Familiaren irakurzaletasuna eta emaitza akademikoak

Intuizioz, susmatzen dugu etxean irakurtzeko zaletasuna bada, haurrek emaitza hobeak izango dituztela eskolan. Irakurtzen duen familiak kulturarekiko kezka duela esan nahi duelako, irakurtzeak berak jakintza zabaltzen duelako edo, besterik gabe, irakurtzea maila intelektual jakin baten seinale izanik, genetikoki edo haurrek emaitza hobeak izango dituztelako, baina iruditzen zaigu halako harremanik badela etxean irakurtzearen eta eskolako emaitzen artean.

Iturria: Flickr - CC-by robtxgal

Family Reading time – CC-by robtxgal

 

Intuizio hori ikerketa bidez oinarritzea, baina,  korapilotsua da, faktore asko daudelako tartean eta ondorioz, zaila da faktore gakoak identifikatzea. Walter García-Fontes ikertzaileak modu berezi bat proposatu du faktore hauek aztertzeko: analisi ekonomikoak egiteko erabiltzen diren metodoak aplikatzea PIRLS 2011 nazioarteko irakurketa galdeketa analizatzeko.

 

ZER DA PIRLS?

PIRLS irakurle gazteen gaitasunaren eboluzioa ebaluatzeko nazioarteko galdeketa da,  IEA  elkarteak antolatzen duena. IAE hezkuntza lorpenak ebaluatzeko nazioarteko elkartea da, ikerketarako gobernu agentzia eta erakundeek osatzen dutena (International Association for the Evaluation of Educational Achievement). 48 herrialdetako Lehen Hezkuntzako 4. mailako eta DBHko 2. mailako ikasleek hartzen dute parte.

Euskal Autonomia Erkidegoan, ISEI-IVEI institutua arduratzen da proba honen itzulpenaz eta kudeaketaz. Esteka honetan ikus daitezke proba honen inguruko xehetasunak euskaraz: http://www.isei-ivei.net/eusk/timss/indextimsse.htm

 

ZER DIO EMAITZEN ANALISIAK FAMILIAREN IRAKURZALETASUNAREN ERAGINAZ?

Walter García-Fontes ikertzaileak familiaren irakurketa ohiturek haur-gazteen emaitza akademikoetan duten eragina aztertu nahi izan du,  PIRLS 2011 galdeketako emaitzetan jasotzen diren datuen analisi ekonomikoa eginez. Bi datu aztertu ditu arretaz: gurasoek haurrekin egiten dituzten irakurketa-jarduerak eta gurasoek beraiek duten irakurketa ohitura. Bi datu hauek hautatu ditu gurasoek bi modutara izan dezaketelako nagusiki eragina beren haurren garapenean: zuzenean eraginez edo eredu/modelaje bidez.

Iturria: Flickr - CC - by montereypubliclibrary

Read at Home! CC-by Monterey Public Library

Bere ondorioen arabera, eragin esanguratsu positiboa dago etxean irakurtzeko ohituraren eta emaitza akademikoen artean. Batezbeste, irakurketan inplikatzen diren gurasoak dituzten ikasleek portzentualki 10 puntu aurreratzen diete ohitura hori ez duten gurasoak dituzten ikasleei.

 

Baina emaitza interesgarriena da gurasoen irakurzaletasunak ez duela horrenbesteko eraginik eta bai haurrekin batera egiten diren irakurketa-jarduerek. Horregatik, gurasoak oso irakurzale izan gabe ere, haurrekin irakurketa momentuak partekatzeak garrantzi handia izan dezake haurraren garapen akademikoan.

 

Ikerketa osoa Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioaren webgunetik deskarga daiteke (gaztelaniaz): http://www.mecd.gob.es/inee/Documentos-de-trabajo/PIRLS_TIMSS_5.html

Comments are closed.