Heterotermiaz

Sator biluziaAnimalia endotermoen beroa eurek sortzen dute duten metabolismo-jarduera garaiari esker; ektotermoei, berriz, kanpotik datorkie beroa. Homeotermoak, gehienetan, endotermoak dira eta alderantziz, poikilotermoak ektotermoak; baina salbuespenen bat edo beste badago. Gainera, ektotermia eta endotermiaren arteko muga ez da oso argia. Ikus ditzagun mugan dauden animalia zenbait.

Dermochelys coriacea bezalako itsas dortokek igeri egiten sortzen duten beroa gordetzen dute eta horri esker, 10  ºC-ko aldea manten dezakete kanpo medioarekin; horri esker joan daitezke ur hotzetara janari bila, beste tortoka batzuk egin ezin dezaketena.

Ezpata arrainak beroago mantentzen ditu begiak eta garuna ehizatzen ari den bitartean, eta marrazo eta atunek ura baino nabarmen beroago mantentzen dituzte muskuluak bidaia luzeak egiten dituztenean.

Txitxarra apatxeak eta beste intsektu batzuk izerdia botatzen dute eta horrela gradu batzuk hotzago egon daitezke. Eta beste batzuek, esfingidoek kasu, beroa sor dezakete beharrezkoa denean.

Indiako pitoiak eta beste suge zenbaitek dardar egiten dute arrautzak txitatzen dituzten bitartean eta zortzi gradu igo dezakete gorputz tenperatura horrela.

Sator biluziak ez du eraentzen gorputz tenperatura; horren ordez, bizi den barrunbearena mantentzen du, 30 ºC normalean. Bera da ektotermoa den ugaztun bakarra.

Lokartzen direnean, tenperatura beheratzen uzten dute saguzaharrek eta txori batzuek; ingurune tenperaturaraino hel daiteke horrela. Gehiegi jeisten bada, berriro pizten dute “berogailua”.

Monotremek (platipusek eta ekidnek) 32 ºC-ko tenperatura mantentzen dute, plazentalioetan ohikoa dena (37 ºC) baino nabarmen beherago. Martsupialio gehienek 35 ºC mantentzen dute.

Hirakoideoek tenperatura konstante mantentzeko zailtasunak dituzte. Hori dela-eta narrastien moduko jokaeretara jo behar dute zenbaitetan; izan ere, eguzkitan jartzen dira, sugandilak bezala, bero mantentzeko.

Animalien gorputz-tenperaturari dagokionez, beraz, gauzak ez dira beti zuriak ala beltzak, grisak ere izan baitaitezke, edo orain zuriak eta gero beltzak, eta alderantziz. Heterotermia deitzen diogu horri.

Irudian sator biluiza agertzen da eta Pittsburgh Post-Gazette-tik hartua dago

Erantzuna idatzi

HTML etiketa hauek erabil ditzakezu

<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>