Anfibio ezkatadun paradoxikoak

“In the mid-1800s, anatomists began to learn of mysterious living fish from the southern continents. One of the first was discovered by German anatomists working in South America. It looked like a normal fish, with fins and scales, but behind its throat were large vascular sacs: lungs. Yet the creature had scales and fins. So confused were the discoverers that they named the creature Lepidosiren paradoxa, “paradoxically scaled amphibian”. Other fish with lungs, aptly named lungfish, were soon found in Africa and Australia. African explorers brought one to Owen. Scientists such as Thomas Huxley and the anatomist Carl Gegenbaur found lungfish to be essentially a cross between an amphibian and a fish. Locals found them delicious.”

Aurreko paragrafoa, “Your inner fish” (locations 468-473) paleontologia liburutik hartua dago, eta ederki azaltzen du zelako harriduraz hartu zuten XIX. mendeko naturzaleek arrain birikadunen aurkikuntza.

Ia 400 arrain espeziek har dezakete arnasa airean, ur gezetakoak gehienak. Horietako gehienek brankia funtzionalak mantendu dituzte eta beraz, uretan ere har dezakete arnasa. Normalean, uretako oxigeno kontzentrazioa beheratzen denean hasten dira airean arnasa hartzen. Eta tenperatura goratzen denean gehiago jotzen dute airean arnastera, metabolismoa tenperaturarekin batera goratzen baita. Hori bai, oxigenoa airetik hartzen badute ere, uretara, -brankietatik edo gorputz-azaletik-, askatzen dute CO2.

Arrain zenbaitek, hala ere, ez dute airean arnasa hartzeko organo berezirik; aingirak dira horren adibide. Erraztasun handiz irten daitezke uretatik hezetasuna handia bada; Anguilla rostrata-k, esaterako, oxigeno-beharren %60a larruazaletik hartzen betetzen du eta ahotik gainontzeko %40a.

Airean arnasten duten arrain gehienek, digestio-aparatuaren zati bat (hasierakoa) erabiltzen dute oxigenoa hartzeko. Zati hori espezializaturik dago, odol hodi asko eta hormetan inbaginazio eta ebaginazio asko ditu. Aingira elektrikoetan (Electrophorus electricus), adibidez, aho-barrunbea da airean arnasteko organoa, eta operkulu-barrunbea beste zenbait espezietan. Bestalde, brankien gaineko barrunbe bereziak dituzte “bagre” (Heteropneustes) batzuek; burutik gorputzaren erdi alderaino luzatzen diren tutu-dibertikuluak dira bagre horien barrunbeak. Baina badira bestelako bideak hartu dituztenak ere. Adibidez, urdaila erabiltzen dute arrain batzuek, eta Callichthyidae familiako beste “bagre” batzuek heste-hodiaren zati bat, -oso baskularizatua hau ere-. Eta beste zenbaitek, hestearen inbaginazioak diren igeri-puxiken bitartez hartzen dute arnasa. Arrain horiek, arnas egiteko, airea hartu ondoren ahoa itxi eta atzera bultzatzen dute aho-barrunbea konprimituz. Horri esker iristen da igeri-puxika, urdail edo hesteraino. Horraino heltzen den airea uzkitik kanporatzen dute gero.

Arrain hauek brankietatik uretara oxigenoa galtzeko arriskua dute oxigeno gutxiko uretan daudenean. Azken batean, oso garaia da aireko O2-aren presio partziala, gehienetan, baina egoera desberdinak egon daitezke uretan, O2 kontzentrazio eta tenperaturaren arabera. Uretara O2 ez galtzeko arrain hauek mugatu egin dute brankietatik gasak trukatzeko ahalmena; zenbaitetan brankien aztarnak baino ez dira geratzen, eta askotan, zirkulazio-sisteman kortozirkuituak daude, odol oxigenatua hortik ez pasatzeko.

Airean arnasa hartzen dutenen artean, arrain birikadunak (6 espezie) izan dira ikertuenak. Egiazko birikak dira eta azalera handia dute, barne-inbaginazio eta trenkada zein tontor ugari baitituzte. Noceratodus Australiakoak birika bakarra du eta brankia funtzionalak ditu; bi medioetan har dezake arnasa. Protopterus Afrikako (lau espezie) eta Lepidosiren Hegoamerikako espezieek, berriz, lobulu biko birikak eta brankia oso txikiak dituzte. Airea behar dute hauek eta hil egiten dira airerik gabe.

Paleontologoek uste dute arrain horiek direla lehorreko ornodunak sortu ziren garaiko arrainen ondorengo zuzenak. Azken batean, izaera mistoa dute, airean eta uretan arnasa hartzeko modua baitute. Ez da bat ere harritzekoa, beraz, duela bi mendeko naturzaleak arrain misteriotsu hauen berri izaterakoan hain harriturik geratu izana. Arrazoi osoz izendatu zuten arrain horietako bat izendatu zuten bezala: anfibio ezkatadun paradoxikoa!

Erantzuna idatzi

HTML etiketa hauek erabil ditzakezu

<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>