Behin, edanda zegoen Estatu Batuetako Oregongo 29 urteko gazte batek, Tarycha granulosa arrabioaren ale bat irentsi zuen erronka baten erruz. Gaztearen bizitza salbatzeko egin ziren ahalegin guztiak alferrikakoak izan ziren eta egun berean joan zen bestaldera. Tarycha generoko arrabioen larruazala pozoitsua da oso, eta T. granulosa da genero horren kide ezagunenetakoa. Ipar Amerikako ekialdeko kostaldeko estatuetan oso ezaguna da arrabio hori eta mundu guztiak du bere pozoiaren berri.
Bitakora honetan argitaratu genuen lehen ekarpenean beste animalia pozoitsu batez aritu ginen, puxika arrainaz, hain zuzen ere. Bada, berbera da puxika arrainaren pozoia eta Tarycha granulosa-rena: tetrodotoxina (TTX) neurotoxiko ezaguna da bi kasuetan. Hortaz, puxika arraina ez da, ikus daitekeenez, salbuespen bat. Ekarpen honen protagonista, hala ere, ez da arrabioa izango, ez protagonista bakarra, behintzat. Izan ere, arrabioarekin batera Thamnophis sirtalis izeneko suge bat ekarri nahi dugu hona, bera baita arrabioaren harrapakari bakarra.
Thamnophis sirtalis sugea arrabioaren toxinarekiko jasankorra izan daiteke eta jasankortasun-maila aldagarria da aleetan zehar eta, batez ere, populazioetan zehar. Hau da, sugearen populazioen arteko aldagarritasun handia dago tetrodotoxinarekiko jasankortasunari dagokionez. Izan ere, zenbait populazioren aleen jasankortasuna beste zenbaitena baino ehun bider handiagoa izatera hel daiteke. Populazio berean ere, desberdintasun nabarmenak daude aleen artean eta, bestalde, heredagarria da jasankortasuna. Kontua da jasankortasunaren aldagarritasuna bat datorrela harrapakinaren larruaren toxizitatearekin; hau da, arrabio denek ez dute toxizitate maila bera eta oso pozoitsuak direnak bizi diren tokietan jasakortasun garaigoa dute bertan bizi diren sugeek. Hortaz, batera aztertzen eta baloratzen badira denboran zehar behaturiko jasankortasun aldaketak, kokapen geografikoaren araberakoak, eta populazio barneko aldagarritasuna, koeboluzio kasu baten aurrean gaudela ondorioztatu behar da. Hau da, naturan horrenbeste gertatzen diren armen lasterketa horietako bat dugu suge eta arrabioaren artekoa. Arrabioaren pozoiari errsistentzia edo jasankortasunarekin erantzun dio sugeak eta erantzuna, gainera, mehatxu-mailaren araberakoa izan da.
Zertan oinarritzen da, baina, sugearen jasankortasuna? Ezaguna denez, potentzial-diferentziaren menpekoak diren sodio-kanaleak daude bai neuronetan, bai eta muskulu zeluletan ere. Kontua argitu duten esperimentuetan muskulu zelulen sodio kanaleen jokaera izan da aztertu dutena eta honakoa aurkitu dute: kanale horien TTX-arekiko sentikortasuna aldatzen dela aleetan zehar. Eta horrez gainera, toxinarekiko jasankortasun handiagoa duten sugeek sentikortasun apalagoko sodio-kanaleak dituzte.
Hemen azaldutakoa interesagrria da, eta eboluzio ikasketei dagokienez, eredugarria ere. Moldatze-balioa duen ezaugarri baten aldagarritasuna behatu da, batetik; aldagarria den ingurune-faktore batekin erlazionatua dagoela ikusi da, bestetik, eta azkenik, ezaugarri horren oinarrizko mekanismoa aurkitu ahal izan da. Egun abian den eboluzio gertaera dugu hau.
Oharrak:
1) Istorio hau hemen irakurri dut: Shana Geffeney et al. (2002): “Mechanisms of Adaptation in a Predator-Prey Arms Race: TTX-Resistant Sodium Channels” Science 297, 1336; DOI: 10.1126/science.1074310
2) Argazkia, wikipediatik hartua dago eta GNU Free Documentation License (1.2 bertsioa edo Free Software Foundation delakoak argitaraturiko geroko bertsioak) delakoaren baldintzen arabera erabil daiteke.
Erantzuna idatzi