Birikarik gabeko igela

Barbourula kalimantanensis

 Titikaka Aintzirako igelaz idatzi genuen sarreran esan genuen Telmatobius culeus-ek ez duela egiazko birikarik eta arnasa larruazaletik hartzen duela, baina bada are bereziagoa den beste igel bat; Barbourula kalimantanensis du izen zientifikoa eta Borneoko buru lauko igela (Bornean flat-headed frog), izen arrunta. Barbourula-k ez du birikarik, ez egiazko birikarik ez eta birika aztarnik ere. Gogora dezagun Telmatobius-ek birika aztarnak dituela. Izan ere, birikarik gabeko igel bakarra da hau.

Borneon aurkitu zuten 1978an baina 2008-ra arte, espezie beraren bi populazio gehiago aurkitu direnean, ez da igelaren disekziorik egin eta ez da behar bezala deskribatu eta sailkatu. Disekzioa egiterakoan aurkitu dute birikarik gabea dela. Barbourula-ren aleak aztertu dituen Singapore-ko Unibertsitateko ikertzaile baten iritziz, ur lasterretan bizitzeko moldapena da birikarik ez edukitzea. Birikek igeri egotea errazten dute, flotagailuek bezala jokatzen baitute. Ura oso azkar mugitzen den tokietan zaila izan daiteke errekaren sustratu gainean egotea, eta zailagoa igelak igeri egoteko joera badu. Hortaz, joera hori txikiagoa da birikarik gabe eta beraz, zentzuzkoa dirudi eboluzioan zehar birikak guztiz galdu izana.

Bestalde, ur lasterretan oso garaia izaten da oxigeno gertutasuna, oxigenoz saturatuta egoten baita ura eta beraz, larruazala organo egokia izan daiteke igelak behar duen oxigenoa erdietsi ahal izateko. Gainera, burua laua izatea azalera emendatzeko moldapena izan daiteke; izan ere, azalera handiagoa izatea garrantzitsua izan daiteke arnas azalera handiagoa dadin.

Oharra: New Scientist aldizkariaren maiatzaren 16ko aletik hartua dago istorio hau.

Irudia: (A) Borneo-ko mapan ikus daiteke non dagoen Kalimantan, uharteko hegoaldean. (B) B. kalimantanensis igelaren aurreko ikuspegia, eta (C) alde bateko ikuspegiak argi erakusten du gorputza laua. D. Bickford, D. Iskandar and A. Barlian (2009): Current Biology, Vol. 18 (9)-tik hartua

 

 

 

Erantzuna idatzi

HTML etiketa hauek erabil ditzakezu

<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>