Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako bloga/ Blog de la Escuela de Ingeniería de Gipuzkoa

Egutegia/ Calendario

Septiembre 2014
L M X J V S D
« Ago   Oct »
1234567
891011121314
15161718192021
22232425262728
2930  

Twitter

Dotoretasun birziklatua

Tytti Thusberg
Artista eta diseinatzailea

Maiatzaren 28an Madrilera joan nintzen “Diseña para reciclar” Ecoembes-ek antolatutako enpresentzako jardunaldira. Jardunaldi honen irekiera Mª José Delgadok egin zuen, Magramako Hondakinen Zuzendariorde Nagusi denak (Espainiako Ministerio de Agricultura, Alimentación y Medio Ambiente). Bere hitzetan, birziklatzea ez da aukera, Europako arauditik dator, eta arrazoiak ulertzeko, datuak ezagutu besterik ez dugu egin behar. Adibide gisa, urtero Europan 3 bilioi tona hondakin sortzen ditugu, eta 2020an kopuru hau %45  igotzea (OCDEn arabera) espero da. Euskal Autonomia Erkidegoan ere kopuruak deigarriak dira, 2012an milioi bat tona hondakin sortu baikenuen.

Ecoembeseko jardunaldian argi geratu zitzaidan enpresak lana egiten ari direla hondakinak murrizteko eta beraien birziklapena sustatzeko. Ikerkuntzari esker, adibidez, botilen pisua murriztu egin da diseinua aldatzeagatik, eta ondorioz, lehengai gutxiago erabili behar da. Sailkapen-zentroetan botilen errekuperatze-tasa altuak lortzeko, beste hainbat ezaugarri ere kontuan hartzen dituzte diseinatzeko garaian, hala nola, kolorea, etiketaren materiala eta tamaina, etiketaren itsasgarria, tapak ekoizteko materialak eta gehigarriak.

Gure Eskolako edukiontzi horietan botatzen duguna Urnietako sailkapen-zentrora bidaltzen dute, eta handik, materialak banandu ondoren, zenbait enpresatara bidaltzen dituzte. Horietako bat Stora Enso da, Bartzelonan kokatua, eta han tetra brickak osatzen dituzten materialak banandu ondoren, alde batetik aluminioa eta bestetik energia isolatzea lortzen dute. Lortutako aluminioa edozein erabileratarako prest dago eta beste lata edo brick batean topatuko dugu berriro. Hau da ekonomia zirkularraren oinarrietako bat: ez dago zaborrik, materialak baizik.

Azken urteetan material berriak sortzen ari dira; adibidez, gure Eskolako ‘Materialak+Teknologiak’ ikerkuntza-taldeak 25 urte daramatza helburu horrekin, eta azken 10 urteetan iturri berriztagarrietatik lortutako materialen ikerkuntzan ere lan interesgarriak egin ditu zenbait enpresekin. Horietako bat, adibidez Traysrenew proiektu europarra dugu, non helburua izan den, alde batetik, jakientzako bandejak ekoiztea iturri berriztagarrietatik lortutako materialak erabiliz, eta, bestetik, hortik sortutako hondakinak konpostagarriak izatea.

Baina, zerbait gehiago egin al dezakegu gure eguneroko bizitzan sortzen ditugun hondakin/materialekin? Tytti Thusberg ezagutu arte uste nuen ezetz, baina muga gure buruan dagoela argi geratu zitzaidan bere obrak ikusi ondoren. Ziur gogoratuko zarela Eskolan egindako “Hondakinen gaikako bilketa” erakustaldiaz, non bere lana ikusteko pribilegioa izan genuen. Baina, nola iristen da horrelako diseinuak sortzera? Non aurkitzen da etorri handi hori?

Vestido diseñado por Tytti Thusberg“Dena Finlandian hasi zen, nire jaioterrian. Bertan, Diseinuko Goi Mailako ikasketak bukatzean, proiektu bat egin nuen ekodiseinuan oinarrituta eta artilea erabiliz material gisa. Sortzeko metodoari eta diseinuari esker, zenbait lehiaketatan entzutea lortu nuen; horien artean aipagarriena SIFA (Smirnoff International Fashion Awards), non Finlandiako irabazlea eta nazioarteko finalista izan nintzen.

Donostiara etorri nintzenean, pixkanaka beste lan batzuekin hasi nintzen; besteak beste, hondakin-materialak erabiliz diseinuak sortu nituen. 2004an Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru-laguntza lortzeak  bultzada eman zion nire proiektuari, MODA GELDOA-SLOW FASHION deitzen dudanari, eta proiektu beronekin jarraitzen dut egun.

Nire lanek beti izan dute atzetik ikuspuntu etikoa; ez dut moda ulertzen beste era batera. Slow Fashionaren manifestuan laburtzen da nire lan egiteko era: diseinatzaileek ez dute denboraldiaren arabera lan egingo, baizik eta zerbait esan behar dutenean eta prest daudenean, betiere kontuan hartuz moda etikoa eta ekologikoa izan behar duela, eta ekoizpenaren prozesua lokala. Kontsumitzaileen ikuspuntutik, gutxi erosi baina berezia eta jarauntsi daitekeena, diseinu atenporala eta bakoitzaren pertsonalitatearekin lotuta. Zintzoa izan produkzioarekin eta bidezkoa erosketekin. Hau da, nire helburua iraun dezan moda da.

Irudian dagoen diseinua, adibidez, mertzeria baten jabeak denda ixtean eman zizkidan panty erabilezin pila batekin ideia desberdinak probatu ondoren, moztu eta forma eman ondoren sortutakoa da. Orokorrean, horrela izaten da, materialak eskuratzeko aukera daukadanean ideiak probatzen ditut eta diseinuak edo obrak sortzen ditut.

Lan honen merkatuari dagokionez, gero eta handiagoa da. Adibidez, alde batetik automobiletan erabiltzen diren segurtasun-uhalekin poltsak egiten ditut. Bestetik, enkarguak izaten ditut, adibidez Chocolates Valorretik enkargu bat iritsi zait zenbait obra beraien produktuen bilgarriak erabiliz egiteko. Beste obra batzuk ere egiten ditut, orokorrean saltzen ez ditudanak, adibidez, Eskolan jarritako diseinuak, edota irudikoa. Horiek, pasareletan eta erakustaldietan aurkezten ditut”.

Tyttiren lana materialen eta modaren iraunkortasunean oinarrituta dago. Gure bizitzaren arlo askotan erabil dezakegu bere lan egiteko era, horietako bat, birziklatzea, lehenengo urratsa dena gure hondakinek Lurra kutsatu ordez materialak berrerabiltzeko eta lehengaien eta energiaren kontsumoa murrizteko. Eskolan aukera daukazu, zuk aukeratu.

Cristina Peña Rodriguez,
Ingeniaritza Kimikoa eta Ingurumenaren Ingeniaritza Saila

 

Debe estar identificado para dejar un comentario.