Enpresa Institutuak eta FESIDEk urteurrenak ospatu dituzte I. Emilio Soldevilla Sariak banatzeko ekitaldian

EHUko Ekonomia eta Enpresa Fakultateko Ikasgela Nagusian (Sarriko) Enpresa Institutuaren 60. urteurrena eta FESIDE Fundazioaren 25. urteurrena ospatzeko ekitaldia egin da. Akademiako, enpresako eta erakundeetako ordezkariak bildu dira, bai eta Enpresa Institutuarekin eta FESIDEren jarduerarekin lotutako graduondoko programetako ikasle ohiak ere, helburu partekatu baten inguruan: ezagutza aplikatuaren balioa eta horrek gizartean duen eragina indartzea.

Joxerramon Bengoetxea EHUko errektorea buru izan duen ekitaldian Institutuaren sei hamarkadako ibilbidea aintzat hartu eta FESIDEk ikerkuntzarekin eta talentu berriarekin duen konpromiso ospatu dute.

 

Unibertsitatearen, enpresaren eta erakundeen arteko elkarrizketa

Programaren ardatz nagusietako bat Covadonga Aldamiz-echevarría Enpresa Institutuko zuzendariaren eta Arturo Rodríguez FESIDEko presidentearen arteko elkarrizketa izan da, Pilar Kaltzada kazetariak moderatuta. Biek nabarmendu dute Emilio Soldevilla irakaslearen lana —FESIDEren sortzailea ez eziki, Enpresa Institutuaren bultzatzaile gakoa izan zen—, eta gogoeta egin dute Enpresaren Ekonomiaren bilakaeraz eta egungo erronkez, eraldaketa teknologikoa, jasangarritasuna eta enpresa antolaken aldaketa sakonak gertatzen ari diren testuinguruan.

Aldamiz-echevarríak adierazi duenez, “Institutua bokazio aplikatuarekin sortu zen, eta identitate horrek indarrean jarraitzen du: ikertzea, enpresaren errealitatea hobeto ulertzeko eta hobetzen laguntzeko”.

Bestalde, Rodriguezek adierazi duenez, “FESIDEk 25 urte bete ditu ikerketa-bikaintasunarekin eta gazteen talentua bultzatzearekin duen konpromisoa berretsiz, enpresa-kudeaketaren etorkizuna zorroztasun akademikotik eraikitzen baita”.

Ondorengo mahai-inguruan, Ainara Basurko Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko diputatuak, Adolfo Rebollo Ingeteam-eko zuzendari nagusiak eta Aitziber Lertxundi Enpresa Institutuko idazkari akademikoak parte hartu dute, eta lehiakortasunaren, berrikuntzaren eta lankidetza publiko-pribatuaren erronka estrategikoei buruz jardun dute. Ezagutza zientifikoa, enpresen lehiakortasuna eta politika publikoak osatzen dituzten ardatz hirukoitza ekonomiaren eta gizartearen garapenaren erdigunean daudela azpimarratu dute.

 

Emilio Soldevilla I. Sarien banaketa

Ekitaldiaren une gorena Emilio Soldevilla I. Sarien banaketarenkin heldu da, Enpresaren Ekonomian estatu osoan defendatu diren Doktorego Tesi Onenaren aitortzarekin.

Emilio Soldevilla 2026 Saria Pau Sendra Ponsek irabazi du, bere doktore-ikerketaren bikaintasuna eta ekarpena aitortzeko.

Ohorezko Aipamena Aitor Marcos Díazek jaso du, bere tesiak Enpresaren Ekonomiaren arloan duen kalitateagatik eta garrantziagatik.

Ekitaldian, Juan Carlos Ayala epaimahaiburuak ere hitza hartu zuen, aurkeztutako hautagaitzen sendotasuna eta saritutako lanen eragin potentziala azpimarratzeko, eta eztabaida-prozesuaren zailtasuna azpimarratu zuen.

Sariak 7.000 euroko zuzkidura du, eta datozen edizioetan ere goraka doan talentu ikertzailea bultzatzeko ildo berri bat finkatzen du, Soldevilla irakaslearen izena daraman Fundazioaren nortasunarekin lerrokatuta. Duela 25 urte sortu zen bikaintasun akademikoarekiko konpromisoaren ondarea berritu eta zabaldu egingo du sariak.

 

Etorkizuneko begirada duen urteurrena

Ekitaldia amaitzeko, EHUko Abesbatzaren emanaldia izan zen — Unibertsitatearen ereserki berria jendaurrean lehen aldiz interpretatuz — eta ondoren, mokadu bat hartuz, bertaratuek iritziak partekatu eta promozioen, ikertzaileen eta enpresako profesionalen arteko loturak sendotu ahal izan zituzten.

Ospakizunaz gain, jardunaldiak hurrenez hurren 60 eta 25 urte bete dituzten Enpresa Institutuaren eta FESIDEren helburuak biziberritzeko balio izan du: enpresa-ezagutza eta aurrerapen ekonomiko eta sozialera bideratutako ikerketa bat sustatzen jarraitzea.

Bideoa eta argazkiak.

Deje una respuesta

Puedes utilizar estos tags HTML

<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>