Beldurraren kostua

Melospiza melodia

Harrapariak harrapakina jan egiten du. Harreman trofiko horrek bi espezieen demografia baldintzatzen du. Harrapariak biomasa eskuratzen du horrela eta, beraz, ale berriak sortzeko erabil dezake. Harrapakina, berriz, populaziotik desagertu egiten da; ondorioz, populazioaren ale kopurua jaitsi egiten da eta, hori dela eta, banako berri gutxiago sortuko dira[1]. Nahiz espezieen arteko harreman trofiko gehienak korapilotsuagoak diren, eredu bakun horren arabera uler daitezke naturan diren harreman asko eta asko. Duela gutxi jakin ahal izan dugunez, baina, uste genuena baino eragin kaltegarriagoak izan ditzakete harrapariek harrapakinaren populazioaren demografian. Harrapakinaren beldurrak omen du horren errua.

Ikerketa batean ikusi dute harrapariaren beldur diren Melospiza melodia (etxetxori melodikoa) espezieko txoriek arrautza gutxiago jartzen dituztela errunaldi bakoitzean. Gainera, oso desberdina da etxetxorien jokaera bera ere beldurtuta daudenean: landaretza dentsoagoan egiten dituzte habiak; jokaera koldarragoa dute; denbora laburragoa ematen dute habian txitatze-aldian zehar; eta, azkenik, txitak elikatzera gutxiagotan joaten dira gurasoak habietara. Jokaera horren ondorioz, apalagoa da jarritako arrautzetatik txita sortzeko probabilitatea eta, halaber, baxuagoa da sortutako txitek hegan eginez habitik ateratzeko unera bizirik irauteko probabilitatea ere. Horiek guztiak dira harrapakinak harrapariari dion beldurraren kostuak; eta kostu horien ondorioz, ugaltze-sasoi bakoitzean %40 baxuagoa da beldurtuta dauden emeen kume kopurua.

Baina, zergatik jokaera hori? Zergatik errun arrautza gutxiago? Zergatik egin ahalegin guxiago? Zergatik onartu kostu horiek? Galdera horiek ez dute erantzun erreza baina, seguru asko, arrautzak edo txitak atzemanak izateko probabilitatea altua denean jokaera horixe da moldatze-balio handiena duena. Hau da, arrisku handiko egoera batean ez luke izango zentzu handiegirik arrautzak sortzen eta txitatze-jardunetan ahalegin handia egiteak, ahalegin horren fruituak galtzeko probabilitatea handia delako. Horrela jokatuz, ugaltze-sasoi batean gastatzen ez diren baliabideak hurrengoan erabili ahal izango dira, hurrengo sasoietan harraparien mehatxua txikiagoa bada, noski.

Edozein kasutan, argi dagoena da harraparien arriskuaren pertzepzioak oso ondorio kaltegarriak dituela harrapakinaren populazioaren demografian. Hortaz, harrapariek eragin bikoitza dute. Batetik, eragin zuzena dute, arrautzak, txitak eta, zenbaitetan, helduak ere harrapatzen dituztelako. Eta bestetik, bestelako eragin kaltegarria dute sortzen duten beldurraren bidez, artikulu honetan ikusi dugun eragina, hain justu.

Iturriak:

Thomas E. Martin (2011): “The Cost of Fear” Science 334: 1353-1354

Liana Y. Zanette, Aija F. White, Marek C. Allen, Michael Clinchy (2011): “Perceived Predation Risk Reduces the Number of Offspring Songbirds Produce per Year” Science 334: 1398-1401


[1] Gehienetan oreka batera heltzen dira biak, harraparia eta harrapakina; baina zenbaitetan bata ala bestea desagertzen dira, edo biak ere.

 

Erantzuna idatzi

HTML etiketa hauek erabil ditzakezu

<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>