[.eus] Abenduak 2, gaur egungo UPV/EHUren enbrioia izan zen 1936ko Euzko Irakastola Nagusia gomutatzen duen “Barrualde argiztatuak” izeneko eskultura inauguratu da Leioako Campuseko Bibliotekako hall-ean. Eskulturaren egilea Angel Garraza da, Arte Ederren Fakultateko irakasle eta nazioarte mailan izen handia duen artista.
“Barrualde argiztatuak” eskultura bost metroko luzera duten bi elementu bertikalez osatuta dago. Antzeko ezaugarriak dituzte elementu biek, baina desberdinak dira kolorea, tratamendua eta azaleraren alterazioari dagokionez. Pieza biak gresez eginda daude (bata, beltz karbonazioa eta, bestea, gres zuria). Norabide bertikalean, denboraren iragana deskribatzen da, lau urte-sasoien igarotzearen bitartez (negua, udaberria, uda eta udazkena). Elementu bien goi aldean bolumen argiztatu bi daude, burmuin argiztatu bi irudikatuz. “Momentu bi, historiako pasarte bi gogoratzen dituzte burmuin horiek. Eta argiak, unibertsitatearen oinarrizko eginkizuna gogoratzen du, hau da, jakintzaren faro argitsua izatea”, azaldu du Garrazak.