Canadatik, Torontotik, ikasle ohi baten aholkuak

Unai Cabezon Torontora joan da bideojokoen inguruko masterra egitera. Hainbat gogoeta eta aholku bidali dizkigu bertako ikasleei interesgarriak irudituko zaizkien esperantzan. Horrela hasi du bere mezua:

“Kanadan nago, Toronton, gutxienez urte oso batez, Bideojokoen Diseinurako Master bat egiten!
Momentuz primeran nago, negua iritsi arte behintzat! Pozik nago nire ikasketetan gehien gustatzen zaidanerantz pausu bat gehiago eman izanagatik…”

Bere irakasle izandako Kepa Sarasolari idatzi dio eta bere esperientzia ikasleengana iristea nahi duela esan dio:

“ez soilik informatzearren, baizik eta informazio hau kanpora joan nahi duten edota bideojokoei buruz ikasi nahi duten Fakultateko ikasleei begira”

Bere ikasketen inguruko kezkak zeuzkan…

“nire trebetasunak nahikoa izango ez ote ziren beldur nintzen, Ingeniaritza Informatikan arlo askotako ezaguerak eman baitizkit, baina… arlo batzuetan espezializaziorik ez nuen. Hala ere, Bideojokoen Diseinura nire curriculumarekin etortzea nahikoa izan da; espero dutenaren mailan dago.”

Beste ezagutza eta alorretako jendearekin elkarlanean ari da, informatikarien patua!

“2D artistak, modelatzaileak, animatzaileak, publizitate diseinatzaile bat, idazle profesional bat eta ingeniari zibil bat ere daude. Beraz, ez da beharrezkoa denetarik jakitea, nik uste bezala, baizik eta elkarren artean bakoitzaren trebetasunak aprobetxatzen ditugu.”

Fakultatean landutako gaiak baliagarri izango dituela uste du orain, ikasten ari zen bitartean ez zuen halakorik uste ordea.

“karreran zehar ikasitako oro gerta liteke erabilgarri. Daramagun denbora gutxian, izan ditugun jokoen ideietan, Algoritmo Genetikoetatik, Lengoaia Naturalaren Prozesamendura arte erabiltzeko aukera izango genuke (proiektuak aurrera joango balira, noski). Nire duela hilabete batzuetako “ni”-ari bidaliko nioken mezu bat hori bera da: ez uste trebetasun nahikoa ez duzula, nahikoa baita karreran zehar asko ikasi izanarekin, eta gustatzen zaizuna jarraitzea gogotsu.

Informatikariak eta programatzaileak errespetuz ikusten omen dituzte:

“Bideojokoetan edo beste edozein arlotan, programatzaileei beste begi batzuekin begiratzen gaituztela iruditzen zait. Informatika zailagoa kontsideratuko balute bezala gure lana gehiago baloratzen dela iruditu zait, eta ez Espainiako hainbat enpresetan egiten dutena.”

Kanpora joateak ikasitakoa neurtzeko balio izan dio:

“Beno, atzerrira ikastera etorri nahi duten Fakultateko ikasleei animoak eman nahi dizkiet hemendik. Esperientzia handi bat izateaz gain, ikasitakoa frogatzeko aukera on bat da.”

Azken aholkua: Ingelesez ongi hitz egitea ezinbestekoa da… Toronton behintzat!

“Komunikatzeko beharrezkoa izateaz gain eta ate asko irekitzeaz gain, guztiz beharrezkoa da ondo hitz egitea maila akademiko honetan edozer ikasteko. Masterra egiteko, Cambridge-eko Proficiency-aren maila eskatzen zidaten (hau da, C2, maila gorena); edo hemen kurtso eta azterketa batzuk egin behar izatea. Hori ere ez da nahikoa klaseak ulertzeko. Klasekide txinatar bat beste programa batera joan da, klaseak ezin baitzituen jarraitu hizkuntza dela eta. Klasekide indiar batek ez du erdia ere ulertzen eta beti dabil niri galdezka, ondoan esertzen bainaiz. Eta klasekide brasildar batek ondo ulertzen du, nahiz eta ni baino maila baxuagoa izan, dagoeneko 9 hilabete daramatzalako Toronton.”

Bere ikaskideen maila orokorrean nahiko ona dela esan arren batxilergoan ez omen da beti beharrezko maila lortzen:

“Nire EHUko klasekideen ingelesa maila beste karreretako lagunena baino altuagoa bazen ere… First maila ere nahikoa ez dela deritzot — eta Batxilergoan horretara ere ez da iristen.”

Bukatzeko, Fakultateko ikasleei laguntzeko eskaintza egin du. Inork laguntza hori erabili nahi badu Keparekin harremanetan jar dadila.

Gure aldetik eskerrak eman nahi dizkiogu Unairi bere esperientzia kontatu izanagatik.
Mila esker Unai!

3 iruzkin honentzako: Canadatik, Torontotik, ikasle ohi baten aholkuak

Erantzuna idatzi

 

 

 

HTML etiketa hauek erabil ditzakezu

<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>