Marrazoen usain txarra

Amonio ioia (NH4+) da proteinen metabolismoaren azken hondarra. Animalia guztiek sortzen dute etengabe, eta oso molekula toxikoa denez, berehala iraitzi behar da; ezin dakioke utzi barne likidoetan pilatzen. Horretarako, baina, ur asko behar da, zeren iraitzi ahal izateko, ur bolumen handietan disolbatua egon behar baitu. Ur behar horiek nonbait apalagoak izan daitezen, amonioa bezain toxikoa ez den beste molekula bat bihurtzen dute animalia askok. Molekula hori ez da bakarra animalia guztietan: guk ugaztunok, esaterako, urea erabiltzen dugu; azido urikoa da intsektuek eta hegaztiek erabiltzen duten molekula; eta badira hain hedaturik ez dauden bestelako iraizketa-molekula nitrogenodunak. Molekula bakoitza iraitzia izateko ur-bolumen desberdina behar denez, euren inguruneko ur-gertutasunaren arabera erabiltzen dute animaliek bata edo bestea. Ura soberan duten animalia gehienek amonioa erabiltzen dute eta ur gutxien duten animaliek, azido urikoa erabiltzen dute. Erdian gaude urea erabiltzen dugun animaliok.
Baina itzul gaitezen harira. Kontua da animalia askok, ugaztunok barne, urea erabiltzen dugula hondar nitrogenodunak kanporatzeko. Hori ez da, ordea, urearen zeregin bakarra animalien artean, beste zeregin baterako erabiltzen baitute uretako animalien talde bateko kideek. Izan ere, arrain elasmobrankioek eta beste arrain talde txikiko kideek ere, odolean gordetzen dute urea, kontzentrazio garaietan gainera. Berezi samarrak dira arrain horiek, eta itsastarrak gehienak. Nahiz horietako zenbait ugari samarrak diren, arrain talde nagusia den teleosteoen taldea baino askoz ere espezie gutxiago du elasmobrankioenak. Esan bezala, ugariak dira horietako zenbait, eta aski ezagunak gainera: marrazoak, mailu-arrainak, eta manta-arraiak, besteak beste, elasmobrankioak dira. Zelakantoa[1] eta kimerak dira besteak, talde txikikoak direnak. Bada, arrain horiek guztiek urea gordetzen dute euren odolean.
Baina, zertarako gordetzen dute? Zein da urea horrek betetzen duen zeregina? Bada, eragile osmotikoa da urea animalia horien odolean. Elasmobrankio itsastar, kimera eta zelakantoaren[2] odolaren kontzentrazio osmotikoa orekan dago itsasoko urarenarekin. Orekan dago, bai, baina oreka hori ez dagokio gatz ezorganikoen ekarpenari, urearenari baizik. Izan ere, urea da oreka hori ahalbidetzen duen solutua. Hau da, odolean duten gatz ezorganikoen kontzentrazioa itsasoarena baino askoz apalagoa da, baina ureari esker berdinak edo oso antzekoak dira bi kontzentrazioak, kanpokoa, itsasoarena, eta barnekoa, odolarena. Eta era horretara ekiditen zaio bestela ura kanporatzeko egongo litzatekeen joerari. Urea gabe, barne kontzentrazioa askoz apalagoa izango litzateke, eta horrek ura bultzatuko luke gorputzetik irtetera. Urearen garrantziaren ideia egokia edukitzeko horra honako zehaztapena: marrazoen odolaren kontzentrazio osmotikoaren %30-%40 ureari dagokio. Ez harritu, beraz, marrazoak eta antzekoak saltzen diren arrantza portuetako lonjetan usain txarra baldin badago, azken batean urearen usaina berdina da gernuan eta marrazoen odolean.
Baina istorioa ez da hor amaitu. Hainbat elasmobrankio itsastar ibaietara sartzen baitira eta hainbat elasmobrankio ibaietan bizi baitira. Zer gertatzen da horien odolarekin? Marrazo zezena (Carcharhinus leucas) itsastarra da, baina ibaietara sartzeko ahalmena eta ohitura du; eta gauza bera egiten du txakur-arrainak (Squalus acanthus). Bada, bietan jaisten da odolaren urea kontzentrazioa ibaietara joaterakoan. Jaitsiera hori ez da nahikoa kanpo uraren kontzentrazio osmotikoarekin parekatzeko, baina bai bi medioen arteko gradiente osmotikoa handiegia ez izateko, eta horrela barneko ur edukia konstante mantendu ahal izateko. Kontuan hartu behar da ibaietara sartzerakoan, ur geza baino askoz ere kontzentratuago dagoela odola. Baldintza horien menpean, arrainek ezer egingo ez balute, ura sartuko litzaieke gorputzean lehertu arte. Horri ekiditeko eraenketa lana egin behar dute, baina lan hori errazago egin dezakete urearen kontzentrazioa jaisten baldin badute, eta horixe da egiten dutena.
Gutxi izan arren, badira ur gezetan bizi diren hainbat elasmobrankio. Horietako bat, Congoko manta-arraia (Dasyatis generoa) da eta beste bat Amazoniakoa (Potamotrygon generoa). Lehenaren odolaren urea kontzentrazioa oso apala da, manta-arrai itsastar baten ia erdia hain justu, eta bigarrenak ez du bat ere urearik, guztiz ezabatu baitu bere odolatik. Hortaz, ez dut uste Potamotrygon saltzen diren tokien usaina bereziki txarra denik.
[1] Crossopterygii taldeko kide bakarra dugu zelakantoa. Izan ere, Crossopterygii taldea iraungitzat hartua zegoen talde horren aztarnarik ez baita agertu azken 75 milioi urteetako fosiletan. Baina 1938an bizirik zegoen Latimeria zelakantoaren ale bat harrapatua izan zen Afrikako ekialde-hegoaldeko kostaldearen aurrean. Ale handia zen, 1’5 metrokoa eta 50 kg-ko pisua zuena, eta sona handia sortu zuen zientzia komunitatean. Geroztik hainbat ale harrapatu izan dira bizirik eta denbora luze mantendu ezin izan diren arren laborategian, oinarrizko hainbat datu ezagunak dira egun.
[2] Kimerak (edo arratoi arraina) eta zelakantoa itsastarrak dira, elasmobrankio gehienak bezala.

Erantzuna idatzi

HTML etiketa hauek erabil ditzakezu

<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>