AZPidazki: UPV/EHUk sustatutako euskaraz lan egiten laguntzeko tresna

AZPidazki euskaraz lan egiten laguntzeko tresna bat da, UPV/EHUk sustatua.  2004an sortu genuen lehen bertsioa, eta harrezkero hainbat aldiz berritu, eguneratu eta hobeto dugu. Baina hainbeste urteren ondoren, berrikuntza sakonagoa eskatzen zuen eta horixe egin dugu oraingoan: erabat aldatu dizkiogu itxura eta edukiak (adibidez, lehen ez zeuzkan tresna batzuk erantsi dizkiogu: data eta ordua idaztekoak, zenbakiak  idaztekoak, itzulpen-memoriak… .

Tresna hurrengo estekan aurkituko duzue: http://azpidazki.ehu.eus/azpidazki/default.aspx#

Ondorengo estekan daukazue bideo tutoriala: https://ehutb.ehu.eus/video/59522882f82b2bbb608b4d32

Ahots Baten sormen egonaldian

UPV/EHUko hainbat kide (Jon Zarate, Antonio Casado, Jone Miren Hernandez, Jaime Altuna…) bildu gara Zestoan gaur Ahots Baten sormen egonaldia egiten ari diren 42 gazte eta 6 begiraleekin.

Euskarazko ahots sorkuntzako diziplina ezberdinak biltzen dituen egonaldia da Ahots Baten. Euskarazko ahots sorkuntzan dabiltzan gazteak elkartzeko, beren artean harreman sareak egiteko eta adierazpide ezberdinak esperimentatzeko helburuz sortu du Mintzola Ahozko Lantegiak, elkarte ezberdinen elkarlanaren bidez. Eneko Sagardoy aktorea, Miren Artetxe eta Unai Agirre bertsolariak, Ines Osinaga musikari eta abeslaria eta Eider Rodriguez idazlea izan dira aurtengo gonbidatuak.

EHUkulturarekin batera, horrelako ekimenekin nola bat egin ari gara aztertzen, unibertsitatean ere antzeko dinamikak zabaltzeko.

Euskaraz erizaintzari hitza eta doinua jarriz

Morau da Andoni Tolosaren goitizen artistikoa da. Hernaniko kantautoreak “gizartearen kronistatzat” du bere burua, eta ironiaz eta samurtasunez beteriko kantuak plazaratu ditu orain arte grabatu dituen sei diskoetan. Abenduaren 4an, Medikuntza eta Erizaintza Fakultatean, Donostian, Euskararen Eguna ospatzeko Gipuzkoako Campusak antolatu duen programaren barruan, bere azken lana aurkeztu du.

Kantuen eta anekdoten bidez, Alzheimerrekiko bere amaren ibilbidea kontatu die bertaratuei, eta, bide batez, erizaintzarekin lotutako gaiak jorratzeko aukera izan dute, senitartearen eta zaintzailearen ikuspuntutik, hala nola diagnosiaren ondorioak, minaren eta zaintzaren gorabeherak, edo heriotzaren aurrean bizi izandako pasadizo hunkigarriak.

Hiztun Aktiboak Unibertsitatean #1: Nazioarteko Ibilbideak

Margaret Bullen-en (UPV/EHU) eta Mikael Karlsson-en (U. of Iceland) arteko elkarrizketa

Maggie eta Mike: bi akademiko, irakasle eta ikertzaile, unibertsitate kudeaketan ere lan egin dutenak. Antropologoa eta filosofoa. Ingelesa lehen hizkuntza izan arren, biek ikasi eta egunero erabiltzen dute ustez “txikia” den beste hizkuntza bat, unibertsitate eleanitz batean: islandiera, Mikeren kasuan; euskara, Maggierenean. Biak elkartu dira Euskal Herriko Unibertsitatean, HEFA Fakultatean, beren eskarmentuaz hitz egiteko. Solasaldi honetan hainbat gai garrantzitsu jorratuko dituzte: besteak beste, hizkuntzak nola eta zergatik ikasi, Islandiaren eta Euskal Herriaren arteko antzekotasunak eta ezberdintasunak, Europan hizkuntza eskubideak nola ulertu eta babestu, ingelesaren aurrean hizkuntza aniztasuna nola defendatu, hizkuntza gutxituen status publikoa eta gizarteari ekarpena, irakasle elebidunak ahalduntzeko trikimailuak, ikerkuntza ebaluatzeko sistemak eta irakaskuntza hobetzeko proposamenak…