Aktibatu programa Gipuzkoako campusean

Eguraldi ona probestuz, atzo bukatu genuen AKTIBATU programako bideo berria, non 4 jardueren berri ematen dugun:

  • Informatika euskalduntzen
  • EUSLE metodologia
  • Campus neurketak
  • Euskaraldia unibertsitatean

Izena emateko, eskubian dagoen “Parte hartu!-eman izena” estekan sakatu eta listo!

Youtuber euskaldunen sariketa Bilboko Irakasleen Unibertsitate Eskolan

Abenduaren 22ko sariketako irabazleak Euskararen eta Etengabeko Prestakuntzaren arloko Errektoreordearekin

“Euskara eta unibertsitatea” saioaren bideoa

“Euskara eta unibertsitatea” saioaren bideoa irakurtzen jarraitu

"Euskara eta unibertsitatea" saioaren irudiak

2015ean, EHUko giza, gizarte eta hezkuntza zientzietako hainbat irakaslek eta ikertzailek, Euskampus ekimenaren laguntzaz eta partaidetzaz, sare bat osatu genuen euskal hiztun aktibo eleanitzak sortzea  leloaren inguruan. Funtsean, euskararen erabilera da identifikatu genuen erronka. Urriaren 8an, Unibertsitatea eta Euskararen arteko erlazioaz bildu ginen debate bat burutzeko Gipuzkoako campusean. Hauek izan ziren gonbidatu nagusiak:

  • Jon Zarate (EHUko errektoreordea)
  • Maite Zelaia (EHUko errektoreordea)
  • Estitxu Garai (EHUko irakaslea)
  • Oihana Barrenetxea (EHUko Medikuntzako 4. mailako ikaslea)
  • Oihana García (Elhuyar)
  • Gilen Santiso (Doimak)
  • Aitor Montes (Osakidetza)
  • Joxe Begiristain (CAF)

Saioan bertan bideo bat grabatu genuen eta laster argitaratuko dugu. Bitartean, Pernan Goñi artistak zuzenean egindako marrazkiak (graphic-recording delakoa) partekatzen ditugu hemen, erabilgarriak izango direlakoan. “Euskara eta unibertsitatea” saioaren irudiak irakurtzen jarraitu

Hiztun Aktiboak Unibertsitatean #2: Nazioarteko Ibilbideak. Mans Hulden

Mans Hulden irakasle eta ikerlari euskalduna

Mans Hulden, jaiotzez finlandiarra den irakasle eta ikerlari euskalduna. Koloradoko (AEB) unibertsitatean egiten du lan eta bere ikerketa-lanaren emaitza Xuxen zuzentzaile ortografikoaren tripetan erabiltzen da. Zergatik ikasi zuen Euskara Mans-ek? Zertarako balio izan dio? Erantzun horiek eta beste batzuk goiko bideoan.

UPV/EHUko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateak Bikain ziurtagiria jaso du

Eusko Jaurlaritzak kudeatzen duen Bikain ziurtagiria jaso berri du Euskal Herriko Unibertsitateko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateak. Ziurtagiri honek enpresa nahiz erakunde batean euskararen presentzia, erabilera eta kudeaketa egiaztatzen du. Orain arte enpresetan bakarrik aztertzen zen hori, baina iaz unibertsitateko ikastegiekin ere hasi ziren. Honela, Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatea da Euskal Herriko Unibertsitatean Bikain ziurtagiria duen bigarren ikastegia, pasa den urtean Informatika Fakultateak eskuratu ondoren.

AZPidazki: UPV/EHUk sustatutako euskaraz lan egiten laguntzeko tresna

AZPidazki euskaraz lan egiten laguntzeko tresna bat da, UPV/EHUk sustatua.  2004an sortu genuen lehen bertsioa, eta harrezkero hainbat aldiz berritu, eguneratu eta hobeto dugu. Baina hainbeste urteren ondoren, berrikuntza sakonagoa eskatzen zuen eta horixe egin dugu oraingoan: erabat aldatu dizkiogu itxura eta edukiak (adibidez, lehen ez zeuzkan tresna batzuk erantsi dizkiogu: data eta ordua idaztekoak, zenbakiak  idaztekoak, itzulpen-memoriak… .

Tresna hurrengo estekan aurkituko duzue: http://azpidazki.ehu.eus/azpidazki/default.aspx#

Ondorengo estekan daukazue bideo tutoriala: https://ehutb.ehu.eus/video/59522882f82b2bbb608b4d32

Ahots Baten sormen egonaldian

UPV/EHUko hainbat kide (Jon Zarate, Antonio Casado, Jone Miren Hernandez, Jaime Altuna…) bildu gara Zestoan gaur Ahots Baten sormen egonaldia egiten ari diren 42 gazte eta 6 begiraleekin.

Euskarazko ahots sorkuntzako diziplina ezberdinak biltzen dituen egonaldia da Ahots Baten. Euskarazko ahots sorkuntzan dabiltzan gazteak elkartzeko, beren artean harreman sareak egiteko eta adierazpide ezberdinak esperimentatzeko helburuz sortu du Mintzola Ahozko Lantegiak, elkarte ezberdinen elkarlanaren bidez. Eneko Sagardoy aktorea, Miren Artetxe eta Unai Agirre bertsolariak, Ines Osinaga musikari eta abeslaria eta Eider Rodriguez idazlea izan dira aurtengo gonbidatuak.

EHUkulturarekin batera, horrelako ekimenekin nola bat egin ari gara aztertzen, unibertsitatean ere antzeko dinamikak zabaltzeko.

Euskaraz erizaintzari hitza eta doinua jarriz

Morau da Andoni Tolosaren goitizen artistikoa da. Hernaniko kantautoreak “gizartearen kronistatzat” du bere burua, eta ironiaz eta samurtasunez beteriko kantuak plazaratu ditu orain arte grabatu dituen sei diskoetan. Abenduaren 4an, Medikuntza eta Erizaintza Fakultatean, Donostian, Euskararen Eguna ospatzeko Gipuzkoako Campusak antolatu duen programaren barruan, bere azken lana aurkeztu du.

Kantuen eta anekdoten bidez, Alzheimerrekiko bere amaren ibilbidea kontatu die bertaratuei, eta, bide batez, erizaintzarekin lotutako gaiak jorratzeko aukera izan dute, senitartearen eta zaintzailearen ikuspuntutik, hala nola diagnosiaren ondorioak, minaren eta zaintzaren gorabeherak, edo heriotzaren aurrean bizi izandako pasadizo hunkigarriak.

Hiztun Aktiboak Unibertsitatean #1: Nazioarteko Ibilbideak

Margaret Bullen-en (UPV/EHU) eta Mikael Karlsson-en (U. of Iceland) arteko elkarrizketa

Maggie eta Mike: bi akademiko, irakasle eta ikertzaile, unibertsitate kudeaketan ere lan egin dutenak. Antropologoa eta filosofoa. Ingelesa lehen hizkuntza izan arren, biek ikasi eta egunero erabiltzen dute ustez “txikia” den beste hizkuntza bat, unibertsitate eleanitz batean: islandiera, Mikeren kasuan; euskara, Maggierenean. Biak elkartu dira Euskal Herriko Unibertsitatean, HEFA Fakultatean, beren eskarmentuaz hitz egiteko. Solasaldi honetan hainbat gai garrantzitsu jorratuko dituzte: besteak beste, hizkuntzak nola eta zergatik ikasi, Islandiaren eta Euskal Herriaren arteko antzekotasunak eta ezberdintasunak, Europan hizkuntza eskubideak nola ulertu eta babestu, ingelesaren aurrean hizkuntza aniztasuna nola defendatu, hizkuntza gutxituen status publikoa eta gizarteari ekarpena, irakasle elebidunak ahalduntzeko trikimailuak, ikerkuntza ebaluatzeko sistemak eta irakaskuntza hobetzeko proposamenak…