Ostruken lumajea

Ostrukak oso leku beroetan bizi dira eta, noski, oso ondo jasaten dituzte tenperatura garaiak. Lumajeak garrantzi handiko zeregina betetzen du jasankortasun horretan. Aurreko sarrera batean etxetxoriaren lumajeaz aritu ginen eta ikusi genuen isolatze-geruza oso eraginkorra dela hotzaren aurrean. Horri dagokio, hain zuzen ere, etxetxoriek eta beste txori askok hotza egiten duenean hartzen duten itxura esferikoa. Berdin jokatzen du ostrukaren lumajeak.

Ostrukak aire-geruza lodi bat sor dezake lumak zabalduz eta horrela, bero egiten duenean, 2 cm-tik 10 cm-ra pasatzen da lumajearen lodiera. Aire-geruza horrek gorputz ia osoa inguratzen du. Hankak, lepoa eta burua dira salbuespenak; hankak eta lepoa ez dira gorputz-atal kritikoak tenperaturari dagokionean baina burua bai, garunaren tenperatura hertsiki eraendu behar baita.

Lumajeari esker isolamendu handia erdiesten dute eta horrela eroaketaz bero gutxi hartzen dute kanpo-mediotik. Hau da, bero gehiegirik ez irabazteko egiten dute hori. Azken batean eroaketaren bitartez berdin transferitzen da beroa norantza batean zein bestean; hau da, beroa gal daiteke eroaketaz baina irabazi ere egin daiteke. Beraz, hegazti batzuek lumajea beroa galtzeari ekiditeko erabiltzen duten bitartean, beroa ez irabazteko erabiltzen dute besteek. Bai eta 51ºC-taraino manten dezakete ostrukek barne-tenperatura konstante. Ez dut uste hain jasankortasun handia duen beste ornodunik dagoenik.

Isolamendua, baina, ez da tresna bakarra. Azken batean, ostrukaren metabolismoa ere bero iturria da eta iturri hori barruan dago, ez kanpoan. Hortaz, 38-39 ºC-ko ingurune-tenperaturen gainetik beste bide batera jo behar du beroa galtzeko, eta ura lurruntzea da bide hori. Ostrukek ez dute izerdirik botatzen; egia esan ez dago izerdirik botatzen duen hegaztirik; beraz, arnas aparatuko bideetan gertatzen den ur lurruntzea da geratzen zaion aukera bakarra. Eta halaxe egiten du. Izan ere, tenperatura garai horietan hatsantzea da erabiltzen duen hozte- mekanismoa; hau da, txakurrek egiten duten gauza bera. Ostrukek ere hatsantze-frekuentzia handitzen dute hozteko beharra dutenean. Ostrukek, baina, askoz erritmo apalagoan egiten dute: minutuko 5-tik 45-era pasatzen da arnas-frekuentzia hozteko beharra dagoenean. Gainera, horixe da garunaren tenperatura eraentzeko duten mekanismoa, garunera bideratzen baitute arnas azaleren azpiko odol-kapilareetatik iragaten den odol freskoa.

Erantzuna idatzi

HTML etiketa hauek erabil ditzakezu

<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>