, zehar-marren konbergentziak eragiten duen perspektiba-efektuak eraginik. Josu Zabaleta   «Irudia» - Jacques Aumont - 66. orr.

Tamainaren eta distantziaren ebaluazioari dagozkion ilusioak. Josu Zabaleta   «Irudia» - Jacques Aumont - 66. orr.

Hala gertatzen da irudi zinematografikoan, adibidez, itxurazko mugimenduak eratzen duen ilusio bete-bete horretatik ateratzen baitu irudi mota horrek dokumentua balitz bezala sinesgarri izateko gaitasuna; zinematografoa asmatu zen garaiko ikusleek filmeko irudiaren naturalismoaren berme gisa hartu zuten, beste ezeren gainetik, ilusio hori. Josu Zabaleta   «Irudia» - Jacques Aumont - 95. orr.

Zinemak oso errealitate-ilusio eraginkorra sortzen duela, denboraz eta [...] sakontasunaz, baliatzeko gai delako. Josu Zabaleta   «Irudia» - Jacques Aumont - 96. orr.

Pinturaren ilusio partziala, hain zuzen, baliabide hori bereziki egokia baita espazio-sakontasunaren ilusioa eragiteko. Josu Zabaleta   «Irudia» - Jacques Aumont - 97. orr.

Irudi ilusio-eragilea eta irudi-antza ere bereizi beharra dago, orobat. Josu Zabaleta   «Irudia» - Jacques Aumont - 98. orr.

Irudi errealista ez da nahitaez errealitate- ilusioa eragiten duena (ilusio hori gertatzeko oso-oso probabilitate gutxi dago gainera [...]). Josu Zabaleta   «Irudia» - Jacques Aumont - 194. orr.

Edo artelan oro irudi birtuala dela ("ilusio" eta "irudi birtual" sinonimotzat hartzen ditu). Askoren artean   «Filosofiako gida» - 234. orr.

Horrek egia nabaria dirudi, baina zergatik erabiltzen du "ilusio" hitza, horrek iruzurraren esanahia badu? badirudi Langerrek, gainera, hori azpimarratu egiten duela, arteak ikuslea engainatzen duela esaten duenean. Askoren artean   «Filosofiako gida» - 234. orr.

Ilusio hori aspaldi apurtu zuen Saussurek, eta geroztik hizkuntz zeinuetan "adierazlea" eta "adierazia" bereizten ikasi genuen. Iñaki Arranz   «Hitza azti» - 249. orr.

Baina ez da hala gertatzen, ilusio bat da, zeren silaba eta bere azentua, ahoskatze ekintza bakar bat baizik ez baitira. Oskar Arana   «Lotsaizuna» - John Maxwell Coetzee - 187. orr.

2 gogoa liluratzen duen iritzi faltsu edo uste okerra.

Ondo idatzitako hitz batzuk, Itxaso kontura zedin gutunen bidezko maitasun hura ezinezkoa zela, ilusio gaixo bat. Pako Aristi   «Urregilearen orduak» - 303. orr.

Aukeratzeko aske ziren sentipena ilusio bat zela. Iñaki Mendiguren   «Historiaren azterketa II» - A.J. Toynbee - 335. orr.

Oraindik ere aukeraz beterik ikusten dut geroa, beharbada ilusio hutsa izango da baina. Xabier Mendiguren Elizegi   «Arima enkoniatuak» - 39. orr.

Ametsak dira, ilusio hutsak, zuetarik nehork ez baitaki non zaudeten. Xabier Montoia   «Elektrika» - 168. orr.

Asmo horrekin etorri ginen hona, Euskal Herriko bazter lasai honetara, zertara gentozen jakinaren gainean, ilusio faltsurik egin gabe. Migel Angel Mintegi   «Denak du bere prezioa» - 109. orr.

Ilusio faltsuekin burua berotu zezan. Karlos Zabala   «Buda zoriontsuen etxea» - João Ubaldo Ribeiro - 134. orr.

Zorion ilusio hori, ordea, lehenengo mokaduekin desagertzen zen. Joseba Urteaga   «Lekua» - Annie Ernaux - 60. orr.

Euskal kultura benetan existitzen da ala ilusio politikoa da? Ana Urkiza   «Zortzi unibertso, zortzi idazle» - 221. orr.

Ez dago indukzioaren inolako arazorik epistemologian, gaizki erabilitako hizkuntzari loturik agertzen den ilusio intelektuala besterik ez baita. Askoren artean   «Filosofiako gida» - 109. orr.

Hura ere ez baitzen izan, nire semea alegia, ilusio bat gehiago baino; ez bainuen sekula izan semerik batere. Juan Garzia   «Pedro Páramo» - Juan Rulfo - 87. orr.

Errealitateak, ordea, indar gehiago izaten du gure aurreikuspen eta ilusio guztiek baino. Anjel Lertxundi   «Ihes betea» - 234. orr.

Halaz ere, bada jendea, elebakartasunaren ilusioan bizi dena. Ana Urkiza   «Zortzi unibertso, zortzi idazle» - 257. orr.

3 gogoa kitzikatzen duen poz edo itxaropena.

Ez dago hasierako ilusio hura, hasierako su hura. Luis Elberdin   «Sexua noiznahi» - 258. orr.

Lana bere ilusio eta borondate osoarekin egiten duenak. ikerkuntzarako, eguneroko lan ixila eta eskerga egiteko, jendearen konpromisoa eta ilusioa behar izaten da. Patziku Perurena   «Trapuan pupua» - 20. orr.

Bere ilusio guztia Italiara heltzea zen. Bernardo Atxaga   «Groenlandiako lezioa» - 94. orr.

Italia... nire ilusioa izandu da beti... Pablo Sastre   «Elurretan hotsak» - 148. orr.

-Harek ilusinoa edonorako eukan eta bildurrik inorako bere ez. Xabier Amuriza   «Rufino Arrola, Vulkanoren atzamarrak» - 23. orr.

Bere ametsetan ez zegoen eragozpenik, hain ziur zegoen bere kemenaz, hainbesteko konfiantza zuen bere buruarengan eta hain ilusio handia zuen. Patxi Zubizarreta   «Mirarien kalezuloa» - Nagib Mahfuz - 236. orr.

Ilusio handiz kontatu zion dena. Unai Elorriaga   «SPrako tranbia» - 71. orr.

Eta bizimodua aldatzeko egarriz eta ilusio handiz geunden, Parisa [...] denboraldi luze bat pasatzera joateko. Ramon Saizarbitoria   «Gorde nazazu lurpean» - 237. orr.

Ilusio ikaragarriarekin etortzen naiz lan saioetara. Berria - Kirola   2004-10-20

Haurrari eskainitako hainbeste denbora eta energia; hainbeste ilusio eta maitasun! Luis Elberdin   «Sexua noiznahi» - 75. orr.

Idazleak gogoan du bai Gasteizko aurkezpen hura, gogoan du aurkezpenetara ilusio gehiagorekin joaten zen garai hura. Pako Aristi   «Gauza txikien liburua» - 121. orr.

Oraingo gazteak baino hobeto ibiltzen ginen gu orduan erromerian, hura ilusioa! Pako Aristi   «Gelatxo, soinuaren bidaia luzea» - 26. orr.

Baina gazte jendeak balseoa nahi izaten zian; eta zer nahiko zitean bada sasoi hartan, bihotzari ilusio zerbait eta bizitzari gozoaldi izpiren bat ematea baino? Pako Aristi   «Urregilearen orduak» - 30. orr.

Bada, gaur egun dagoeneko ez dituzun ilusio haiek guztiak berriro gogoratuz, gaur egun garai batean "ziren" bezalakoak "iruditzen" ez zaizkizun gauza haiek guztiak gogoratuta [...]. Josu Zabaleta   «Sei pertsonaia autore bila» - Luigi Pirandello - 122. orr.

Beti plazaratzen naiz ilusi handiarekin. Berria - Kirola   2004-08-10

Ez dugu disgustua eman diogun neskatilaren begirada lurrerantz eroriaren ilusio suntsitua bere benetako neurrian atzematen. Harkaitz Cano   «Neguko zirkua» - 32. orr.

Bataren edo bestearen ilusio edo kezken konfident nintzen. Piarres Aintziart   «Azken apeza» - 97. orr.

Eta horra lurrean azken ilusioneak, oraino baldin bagenituen. Marzel Etxehandi   «Alemaniara deportatua» - Grégoire Joannateguy - 14. orr.

Bakoitzak gure gorputza, gure biologia eta gure istorioa daukagu; bakoitzak gure bizipenak, desioak, gustuak, nahiak, esperantzak; gure ahultasunak, ilusioak, asmoak... Luis Elberdin   «Sexua noiznahi» - 59. orr.

4 (aditzaren objektu gisa)

Tourvel andreak gaztaroaren ilusio xarmantak itzuli dizkit. Jon Muñoz   «Harreman arriskutsuak» - Choderlos de Laclos - 53. orr.

Ilusio haiek bazkatu genituen eta haiek bazkatu gintuzten. Anjel Lertxundi   «Ihes betea» - 123. orr.

Denborarekin, errotarriak gari ale asko xehatu eta gero, ilusio bat sortu zitzaidan: ohitu egingo nintzela egoera berrira, ahaztu egingo nintzela Angelez eta bere lagunez. Bernardo Atxaga   «Soinujolearen semea» - 119. orr.

Sentituko du poza, ilusioa, itxaropena, baina bederatzi hilabeteak iparra galduta egiten dituzte gehienek. Arantxa Iturbe   «Ai, ama» - 48. orr.

Umeari ilusioa pizteko ezin al du aita batek deus egin, ala? Harkaitz Cano   «Neguko zirkua» - 23. orr.

Beraz, berriz maitemindu ahal gara eta ilusioa berreskuratu ahal dugu. Luis Elberdin   «Sexua noiznahi» - 259. orr.

Ilusioa antzematen zaio aurpegian eta bultza egiteko eran. Arantxa Iturbe   «Ai, ama» - 67. orr.

-Damu dut zure ilusio hori hondatu beharra, baina gaur goizean harekin hitz egin ostean, uste dut ez duzuela zer ikustekorik batak bestearekin. Oskar Arana   «Brooklyngo erokeriak» - Paul Auster - 109. orr.

Baina ez nuen lagunen ilusioa zapuztu nahi. Karlos Linazasoro   «Glosolaliak» - 149. orr.

Graça ez zen ausartu amari kontra egiten, zertarako zapuztu ilusio hura. Bego Montorio   «Napomuceno da Silva Araujo jaunaren testamentua» - Germano Almeida - 158. orr.

Ez da gehiago zuria; ilusioak urtzen direneko kolore horixkak bereganatu du arraso. Aingeru Epaltza   «Rock'n'roll» - 36. orr.

Ez dago abenturarik, ez dago une perfekturik... ilusio berberak galdu ditugu, bide berberak jorratu ditugu. Monika Etxebarria   «Goragalea» - Jean Paul Sartre - 243. orr.

Ilusio guztia galdurik, izarpeak niretzat gordetzen zuen tokia zein zen ezin kausiturik, une kritikora iritsi nintzen: suizidatzeko tentazioak eduki nituen, baina hala edo nola, aldi latza gainditu nuen. Jon Alonso   «Euskal karma» - 91. orr.

Ez atzera ez aurrera geratzen naiz, hezur-muinetaraino sartzen zait beldurra, eta ametsak eta ilusioak galarazten dizkit. Andoni Egaña   «Hogeita bina» - 35. orr.

Sendagileak, baina, oharpen eta gomendioen poderioz, haren ilusioak porrokatu zituen eta bizitasun doi bat besterik ez zitzaion geratu. Patxi Zubizarreta   «Mirarien kalezuloa» - Nagib Mahfuz - 229. orr.

Eta horra non bat-batean ilusio horrek erreka jotzen duen. Josu Zabaleta   «Gerrako pilotu» - Antoine Saint-Exupéry - 132. orr.

Ilusioneak, xapeldun ohiarenak, ez du iraun. Herria   2004-12-30

Gutxi iraun zidan ilusioak, ordea. Xabier Mendiguren Elizegi   «Nerabearen biluzia» - 64. orr.

5 ilusioz adlag

Egindako guztia ilusioz egin dugu. Edurne Elizondo   «Itoiz, porlanezko gezurra» - 120. orr.

Proiektu hau guztiok ilusioz hartu dugulako. Berria - Euskal Herria   2004-03-03

Ondo sentitzen dira, pozik eta ilusioz. Luis Elberdin   «Sexua noiznahi» - 261. orr.

Hasieran ilusioz inguratzen gara parkera. Arantxa Iturbe   «Ai, ama» - 66. orr.

Gramatikazko lezioak hartzeko ilusioz gogoberotzen den haurra. Josu Zabaleta   «Gerrako pilotu» - Antoine Saint-Exupéry - 48. orr.

Kasinoetan aberasteko ilusioz. Iñaki Zabaleta   «110. Street-eko geltokia» - 134. orr.

Oso pozik daude, ilusioz beterik. Luis Elberdin   «Sexua noiznahi» - 62. orr.

Ilusioz beteriko ingenuo batzuk. Unai Iturriaga   «Berandu da gelditzeko» - 176. orr.

Ilusioz beteta etorria zen Europara, zinemaren munduan tokitxo bat egiteko asmoz ustez "glamour" zerion Parisera, eta, ni bezala, bera ere konturatu zen geroak zer zekarkion ilusio faltsuzko paradisuan. Migel Angel Mintegi   «Denak du bere prezioa» - 109. orr.

6 ilusiozko izlag

Gaixo eskizofreniko haiei obsesio, haluzinazio eta ilusiozko aztoramenak. Xabier Olarra   «Antropologo bat Marten» - Oliver Sacks - 76. orr.

Irudi primitibotik (irudiak gauzaren beraren ordezko bezala, idolo bezala balio duenetik) ikus daitekeenera igortzen duen ilusiozko irudira. Josu Zabaleta   «Irudia» - Jacques Aumont - 198. orr.

Guk (bere burua eta gainerako Pertsonaiak seinalatuko ditu berriro), ilusiozkoak izatea beste errealitaterik ez badugu, ongi letorkizukeela zuri ere zure errealitateaz ez gehiegi fidatzea, arnasten duzun eta zure baitan ukitzen duzun errealitate horretaz askorik ez fidatzea, zeren -atzoko errealitatea bezala- ilusio irudituko baitzaizu bihar. Josu Zabaleta   «Sei pertsonaia autore bila» - Luigi Pirandello - 122. orr.

7 ilusio optiko

Haloa ilusio optiko hutsa da, aireko hezetasunak sortua, ortzadarraren antzera. Xabier Olarra   «Deabruaren hiztegia» - Ambroise Bierce - 134. orr.

Honela adierazi zuen bere ustea: "Ilusio optikoa egia optikoa da!". Xabier Olarra   «Antropologo bat Marten» - Oliver Sacks - 42. orr.

Ilusio optikoa egia neurologikoa da. Xabier Olarra   «Antropologo bat Marten» - Oliver Sacks - 42. orr.

Ilusio optikoak erabiliz, mundu zeharo berri bat ondu dute, alde guztietatik irekita dagoen mundu bat. Juan Garzia   «Sagua, eulia, eta gizakia» - François Jacob - 167. orr.

8 ilusioa egin

Eta ilusioa egiten du lehendabiziko aldian. Arantxa Iturbe   «Ai, ama» - 67. orr.

Ilusioa egiten dit, bai, ona izango da niretzat berriro jokatu ahal izatea. Berria - Kirola   2004-01-14

Txorakeriak ditun horiek, bazekinat, baina ilusioa egiten zigutenan, eta halaxe bizi gintunan, burua txoriz betetako nexka gaztea bainintzen ni artean. Xabier Mendiguren Elizegi   «16 ipuin amodiozko» - 71. orr.

Niri ilusioa egiten didate oraindik jantzi politek, eta jende interesgarria ezagutzeak. Josu Zabaleta   «Anne Franken egunkaria» - Anne Frank - 299. orr.

Ilusioa egiten zidan hura elkarrizketatzeak. Jasone Osoro   «Korapiloak» - 61. orr.

Atzean ikusteak ere poxa ematen du, ilusioa egiten. Berria - Kirola   2004-04-09

Sekulako ilusioa egiten dit, benetan, arratsaldean elkarrekin igarotzen dugun ordutxo horrek. Josu Zabaleta   «Anne Franken egunkaria» - Anne Frank - 226. orr.

Berebiziko ilusioa egin zion bere ideia ahalik eta zehaztasun handienaz paper batean marrazteko proposamenak. Ramon Saizarbitoria   «Gorde nazazu lurpean» - 367. orr.

Ikaragarrizko ilusioa egingo lidake nik jositako oihalak antzokian zintzilikatuak ikusteak. Jasone Osoro   «Korapiloak» - 31. orr.

· Beti egin dit ilusio handia hura ezagutzeak. Juan Garzia   «Pedro Páramo» - Juan Rulfo - 76. orr.

Gazteei ilusio handia egiten die. Berria - Kirola   2004-01-22

Ez dakit zer pentsatu duen, baina ez dio ilusio handirik egin. Alberto Barandiaren   «Mundu txikia» - 126. orr.

Hala ere, garbi utzi zuen ez dela komeni, oraingoz, ilusio handirik egitea: «Arratoiekin jardun dugu lanean, eta oraindik esperimentu asko egin behar dira gizakietan aplikatu aurretik». Berria - Gaiak   2004-08-15

-Ez ilusio handirik egin, Ibarra. Alberto Ladron Arana   «Eguzki beltzaren sekretua» - 26. orr.

Garaztarrek hastapenean baizik ez dute ilusione egin, aski laster amor eman behar izan dutelarik argentindar pare on baten kontra. Herria   2004-09-23

 



Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus