Botox eta beste

tetanosaBotox, toxina baten merkatu-izena da, botulismo-toxinarena hain justu. Aspalditik erabiltzen da botika gisa, gaixotasun muskular zenbait, – distonia fokalak, esaterako-, tratatzeko; hau da, muskulu bakar bat edo muskulu talde baten distoniari tratamendua emateko behar denean izaten da erabilia. Azken urteotan, baina, oso ezaguna bilakatu da kosmetikaren arloan. Izan ere, zimurrak kentzeko erabilia da oso; zimurrak, ordea, ez dira kentzen betiko, 3-6 hilabeteko eragin-epea baitu. Clostridium generoko zenbait bakteriok ekoizten dute botulismo-toxina, eta osasun- eta estetika-arloan erabiltzen hasi arte, batez ere gaizki kontserbaturiko elkagaiek sorturiko pozoitzeengatik zen ezaguna.
Botulismo izena, botulus (=saltxitxa) latinezko berbatik dator. Izan ere, botulismo-toxinari “saltxitxa pozoia” izena eman zitzaion duela bi mende lehendabizi deskribatu zenean, gaizki prestaturiko edo kontserbaturiko saltxitxek sortzen zuten pozoiduragatik. Lehen esan bezala, Clostridium generoko bakterioek sortzen dute eta bakterio horien erruz, ez dira gutxi izan etxean prestaturiko kontserbak jateagatik gertatu diren pozoidurak. Merkatu kontserbetan erabiltzen diren esterilizazio eta asepsia prozedurei esker, aldiz, ez da arriskurik egoten.
Ikus dezakegunez, beraz, toxina horrek bi aurpegi ditu; batetik, pozoi bat da eta pozoi hilgarria gainera, eta bestalde, botika gisa erabil daiteke. Bada, bi eraginek, hilgarriak eta sendagarriak, oinarri bera dute sinapsi neuromuskularraren funtzionamenduan eragiten baitu botulismo-toxinak.
Bi zelula kitzikagarriren arteko lotura funtzionalak dira sinapsiak, eta zelula batetik besterako seinale elektrikoa bidaltzea ahalbidetzen dute, gehienetan bitartekari modura molekula kimiko bat erabiliaz. Mezulari kimikoak bere lana modu egokian egiten ez badu, nerbio-sistemaren komunikazio-prozesua eten egiten da eta beraz, bertan behera gelditzen da bere koordinaziorako eta integraziorako ahalmena. Sinapsi neuromuskularra da hoberen ezagutzen denetako bat. Motoneurona (nerbio-zelula) baten eta zelula muskularraren arteko lotura da sinapsi mota hori eta azetilkolina da horretan jarduten den neurotransmisorea. Hortaz, azetilkolinaren lana kaltetzea izaten da zenbait neurotoxinen eragina.
Motoneuronak egiten duen azetilkolinaren jarioa oztopatzea da botulismo-toxinak duen eragina. Jakina, neurotransmisorearen jarioa oztopatzen bada, zelula muskularrak ez ditu hartzen motoneuronak garraiatu dituen nerbio-bulkadak. Ondorioz, muskulua ez da uzkurtzen, hau da, muskulu-paralisia sortzen du. Eta horixe da, hain zuzen ere, toxina botulinikoak pozoi gisa edo botika gisa jokatu ahal izatearen arrazoia.
Botulismo-toxina ez da generoko espezieek ekoizten duten toxina bakarra, zeren Clostridium tetani izeneko bakterioak toxina tetanikoa edo tetanospasmina sortzen baitu. Toxina botulinikoak bezala, honek ere oztopatzen du mezulari kimikoa jariatzea, interferentziak eragiten baititu neurotransmisorea gordetzen duten bisikulen edukiaren askatze-prozesuan. Toxina botulinikoak sinapsi neuromuskular periferikoak deuseztatzen bazituen, bizkar muineko neurotransmisore inhibitzaileen askapena oztopatzen du pozoi tetanikoak. Eta beraz, motoneuronak inhibitu ezin daitezkeenez, muskulu eskeletikoa hiperkitzikatu egiten da eta tetanikoki (etengabe) uzkurtu. Hori dela-eta, tetanosa izenez ezaguna dugun gaixotasun larria eragiten du.
Ikusi ditugun bi toxina horiek neurotransmisorearen jariatzea oztopatzen dute, baina aurkako eragina duen toxinarik ere bada. Hau da, kontrol gabeko jarioa eragiten dute zenbait toxinek eta horien artean sartzen da α-latrotoxina. Aurreko kasuetan ez bezala, α-latrotoxina ez du bakterio batek sortzen, alargun beltza modura ezaguna den armiarma emea delarik pozoiaren ekoizlea. Toxina horren eragin-bidea ere, bestalde, oso desberdina da. Ikus dezagun.
Kaltzio ioiak zeregin garrantzitsua du sinapsi kimikoetan. Nerbio bulkada sinapsi aurreko terminalera heltzen denean, kaltzioa sartzen da neurona barrura, boltai menpekoak diren kaltzio kanaleen bitartez. Izan ere, kaltzio hori da neurotransmisorearen askapena eta, beraz, zelulen arteko komunikazioa eragiten dituena. α-latrotoxinak, kaltzioarekiko ezmenpeko bihurtzen du neurotransmisorearen jarioa eta beraz, etengabea da, agortu arte. Horren ondorioz, pozoi honek ere muskuluen uzkurtze etengabea sortzen du.

Iruzkin bat honentzako: Botox eta beste

Erantzuna idatzi

HTML etiketa hauek erabil ditzakezu

<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>