Ulermenezko irakurketa Lehen Hezkuntzan: hiru mito deseraikitzen

Datorren irailaren 3an, irakurketaren inguruko ikastaro bat ematen hasiko gara Prest Gara 2019/2020 programaren barruan: 756 – ULERMENEZKO IRAKURKETA LEHEN HEZKUNTZAN. Hori dela eta, Dulantziko Mitxoleta Libertarioen hainbat irratsaio argitaratzen joango gara gai honen inguruan, eta hemen, blog honetan, irratsaioaren gutxi gorabeherako transkripzioa gehituko dut. Horrela, nahi duenak irakurri eta nahi duenak entzun egin ahal izango du ūüėČ Irratsaio hau Alegr√≠a Libertaria irrati librearen parte da.

Hauxe irratsaioa eta azpian, transkribapena:

Deskargatzeko, egin klik hemen

KREDITUAK

Sintonia: Mitxoleta – Eneritz Furyak
Musika: “Ez dezala mikrofonoak agindu” – Katamalo; “Gizakiak gizakia hil du” – Zea Mays; “Zenbat bide?” – Etxe

CC-by-sa-nc lizentziapeko programa, musika izan ezik. Hezkuntza helburua duen erabilera.

Haurrak irakurtzen Sevillako “Huerto del Rey Moro” gunean – Antropolog√≠a en la ciudad CC-by-nc-sa Flickr

Hasteko, maiz esaten diren hiru baieztapen deseraikitzen saiatuko naiz, honako hauek:

  1. Eskolarik gabe, haurrek ez lukete ikasiko irakurtzen.
  2. Irakurketa, zenbat eta goiztiarrago, hainbat hobeto.
  3. Ulermenezko irakurketaren ondorioz, haurrek testuko ideia nagusiak erauzteko eta testua berregiteko gai izan behar dute.

Has gaitezen lehenarekin:

1. ESKOLARIK GABE, HAURREK EZ LUKETE IKASIKO IRAKURTZEN

Ideia hau askotan erabiltzen da eskolaren ezinbestekotasuna azpimarratzeko. Ezin dugu irudikatu eskolarik gabeko mundua; alfabetatzeko ahalegin itzela egin ostean, astakeria omen da esatea eskola ez dela ezinbestekoa. Historiak, ordea, ez du baieztapen hau baliozkotzen.

Children in primary grades looking at books. Rusell Lee (Wikimedia). Public Domine.

XVIII. mendean, artean derrigorrezko eskola oso urrun zegoelarik, ¬ęirakurtzeko grina¬Ľ oso zabaldua zegoen Europa osoan. Alde batetik, diziplinatzeko irakurketa zegoen, morala, fedea, legeak, bizi-aztura egokiak eta abar hedatzekoa; eta beste aldetik, irakurketa herrikoia, gozatzekoa, lana arintzekoa, herri-istorioak eta gertakariak transmititzekoa, boteretsuei iseka egitekoa‚Ķ Irakurketa batez ere ozena zen, norbaitek ozenki irakurtzen zuen eta jendartean komentatzen zen, horrela transmititzen ziren liburu eta liburukietako edukiak. Testuinguru horretan, bi egituraketa nagusi zeuden: generoka antolatzen ziren testu koherente eta kohesionatuak; eta komunitatearen ikuskeraren arabera eratzen zirenak, pertzepzio-eskemetan oinarritutakoak (Guglielmo Cavallo eta Roger Chartier, 2004).

Bi era hauek tentsio bat eragin zuten. Agintarien interesa zen jendearen irakurtzeko modua kontrolatzea, konturatu zirelako irakurtzen jakitea arriskua zela euren botereari eusteko. Hala, ulermena modelatzeko eta testuak interpretatzeko modu kontrolatuak eragin nahi izan zituzten. Bestalde, jendeak irakurketa ez zuen edukietan zentratzen, harreman-modu bat zelako. Jendeak irakurketaren laguntzaz aitzakia zuen zenbait gairen inguruan eztabaidatzeko, edo kantuan hasteko, edo bestelako ekintzei ekiteko, eta horretarako, testuak irekiak eta dimentsioanitzak nahiago zituzten, irekiak zirenean errazago sortzen zelako haustura eta irudimena.

Martyn Lyons-ek (2004) egindako ikerketak erakusten du alfabetatzeari esker errazago hedatu zela eskola, eta ez alderantziz. Ingalaterran eta Frantzian, esate baterako, lehen hezkuntza ez zen doakoa, orokorra eta derrigorrezkoa izan 1880. hamarkadara arte, eta ordurako herrialde hauetan alfabetatzea ia erabat zegoen hedatua. Horrez gain, ikusi du nesken eskolaratzea irakurketaren feminizazioaren ondorio izan zela. XIX. mendearen hasieran abiatu zen haur literaturaren hedapena, aldiz, kode moral zorrotz bat ezartzeko eta helburu didaktikoak finkatzeko izan zen (Ilustrazioaren ideia guztiz zabaltzeko), irakurketa modu herrikoiak alboratuta.

2. IRAKURKETA, ZENBAT ETA GOIZTIARRAGO, HAINBAT HOBETO

Mikel Haranburu, Itziar Alonso-Arbiol, Nekane Balluerka eta Arantxa Gorostiagak (2008), egindako berrikusketa bibliografikotik eta haurren analisi psikologikoetatik abiatuta, adierazi dute 6 urterekin (eta ez lehenago) hasi beharko litzatekeela idazketa-prozesuak sistematikoki lantzen. Irakurketarekin lehenago ere has gaitezke, ez duelako psikomotrizitate finaren muga, baina irakurtzen irakasteko jarduerak gogaikarriak, errepikakorrak eta hainbat haurren bilakaerari lotuta goiztiarregiak badira, irakurketaren mekanizazioa sustatuko dugu irakurketa esanguratsuaren kaltetan. Ondorioz, Haur Hezkuntzan ustez aurreratzen den lana Lehen Hezkuntzan ¬ęordaintzen¬Ľ da, irakurketaren aurrean jarrera negatiboa izateagatik, irakur-estrategia desegokiak garatzeagatik eta abar.

Horrez gain, irakurketa eta, batez ere, idazketa osasuntsua garatzeko, garrantzi handia du gorputzaren garapen orekatuak. Askotan, irakurketa-ariketak gehiago dira gorputzak diziplinatzeko ariketak irakurketaz gozatzekoak baino (eserita egotea, liburua mahai-gainean kokatua…); hala izanez gero, kaltegarriak izan daitezke haurren garapenean.

Beste argumentu garrantzitsu bat da jakin badakigula ahozkotasuna garatzea beharrezkoa dela idatzizkotasunaren munduan murgildu aurretik, baita irakurtzeko trebetasuna garatzen ari denean ere. Eric Havelock-ek (1995) ondorioztatu bezala, hezkuntza modernoak erabateko lehentasuna ematen dio irakurketa eta idazketa menderatzeari, bigarren hezkuntzako ikasketak eta helduaroa prestatzeko, eta horrek kalte egiten dio ahozkotasunaren garapenari, komunikatzeko baldintza zorrotz batzuk ezartzen dituelako; horregatik, funtsezkoa da aurretik ahozkotasuna garatzea, ahozko gaitasun hori idatzizkotasunaren egituraketa zurrunaren azpian gera ez dadin.

Horrek ez du esan nahi ahozkotasuna guztiz gauzatu arte idatzizkotasunaren munduan hasi behar ez dugunik, baina oso presente eduki behar dugu idatzizkotasuna eskolako jardueren artean beste bat baino ez duela izan behar eta ez lehentasunezkoa. Hau are garrantzitsuagoa da euskararen biziberritzearen testuinguruan, uneotan ahozkotasunaren galera nabarmena dugularik, idatzizko adierazpideen aurrean (ahozkotasunaren inguruan sakontzeko, Dulantziko Mitxoleta Libertarioen 8. saioa entzun dezakezu).

3. ULERMENEZKO IRAKURKETAREN ONDORIOZ, HAURREK TESTUKO IDEIA NAGUSIAK ERAUZTEKO ETA TESTUA BERREGITEKO GAI IZAN BEHAR DUTE

Ideia hau hurrengo saioetan gehiago garatuko dudanez, hemen soilik aipamen bat egingo dut.

Aurreko bi puntuak kontuan hartzen baditugu, maisu-maistra garelarik, gure hautuek eragin handia izan dezakete haurren ulermen-gaitasunari begira, baita mundu-ikuskera eratzeko ere. Irakasle askok uste dute ondo irakurtzea testuko autoreak erabakitako ideiak erauzten jakitea dela; ondorioz, irakurtzeko modu zehatz bat lehenesten dute, modu morala edo ordenatua esango genukeena, hau da, Estatuari interesatzen zaion modua.

Irakurtzeko modu herrikoiek, ostera, erakusten digute irakurketa gainerako giza-jardueretarako beste tresna bat izan daitekeela, eta ondorioz, testuak irakurtzeko hamaika modu daudela. Haurrak beti antzerako jarduerak egitera behartzen baditugu, alegia: testua irakurri eta galderei erantzun, testuko ideiak ordenatu, testuko ideiak erreproduzitu, testuko elementu gramatikalak aztertu… orduan oso irakurketa pobrea ariko gara sustatzen. Aldiz, irakurketa jolasteko beste tresna bat baldin bada, edo isilpeko irakurketa eta ozenki egiten dena konbinatzen baditugu, irakurketa gorputz-aniztasunarekin lotzen badugu, irakurtzeko komunitate kulturaletan dagoen aniztasunarekin jolasten bagara… orduan irakurtzea munduan eta munduarekin elkarreragiteko giza-jarduera konplexua izango da.

Sakontzeko

Ezeiza, A., Encina, J. eta Rivera Martínez, S. (2019). Algunos apuntes sobre la adquisición de la lectoescritura. In A. Ezeiza eta J. Encina (koord.), Trabajando la lengua desde una perspectiva dialéctica. Algunos apuntes sobre lengua y complejidad (233-271. or.). Gasteiz (Araba): Ilusionista Sozialen Mintegia (ISM-UPV/EHU), UNILCO-espacio nómada. https://ilusionismosocial.org/mod/resource/view.php?id=953

Ezeiza, A. eta Encina, J. (2019). Oralidad, escritura y complejidad. In A. Ezeiza eta J. Encina (koord.), Trabajando la lengua desde una perspectiva dialéctica. Algunos apuntes sobre lengua y complejidad (25-41. or.). Gasteiz (Araba): Ilusionista Sozialen Mintegia (ISM-UPV/EHU), UNILCO-espacio nómada. https://ilusionismosocial.org/mod/resource/view.php?id=849

Erreferentzia bibliografikoak

Cavallo, G. eta Chartier, R. (2004). Introducción. In G. Cavallo y R. Chartier (zuz.), Historia de la lectura en el mundo occidental (15-66. or.). Santafé de Bogotá (Kolonbia): Taurus. http://pdfhumanidades.com/sites/default/files/apuntes/59_-_Cavallo%2C%20Chartier%20-%20Historia%20de%20la%20lectura%28libro%20completo%29.pdf

Haranburu, M., Alonso-Arbiol, I., Balluerka, N. eta Gorostiaga, A. (2008). Hizkuntza idatziaren didaktika Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan. Bilbo: UEU. https://www.buruxkak.eus/liburua/hizkuntza-idatziaren-didaktika-haur-hezkuntzan-eta-lehen-hezkuntzan/463

Havelock, E. (1995). La ecuación oral-escrito: una fórmula para la mentalidad moderna. In D. Olson eta N. Torrance (argit.), Cultura escrita y oralidad (25-46). Bartzelona: Gedisa. https://www.scribd.com/doc/219535374/Cultura-Escrita-y-Oralidad-David-Olson

Lyons, M. (2004). Los nuevos lectores del siglo XIX: mujeres, ni√Īos, obreros. In G. Cavallo y R. Chartier (zuz.), Historia de la lectura en el mundo occidental (539-589. or.). Santaf√© de Bogot√° (Kolonbia): Taurus. http://pdfhumanidades.com/sites/default/files/apuntes/59_-_Cavallo%2C%20Chartier%20-%20Historia%20de%20la%20lectura%28libro%20completo%29.pdf

7 iruzkin honentzako: Ulermenezko irakurketa Lehen Hezkuntzan: hiru mito deseraikitzen

  • Naiara Etxezarreta

    Ulermenezko irakurkea lehen hezkuntzan: hiru mito deseraikitzen.

    Eskolarik gabe, haurrek ez lukete irakurtzen ikasiko.
    Lehenengo mitoaren inguruan esango nuke argi dagoela hori ez dela horrela. Pertsona askok eskolara joan gabe ikasi dute irakurtzen eta ez da hain atzera begiratu behar hori horrela izan dela ikusteko, bat baina gehiagoren kasuan ziur nago beraien aiton-amon edo birraiton-birramonen kasua dela.
    Bestalde, esan behar dut, gaur egun eskolarizatua egotea beharrezkoa denez, gurasoek eskolaren eskutan uzten dutela irakurtzen ikastea.

    2.mitoa:irakurketa zenbait eta goiztiarrago, hobeto.

    Ay ene, nire ustez zein konfundituta dabilen horrela pentsatzen duena… Presaren mundu honetan badirudi gauzak geroz eta lehenago egin hobeto dela eta gure haurra azkarragoa dela bizilagunarenak baina lehenago irakurtzen ikasi duelako. Haur bakoitzak bere denbora behar du, haurrek irakurtzen hasi aurretik beste gauza batzuk eduki behar dituzte barneratuta, adibidez testuak dioen bezala, ahozkotasuna menderatua izatea.
    Alde batetik Mikel Haranburu, Itziar Alonso-Arbiol, Nekane Balluerka eta Arantxa Gorostiagarekin ados nago 6 urterekin hasi beharko luketela irakurtzen hasten esaten dutenean,( nire garaikoak lh-ko 1go mailan hasi ginen irakurtketa idazketarekin eta ez dugu honekin ez “traum”a ez arazorik izan). Baina bestalde, izan daiteke 6 urterekin oraindik ere idazten hasteko prest ez dagoena. Nik ez nuke adinik jarriko, ez nieke haurrei epe bat jarriko, poliki-poliki bakoitza bere erritmoan ziur nago irakurtzen eta idazten ikasiko dutela.
    3.mitoa:
    Nire ustez uelrmeneko irakurketa, irakurketaz disfrutatzea da, irakurtzen dena barneratzea eta aprobetxagarri egitea. Honetarako, beti ere nire ustez, testua gure testuingurukoa, gure mailakoa eta batez ere gure gustokoa izan behar da. Nik amazoniako armiarma ile ta hankaluzedun batek arrautzak nola jartzen dituen gaia duen testu bat irakur dezaket, ulertuko dut eta gai nagusia aterako dut, galderak erantzungo ditut e.a.. baina hau nire ustez ez da ulermeneko irakurketa bat.

    Hauxe nire ekarpena.

  • Iosu Manterola Loidi

    Hona hemen nire iritzia 3 mitoen inguruan:
    1. mitoari dagokionez argi dago ikasleek ez dutela eskolara joan behar irakurtzen eta idazten ikasteko. Gure arbasoei begiratu besterik ez dago mito hau ezeztatzeko. Etxean irakurzaletasuna bultzatzen bada haurrak liburutegira eramanez, etxean ipuinak haurrei irakurriz, etxean liburutegitxo bat izanez… haurrei grina sortzen zaie eta hainbat kasutan eskolan landu aurretik ikasten dute irakurtzen eta idazten. Egia da eskolak prozesu hori bizkortu egiten duela eta eskolaren zereginetako bat dela.

    2. mitoa ere gezur hutsa da. Haurraren garunak eta neuronek prest egon behar dute irakurtzen eta idazten ikasteko. Hori azken urteetan argi ikusi dut Lehen Hezkuntzako 1. zikloan egon bainaiz lanean. Haurraren garuna prest dagoenean, oso denbora gutxian ikasten dute irakurtzen eta idazten eta bitartean alferrikakoa da haurrari m+a = ma dela esatea. Ez dugu ahaztu behar ordea, irakurketa idazketaren prozesua Haur Hezkuntzatik lantzen hasi behar dela poliki-poliki, haurrari inolako presiorik eragin gabe.

    3. mitori dagokionez, ulermenezko irakurketaren bitartez haurrek gozatzen, emozioak adierazten, bizitzen… ikasi behar dute. Helburua zehaztea garrantzitsua da baina helburua ez da soilik informazioa aurkitzea, berregituratzea… nahiz eta hau egiten ere ikasi behar duten.

  • Eva Etxeberria

    3 mitoen inguruan nire iritzia:
    1.Eskolarik gabe, haurrek ez lukete irakurtzen ikasiko.Hau ez da guztiz egia ze etxean lantzen den guztia,ongi etorria!, eta oso baliagarria.Beraz etxean guraso zein edozein senidek haurrari ttikitatikan irakurletasuna, ipuinen munduan, entzun, jolastuz, liburutegira joanez irakurketarako prestatzea, oso egoki deritzot.Hau honela haurrak pixkana irakurtzea lortzen du, modu lasai, eroso, atsegin eta ludiko batean.Inoiz ez behartua, bestela …
    Egia da guraso edo heldu batzuen filosofia dela, “eskolan ikasiko dute, edo oraindikan ez da momentua, ikasiko du eskolan”..baino nire ustez haur bakoitza kasu bat da eta zergaitik ez eskolara joan baino lehen irakurtzen ikastea?. Gainera gaur egun 6 urte arte ez da beharrezkoa eskolaratzea, beraz, haurrak esan eta egia den moduan “esponja batzuk eta imitatzaile onak dira”.Ba aprobetsa dezakete horretarako prest eta gogotsu dauden helduak etxeko ttikiei hain garrantzitsua den irakurketarako bidean eskutikan joateko.

    2.Haurraren garuna, psikomotrizitate(lodi,fina) prozesua behin prest,garatua duenean eta ahozkotasuna ere, haurra nonbait irakurtzeko eta idazteko gai da.Lehen esan dudan bezela ez da haurra ezertan behartu behar, eta hori horrela bere denbora, goxotasuna, baliabide, gustoko eta jolasen bidez,lortuko du haurrak idazten, modu atsegin batean, eta noiz den momentua haurrak jakinaraziko digu.Beraz, Irakurketa orduan eta lehenago hobeago ote den nik ez nuke orokortasunean esango, baizik eta haur bakoitzaren arabera. zenbait kasuetan haurra prest badago, zergaitik ez da ba ona?

    3.Ulermenezko irakurketan aipatuko nuke haur bakoitzari berea eskeintzea komeni dela, irakurzaletasuna modu lasai,egoki, plazer etab..ttikitatikan lortuz. Dudarik ez, honek prozesu batetikan pasa behar duela, testu errezak, gustoko gaiak,(eskeiniz), eta modu ezberdinetan ere, antzerki,musika, olerki, jolasak erabiliz. Denborakin irakurleak izango du parada zer irakurri, eta zihurrenik ulerterrezak diren testutik konplexuagoak direnak irakurri nahi izatea pasatzea.Irakurletasuna haunditzen den einean ulermena ere.

  • Rosa

    1. mitoa:
    Argi daukat, gaur egun eskolan ikasten dela irakurtzen, eta hori dela ta ideia nagusi hau zabaldu da munduan: “irakurtzea ezinbestekoa bada, orduan eskola ere ezinbestekoa da”
    Historian zehar arakatuz, argi geratzen da aurrrekoa mito hutsa dela, irakurtzeko grina bazegoelako betidanik . Aurreko mendeetan alfabetatuta zegoen jendeak bultzatzen zuen eskolak irekitzea eta ez kontrakoa,orduan argi dago jendeak ez zuela eskolan irakurtzen ikasten, horrexegaitik esan behar genuke eskola ez dela ezinbestekoa irakurtzeko, nahiz eta gaur egun eskolan ikasten da irakurtzen.
    2. mitoa:
    Ikerketa batzuen bidez ikusi zuten umea 6 urterekin dela gai irakurtzen ikasteko eta eskola gehienetan finkatzen da adin hori eta 1. mailan hasten dira irakurtzen ikasten.
    Haur Hezkuntzan irakurtzen ikasten derrigortzen denean, beste prozesu batzuk eta garapen naturalak apurtu ahal ditu eta Lehen Hezkuntzan ezezko ondorioak ekarri ahal ditu.
    Edozein kasutan umearen erritmo eta garapen naturalak apurtu ahal dira, ze ume batzuk gai izango dira 5 urterekin ikasteko, beste batzuk 6 urterekin eta askotan izaten ditugu umeak denbora gehiago behar dutenak.
    Ume bakoitzak dauka bere erritmoa eta eskolak sistemari jarraitzen dio eta ez umearen erritmoari, horrexegaitik 6 urterekin irakurtzen ikastea da helburu.
    3. mitoa
    Testuen ulermena lantzeko metodologia eskolan oso markatuta dago, egia da ekintzak errepikatzen direla, galderen bidez landuz, laburpenen bidez,,, baina gutxitan erabiltzen dugu testuen ulermena umeen artean beste ekintza desberdinak sortzeko eta irakurketa pobre geratzen delakoan nago ere bai.

  • Raquel Arteaga

    Hona hemen nire iritzia:

    Haurrek gauza asko ikasten dute eskolarik joan gabe, hori argi dago, eta eskolarik gabe irakurtzen ikasiko luketeela interesaten bazie eta norbait badagoen irakasteko. Eskola, erakunde edo instituzio bezala ez da beharrezkoa. Ezinbestekoa dena da dakienak ez dakienei irakastea ume guztiak ez direlako gai izango bere kabuz irakurtzen hasteko .Nik uste dut prozesu hori edozein lekutan gerta daitekeela eta etxea oso leku egokia da. Dena den, Iosu Montorolak idatzi duen bezala,eskolak prozesu hori bizkortu egiten du eta ume guztiei aukera ematen die.

    Bai etxean bai eskolan edo kalean jolasten edozer gauza ikasteko umeen garapen fisiko zein psikologikoa errespetatu behar da.Nire ustez,haurrek azkarrago eta pozagoak ikasten dute prest daudenean.Gainera, porrotaren zama ez da izango oztopo bat.Horrek ez du esan nahi estimulazioa txarra denik. Irakurtzeko gogoa eta desio sortu ahal dugu ipuinak kontatzen,hitzekin jolasten, liburuak eskura izaten…Beraz, adina ez da zertan izan faktore erabakigarriagoa.

    3.mito dagokionez, nik esango nuke ulermena ezinbestekoa dela. Baina ulermena ez da lantzen bakarrik ulermenezko irakurketak egiten. Testu bat esaten duena ondo ulertzeko jakin behar dugu zein mendetan idatzi zuten edo zein gertakizunetan onarrituta dagoen, adibidez.

  • MARTA FERNANDEZ CERRADA

    3 mitoen inguruan dudan iritzia honakoa litzateke:
    1. ESKOLARIK GABE, HAURREK EZ LUKETE IKASIKO IRAKURTZEN
    Argi dago eskolarik gabe ere zenbait haurrek irakurtzen ikasteko gai izan direla, bai ia ia bakarrik, bai senide edo ingurukoen gida eta laguntzarekin. Hala ere, gaur egun eta zenbait kasutan eskolak funtzio “konpensatzailea” egiten duela ez ahaztea komeni zaigu ere. Zenbait familiek eskolaren ardurapean jartzen dute irakurketa (grina piztea, beharra eta garrantzia ikustaraztea, irakurketa prozesuak hastea eta garatzea…), ez dute etxean “lantzen”, baina badaude irakurketaren aurrekariak etxean landu ditzaketenak (grina eta interesa piztea adibidez), baina ezin dutenak irakurtzen ikaratsi, alfabetizatu gabe daudelako, etxeko hizkuntza eta eskolan ikasitakoa ez delako bera… Beraz, eskola ez da ezinbestekoa irakurtzen ikasteko, baino oso garrantzitsua bai behintzat.
    2. IRAKURKETA, ZENBAT ETA GOIZTIARRAGO, HAINBAT HOBETO
    Ikerketek hobe ez dela badiote… hala izango da… Baina ez dut ulertzen zergatik zenbait eskoletan (batez ere kontzertatuetan) Haur Hezkuntzan irakurketa eta idazketa lantzen duten, ez al dute zientzian sinesten? Zergatik dago hainbesterako aldea eskolen artean? Zergatik ez ditugu zenbait ideia bateratzen? Lehen Hezkuntzan hasiko den alaba bat dut eta pixka kezkatua nago gai honekin… testugintza (testuen egitura) landu dute, bai ahozkotasuna, liburu eta istorioekiko interesa… baina ez besterik. Nahikoa al da? Guztiek irakurtzen ikasiko dutela ziur nago, baina zein da prozesu hoberena? Haur Hezkuntzan hasitakoa ala ez? Gai honetan ez dut iritzirik, kezka eta ezjakintasuna soilik.

    3. ULERMENEZKO IRAKURKETAREN ONDORIOZ, HAURREK TESTUKO IDEIA NAGUSIAK ERAUZTEKO ETA TESTUA BERREGITEKO GAI IZAN BEHAR DUTE
    A zer exagerazioa! Hizkuntza bat ama hizkuntza izan eta etxean hitz egiteagatik C1a ateratzeko gai zarela esatea bezalakoa da… kar kar. Irakurketa ulermen maila ezberdinak daude eta maila horietan gora egiteko lan egin behar da, esfortzua beharrezkoa da, bai eta besteren baten gida eta laguntza, esango nuke. Testua irakurri eta ulertzea alde batetik, eta testu horren analisia egitea, bestetik maila ezberdinetan daude. Testua azalean ulertu daiteke, baina inferentzia gehiegi egin gabe, edo testua ulertu, inferentziak egin, aurreko ideiekin erlazionatu, testuan dauden hitzak gure bizipen eta pentsamenduekin ere aberastu dezakegu… Testuko ideiak erauztea eta testua berregitea ez da lan erraza!

Erantzuna idatzi

 

 

 

HTML etiketa hauek erabil ditzakezu

<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>