Hartzen lozorroa aztertzen, gizakiaren mesederako

Hainbat ikertzaileren arreta jaso du hartzen lozorroak azken urteetan,  negua igarotzeko modu berezi hori antzinatik ezaguna bada ere. Arrazoia? Lozorroan zehar gertatzen diren hainbat prozesuren etenaldi itzulgarrien oinarrian dauden mekanismoak ezagutzea, balio handikoa izan daitekeela gizakiarentzat, aplikazioak izan baititzake hainbat arlotan. Adibidez, gizakiaren “hibernatzeko” gaitasuna garatzea zuzenean izango litzateke erabilgarria astronautak  iraupen luzeko espazio-bidaietarako  prestatzeko, baina baita hurbilago dugun organoen preserbazioa hobetzeko, esaterako. Hortaz gain,   lozorroaren oinarrian dauden prozesuak ondo ulertzea zenbait gaixotasuni aurre egiteko aurrerapauso galantak emateko aukera izango litzateke. Ikus dezagun zergatik!

Izan ere, lozorroan zehar ez dute ezertxo ere jaten hartzek.  Beraz, apala bada ere, sasoi horretan duten energia-gastu osoa, aurretiaz pilatutako erreserbak erretzera joz asetu behar dute, baraurik mantentzen baitira: horretarako, baina, udazkenean zehar modu esangarrian gizentzen dira hartzak, batez ere karbohidratoetan aberatsak diren jakien ingestioa emendatuz. Aurretiaz metatutako erreserba horiek lozorroan zehar erabiltzen dituztenean, ordea, ez dute masa muskularrik galtzen. Bartzelonako Unibertsitateko Minbiziaren Ikerkuntza Taldean diharduen ikertzaile-talde batek 2007an jakitera eman zuenez, hibernatzen duten hartzen plasmak proteolisia blokeatzen duen faktore bat du. Laborategiko arratoien zelula muskularrak hazi zituzten lozorroan zeuden hartzengandik lortutako plasma erabiliz  hazkuntza-medio modura, eta proteinen hidrolisia %40an jaitsi zela behatu zuten. Faktore hori zein den jakitea oso lagungarria izango litzateke minbiziak, IHESak, edo epe luzeko baraualdiek edo elikatze-ohitura txarreko aldi luzeek eragiten dituzten  muskulu-masa galera kaltegarriak ekiditeko.

Gainera, lozorroak irauten duen artean urik edan gabe egon arren, oreka hidrikoan mantentzen dira hartzak, ez dira deshidratatzen. Egia da ez dutela gernurik ekoizten, baina horixe bera ere harrigarria da, urearen kontzentrazioaren emendioak arazorik  ez baitu sorrarazten; eragin toxikorik ez egotea aipagarria da, eta horren oinarrian dagoen mekanismoa ezagutzea giltzurruneko disfuntzioek eragindako kalteak saihesteko ere oso baliagarria izango litzateke; hartzek moldapenen bat izan behar  dute ureak duen nitrogenoa proteina berriak sintetizatzeko bidean sar dadin ahalbidetzen duena.

Beste kontu interesgarri bat kolesterolaren maila izugarri altuek eragin kaltegarririk ez izatearena da.  Metatutako gantzetatik lortzen dutenez behar duten energia lozorroan zehar, kolesterol maila oso-oso altuak izaten dituzte hartzek. Baina hiperkolesterolemia horrek ez die funtzioa arteriala eragozten, eta ez zaie behazun-harririk eratzen. Ikerkuntzek frogatu dutenez, lozorroan zehar hartzek ekoizten duten behazunak gizakian agertzen diren behazun-harriak desegiteko gaitasuna dauka. Izan ere, hartzen behazuna antzinatik izan da erabilia Asian, (Txinan eta Korean batez ere) medikuntza tradizionalean. Horren osasun-balio handia izateak eragin izan omen du neurri handi baten Asiako hartzen gehiegizko ehiza, desagertzeko arriskuan dagoen espezia bihurtuz. Hazi ere hazten dira hartzak Txinan eta Korean, baina haztegietako hartzen behazun-gatzek ez omen dute cholyl-taurina izeneko osagai bat, hartz basatienek badutena, eta behazunari bere ezaugarri onuragarrienenak ematen dizkiona.

Baina badago hartzen lozorroarekin erlazioa duen beste misterio bat gizakiarentzat oso interes handikoa dena: animalia hauek 3 edo 4 hilabete egon daitezke apenas mugitu barik, eta ez dute  hezur-masarik galtzen eta bere hezurdura ez da ahultzen. 2009ko uztailan Journal of Biomechanics aldizkarian argitaratutako lan baten ezagutzera eman zutenez, Ursus americanus hartzaren kasuan 6 hilabeteko lozorroan hezurrak erabili gabe egon ondoren ere, femur hezurren geometria, indarra eta mineralizazio-maila  ez zen modu esangarrian jaitsi. Ikertzaileen esanetan, emaitza hauek zera adierazten dute: hartzek ba omen dute mekanismo biologikoren bat erabiltze-ezaren menpeko eta adinaren eraginpeko osteoporosia saihestea ahalbidetzen duena. Ez dago esan beharrik mekanismo hori zein den ezagutzea sekulako aurkikuntza biomedikoa bihurtuko litzatekeela.

Dudarik gabe, badugu oraindik hartzengandik zer ikasi!

3 iruzkin honentzako: Hartzen lozorroa aztertzen, gizakiaren mesederako

  • […] This post was mentioned on Twitter by Juan Ignacio Pérez, Juan Ignacio Pérez. Juan Ignacio Pérez said: "Hartzen lozorroa aztertzen, gizakiaren mesederako" sarrera berria Uhandreak bitakoran: http://bit.ly/a01Dqg (Miren Bego Urrutiak idatzita) […]

  • Juan Carlos Odriozola

    Nire ezjakintasunean, harritu egiten naiz nola ditugun hain ezaugarri desberdinak, eboluzioak hain hurbil gauden espezieek.
    “Etxera ekartzeko” behar dut espezie guztien eboluzioa dibulgazio mailan ondo azaltzen den liburu bat. Izan ere, arrainak/urlehortarrak/narrastiak/txoriak eta ugaztunak izan ditugu, eta nirekin bizi denak, Txemak, biologia ikasi gabe, izugarizko sentikortsasuna eta jakin-mina du talde hauen arteko azalezko desberdintasunekin, etologiarekin eta adimenarekin.
    Badaukazue liburu orokor bat aholkatzeko? Opari polit bat egin nahi nioke…

  • […] zehar ez dute masa gehiegi galtzen, ez muskuluetan ez eta hezurretan ere, eta aspaldiko beste artikulu batean ikusi genuen bezala, muskuluen funtzionalitatea ez da galtzen […]

Erantzuna idatzi

HTML etiketa hauek erabil ditzakezu

<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>