O Apostolo filmaren emanaldia Tribu 2.0 sareari esker!

ZINEMARAKO GONBITEA

Bihar, urriak 31, O Apostolo filma ikusteko gonbitea luzatu digu Tribu 2.0 zinema eta hezkuntza sareak, eta gu txoratzen halako ekimenari gure ekarpentxoa egitearren!

 

Donostiako Irakasleen Unibertsitate Eskolan izango da emanaldia, areto nagusian, eta ordutegiekin arazorik ez izateko, bi emanaldi antolatu ditugu: 9:30etan eta 17:45eanSarrera librea da eta nahi duena hurbil daiteke filma ikustera.

O Apostolo

O Apostolo hezkuntza-sareko bloga

Guk bi taldeekin parte hartuko dugu seguru: Gipuzkoako Campuseko Esperientzia Geletako lehen mailako ikasleekin (goizean) eta Lehen Hezkuntza Graduko Hizkuntzaren Didaktika irakasgaiko ikasleekin (arratsaldean).  Bi taldeek egingo dute ekarpena elkarlan proiektu ireki honetan.

 

ELKARLANA SAREAN: ESPERIENTZIEN PATCHWORK-A

Aste honetan Hizkuntzaren Didaktika irakasgaiko ikasle batek Patchwork proiektu bat proposatu du (aurrerago aurkeztuko dizuegu) eta analogia polita iruditu zait Zinema eta Hezkuntza sarean egiten ari garen lana adierazteko.

Patchwork - Flickr cc-by Net_Efekt

Tribu 2.0 sareak zinema ekoizleekin duen harremanaren ondorioz, urtero dugu filmen bat modu bereziak ikusteko aukera. Filma “legez” ikusteaz gain, ekoizleekin hitzarmen bat egiten da adibidez zinemako zuzendariak edo aktoreak eskoletara hurbiltzeko, zinema ekoizpen prozesuetara hurbiltzeko eta abar.

 

Aurten, aukera izan dugu O Apostolo filma ikusteko, eta ekoizleek besteak beste stop-motion teknikako tailer birtual bat zuzendu dute, eskola arteko laburmetraia leihaketa bat antolatu, bisitak egin… Horrek asko motibatzen ditu ikasleak, zuzenean profesionalengandik ikasten dutelako, irakasleen laguntzaz.

 

Baina sare honek duen alderdi bereziena da filmaren aitzakiaz, nork bere proposamena egiten duela, bere neurrira. O Apostolo filmaren hezkuntza blogean (irakasle arteko blogean) sartzen bazarete, ikusiko duzue ze aniztasuna dagoen proposamen eta ekoizpenetan:

http://animasoapostolo.blogspot.com.es/

 

Haur batzuen trailerrak ikusiko dituzue, filmeko soinu banda jotzen, filmean mitologia galiziarrari erreferentzia egiten zaionez, lan bikainak egin dira mitologia hori biltzen eta ilustratzen… Nork bere gustuz eta aukeren arabera egiten du sarean parte hartzeko hautua. Eta dena blogean nahasturik eta nork bere blogean lan eginez, karanbola polittak sortzen dira!

Huyan de la 8!!!!!!!!!!

Iturria: Flickr cc-by Christian Javan

 

GURE KARANBOLA

Inspirazioa Jose Antonio Fragak (@o_fragha) eta CPR Luis Vives-eko ikasleek eman ziguten, euren Diccionario Mitolóxico proposamenaz. Galiziako mitologia bilduma egin zuten haurrek eta gu horren segidan jarri ginen Gipuzkoako Campuseko Esperientzia Geletako lehen mailako ikasleekin, Lengua irakasgaian.

 

Euskal mitologiako kondaira batzuk hautatu nituen, Herio edo heriotzarekin zerikusia zutenak, eta istorioak kontatzeko testu-ezaugarriak erauzi ondoren, antzeko kondairak asmatzeko erronka bota nien taldeka. Hasieran ez zuten gogo handirik, irudimenik ez zutelakoan… baina lanean hasi eta ederki pasa zuten ipuinak asmatzen!

Hemen daude argitaratuak euren ipuinak:

 

Baina… testua, testua… zergatik ez bilatu gure istorioak nork marraztuko dituen? Eta eskaria jaurti nuen blogean:

BUSCAMOS ILUSTRADORES/AS PARA NUESTRAS HISTORIAS

Eta uneotan, lanean ari dira bai sareko irakasle batzuk eta bai eskolako haurrak asmatu ditugun euskal mitologiako pertsonaje berriak marrazten. Hementxe, inguruan, Arantzazuko Ama Ikastolako haur batzuek ere parte hartuko dute zinema emanaldian eta animatuko dira zerbait margotzera, baita CPR Luis Vives-eko haur galegoak ere! (bide batez, ikusi hemen ze gauza politak argitaratu dituzten filmeko blogean). Eta Iruña aldeko beste eskolaren batek ere parte hartuko omen… sorpresa…

 

OHITURA ZAHARRAK, ERAKARGARRI?

Beno, eta noski, ez dut oraindik aipatu baina funtsean, jarduera hauen azpian dagoen ideia da: Halloween-era makurtu gabe, egin daiteke proposamen erakargarri bat gure antzinako ohituretan oinarriturik, Herio, hildakoak eta heriotzak eragiten dituen izuak astintzeko?

 

Gure kasuan, egin dezakegu, Olentzerorekin egin zen bezala, erdi asmatuz erdi oinarrituz, proposamen dibertigarri erakargarri bat? Kontxo, euskaraz ipuin tradiziozko polit askoak ditugu benetan beldurgarriak, izango dugu ba hortik zer atera kontraproposamen bat egiteko… Azkenean, Arimen Gaua, Santu Guztien Eguna, Difuntuen Gaua… kulturalki beharrezkoak dira halako ospakizunak.

 

Polita eta azpimarratzekoa Sustatu gunean Arimen Gauaz egindako bildumatxoa. Halako zerbaitetan saiatu ginen geu ere Esperientzia Geletan, baina gehientsuenek gogoan dutena da Azaroaren Lehena berokia estreinatzeko eguna zela, egun pozgarria 🙂

sustatu_arimen gaua

http://sustatu.com/1288255187

Artikulu hori gaztelaniara pasako dut Arimas O Apostolo gure blogean argitaratzeko eta hartara, hemengo ohiturak beste leku batzuetako eskoletara iristeko, ea zer kontatzen diguten eurak beren kulturei buruz!

 

Erantzuna idatzi

 

 

 

HTML etiketa hauek erabil ditzakezu

<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>