Lehia estrategiaren analisia farmazeutikoa bezelako high tech sektoreetan

Julen Castillo Apraiz eta Jesús Matey de Antonio Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) ikertzaileek Wileyren partetik sari bat jaso dute 2020/2021 epealdian Managerial and Decision Economics aldizkarian argitaratutako “Customizing competitive strategy to entry timing: Implications for firm performance in the pharmaceutical industry” izeneko lanak jasotako aipamen kopuruagatik.

Funtsean, lanak lehia estrategiak enpresa jardunean duen eragina aztertzen du. Eragin hori farmazia sektorean aztertzen duen literatura urria da. Gainera, ez dago azterketa askorik lehia estrategia enpresaren sarrera unearen mende zenbateraino dagoen aztertzen duenik. Hori dela eta, ikerketa honek Alemaniako industria farmazeutikoa du ardatz (baita “munduko farmazia” izenez ezaguna dena), nahikoa heterogeneoa dena enpresek erabiltzen dituzten estrategiei dagokienez, eta zuzendari exekutiboen 200 erantzunetan oinarritzen da. Datuak Partial Least Squares Structural Equation Modeling (PLS-SEM) teknika erabiliz aztertu ziren, gero eta gehiago erabiltzen dena hainbat arlotan.

Bereizte-estrategiak enpresaren jardunean eragin positiboa duela ondorioztatu da. Hau bereziki zuzena da berrikuntzaren garrantzia izugarria den sektoreetan, esate baterako industria farmazeutikoa. Ordea, kostuen lidergo-estrategiak ez du eragin positiborik enpresa-jardunean. Estrategia hori nagusitzen da eta eraginkorragoa izan ohi da ingurune egonkorretan, eta ez, ordea, high-tech sektoreetan, hala nola sektore farmazeutikoan. Horrela, gure lanak gaitasun generikoaren paradoxa izeneko fenomenoa babesten du.

Bestalde, arlo horretako ikerketa asko kontingentzia ikuspegia hartzen ari dira oinarritzat. Horrela, erreferentzia gisa sarrera-unea hartzen da eta analisian sartzen da. Harremanak testuinguruan kokatu ondoren, ondorioztatzen da bereizte-estrategiak ez duela eragin handiagorik aitzindarien jardunean jarraitzaileen jardunean baino. Ildo horretan, farmazia industriaren ezaugarri bereziak garrantzitsuak dira emaitzak interpretatzeko orduan; adibidez, markako farmakoak eta horien ordezko generikoak ordezko perfektutzat ez hartzea. Ondorioz, jarraitzaileei produktu edo zerbitzu bakar edo handiagoa sortzeko eskatzen zaie, prezioak neurri handi batean araututa dauden eta bezeroak prezioekiko oso sentikorrak ez diren industria batean erosleak erakartzeko. Beraz, aitzindariek ez ezik, jarraitzaileek ere bezeroaren balioan arreta jartzeko konpromisoa hartu behar dute, zerbitzu on batek babestutako kalitate handiko produktuak eskainiz.

Etorkizuneko ikerketei begira, estrategiaren eta jardunaren arteko erlazioan beste aldagai moderatzaile batzuk sartzeko gonbitea luzatzen zaie ikertzaileei, beste teoria batzuk erreferentziatzat hartuta, hala nola Resource Based View teoria (RBV) edo gaitasun dinamikoen teoria. Era berean, azterketa beste herrialde eta testuinguru batzuetan errepika liteke, eta harremanek nola jokatzen duten aztertu. Azterlanean sar litezke, halaber, aldagai bitartekarien azterketa edo bi estrategien arteko erlazioa. Azkenik, erlazioen azterketa longitudinala egitea ere egokia litzateke.

Lanaren erreferentzia osoa honako hau da:

Castillo‐Apraiz, J., & Matey, J. (2020). Customizing competitive strategy to entry timing: Implications for firm performance in the pharmaceutical industry. Managerial and Decision Economics41(6), 976-985.

Hemen lor daiteke lana.

Deje una respuesta

Puedes utilizar estos tags HTML

<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>