Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatea

EHUTSI

EHUTSI
Euskara hobetzen

ERABILTZAILEENTZAKO OHARRAK

Metodologia          Antolamendua          Erabilera

Euskaraz egiten diren akatsak zuzentzeko aplikazio informatiko honi ahalik eta etekinik handiena ateratzeko honako ohar hauek kontuan hartu behar dira:

A.- Metodologia:

  1. Euskaraz egiten diren akatsak identifikatzen eta zuzentzen laguntzen dute aplikazio honetan aurkitu ahal diren materialek, itemek eta dokumentazio guztiek.
     
  2. Funtsean, hausnarketa sortu eta bideratu nahi duen materiala da. Izan ere, itemetan agertzen diren arazoak ebazteko aukera bat baino gehiago dago kasu askotan, eta hemengo adibideetan proposatzen den konponbidea aukera horietariko bat baino ez da: erreferentzia bat, hausnartzen laguntzeko erabil daitekeena. Edozelan ere, aurkeztutako arazoari beste konponbiderik aurkitu ezean, hemen proposatutakoa erabil daiteke.
     
  3. Item bakoitzaren amaieran eskaintzen diren azalpenak eta dokumentazioa hausnarketarako ezinbesteko baliabideak dira. Kontuan izan, euskarari buruzko ikerketetan asko aurreratu bada ere (edo asko aurreratu delako), iritzi guztiak ez datozela bat eta arazoak ebazteko hainbat proposamen egon daitezkeela. Hemen eskainitako dokumentazioaren bidez, informazioa non topa daitekeen adierazi nahi izan dugu; besterik ez. Edozelan ere, Euskaltzaindiaren ebazpenak eta arauak, ezbairik gabe, onetsi eta lehenetsi ditugu.
     
  4. Euskararen errealitate ugaria kontuan harturik, egoera hori ere nolabait islatu nahi izan dugu proposatutako zuzenketetan. Horregatik, proposatzen diren zuzenketa batzuetan zenbait euskalkitako soluzioak agertzen dira, denak ere euskara batuaren barrenean sar daitezkeenak (besterik zehazki esaten ez bada).

B.- Antolamendua:

  1. Behin aplikazioan sartuta aurkibide bi ikusiko dira: itemak aukeratzekoa goiko aldean, eta ezkerraldean, berriz, item bakoitzaren aukera ezberdinetan ibiltzekoa. Horrela erabiltzaileek, euren beharrizanen arabera, uneoro askatasun osoa daukate item batetik bestera joateko eta landu nahi dituzten itemak aukeratzeko. Modu berean, aukeratutako itemaren barruan atal batetik bestera joan daitezke eta erabiltzaileek berek erabaki dezakete nondik hasi, nondik jarraitu eta nola erabili, bai eta item bakoitzari zenbat denbora eskaini ere.
     
  2. Ezkerreko aurkibidean itemak hiru modutan sailkatuta daude: aurkibide aleatorioa (zenbakien arabera), alfabetikoa eta gaika, eskema honek erakutsi bezala.

    EHUTSI
    - EHUTSI zer den
    - Erabiltzaileentzako oharrak
    - Bibliografia

    ITEMEN ZERRENDA
    - Aleatorioa
    - Alfabetikoa
    - Gaia: Aditza
    - Gaia: Izen-sintagma, deklinabidea
    - Gaia: Perpaus bakuna
    - Gaia: Perpaus elkartuak
    - Gaia: Hiztegia eta zenbait hitzen erabilera
     
  3. Ikusi bezala ezkerreko aurkibide horretan bada oinarrizko bestelako informazioa: erabiltzaileentzako oharrak eta bibliografia.
     
  4. Goiko aurkibideak, berriz, aukera hauek eskaintzen dizkigu item bakoitzeko:
  • Adibidea --> Adibide zuzena (bertan itemaren zenbakia eta arazoaren izena agertzen dira)
  • Adibide Gehiago --> Zuzenketa (banan-banan, dagokion komandoa sakatuta: gezia)
  • Itzulpen Eginak --> Zuzenketa (banan-banan, dagokion komandoa sakatuta: gezia)
  • Itzulpen Proposamenak --> Itzulpen Proposamenen Zuzenketa (banan-banan, dagokion komandoa sakatuta: gezia)
  • Azalpenak --> Dokumentazioa

C.- Erabilera:

  1. Aplikazio hau banaka, talde txikietan edo, ikasgeletan diapositiben proiektagailuaren bidez, talde handietan erabil daiteke. Beraz, lantzeko moduaren arabera era batean edo bestean erabiliko da aplikazioa:
  • Aplikazio honetan proposatzen diren item guztiak ez dira landu behar, nahikoa da ikasleak zuzendu nahi dituen akatsak lantzea edo irakasleak egoki deritzenak. Horretarako itemen hainbat aurkibide erabil daitezke (ezkerreko aurkibidea). Esaldi bat aurkibidean agertzeak hizkuntza-arazo baten aurrean gaudela erakusten du.
  • Adibideak landuko den arazoaren berri ematen du eta, jarraian, dagokion komandoa sakatuta, arazo horren konponbidea.
  • Adibide Gehiago atalean, aurreko adibideak erakutsi duen arazo bera landu daiteke beste esaldi batzuen bidez. Adibide horien guztien ebazpenak agertuko dira banan-banan dagokion komandoa sakatuta. Erabilitako koloreek, gainera, akatsa hobeto fokalizatzen laguntzen dute.
  • Itzulpen Eginak atalean goian landutako arazoari buruzko hainbat itzulpen ikus daitezke. Horrela, bada, ikasleak akatsari buruzko hausnarketa bideratu dezake: hizkuntzen arteko interferentziak eta hizkuntza-baliabideen erabilera, erabilitako estrategiak arazoa konpontzeko …
  • Itzulpen Proposamenak atalean ikasleak goian landutako arazoari buruzko hainbat itzulpen egin ahal ditu bere kabuz. Aurreko ariketan itzulpenak aztertzen zituen; oraingoan, berriz, berak egin behar ditu. Dagokion komandoa sakatuta Itzulpen Proposamenen Zuzenketa agertuko da. Aipatzekoa da zuzenketa hori proposamen bat dela, eta ez duela zertan izan zuzena den bakarra.
  • Azalpenak deritzon atalean ikasleak aukera izango du landutako akatsaz informazio gehiago eskuratzeko: azalpenak eta bibliografia.
  1. Ariketa guztiek ikasleen proposamenak ordenagailuan bertan idazteko aukera eskaintzen dute. Horretarako ariketa bakoitzaren beheko aldean lauki zuri bat agertuko da, ikasleek beren erantzuna idatz dezaten, eta, jarraian, "soluzioak ikusi" botoia sakatuta, proposatzen dugun erantzunarekin alderatu dezakete. Gogoratu, esan bezala, proposatzen duguna ez dela aukera bakarra.
     
  2. Esaldi oker guztiek izartxoa daramate (*).
     
  3. Zuzendu beharreko okerrak, hobeto identifikatzearren, gorriz letra lodiz eta azpimarratuta agertzen dira.
     
  4. Zuzendutako okerrak, berriz, berdez, letra lodiz eta etzanez adierazita daude.
     
  5. Egileek eta arduradunek pozik hartuko dituzte iradokizunak lan honetan aurkituko diren hutsak zuzentzeko eta guztia hobetzeko. Eskerrik asko zure laguntzagatik ( julian.maia@ehu.es,kepa.larrea@ehu.es).


 

Azken eguneratzea: 2012/05/02