euskaraespañol

SuperCam tresnaren ikertzaile nagusia, NASAren Mars2020 roverraren misioan

Roger Wiens: «Espero ez ditugun aurkikuntzak izango dira liluragarrienak»

  • Interview

First publication date: 26/09/2019

Image
Roger Wiens Armintzan izan zen IBeA ikerketa taldeko kiedekin batera. Argazkia: Mikel Mtz. de Trespuentes. UPV/EHU

Wiens ikertzaile ospetsua UPV/EHUn izan da, IBeA ikertaldearen lana ikuskatzen, SuperCam tresnaren kalibratzeko txartelaren eraikuntzan eta kalibratze-prozesuan parte hartzen ari baita taldea

Lurrak eta Martek antzekotasunak dituzte; izan ere, Ilargiak edo eguzki sistemako beste edozein tokik ez bezala, planeta gorriak 24 ordu inguruko egunak ditu. Halaber, Curiosity roverrari esker, aurrerapauso handiak eman dira Marte planetaren ezagutzan: urari, klimari eta haizeari dagokienez, bai eta antzinako ibaiei, lakuei eta ozeanoei dagokienez ere. ‘Ingurune abegikor’ horrek hainbat galdera eragin dizkie Roger Wiensi eta beste ikerlari batzuei: nolakoa izan zen iraganean?, inoiz bizitzarik izan du?, gizakiek etorkizunean bizitzeko moduko tokia bihurtuko dute?

Roger Wiens, Mexiko Berriko (AEB) Los Alamosko Laborategi Nazionaleko (LANL) ikerketa zuzendaria, Curiosity roverraren barruko ChemCam tresnaren ikertzaile titularra da (roverra 2012. urtetik dago planeta gorrian), eta datorren urtean jaurtiko duten Mars2020 roverraren SuperCam tresnaren ikertzailea ere izango da.

Orain dela zazpi urte heldu zen Curiosity Martera. Zure ustez, zein izan dira azken urteotako aurkikuntza garrantzitsuenak?

Curiosityk ur laster lehor zahar bat zirudien zerbait aurkitu zuen (2013. urtean). Aurkikuntza horren ondoren, berretsi zen Gale kraterra laku handi bat izan zela, eta, gero, gaur egun ura egon litekeela erakusten duten arrastoak antzeman dira.

Horrez gain, metanoa detektatu, eta molekula organikoak aurkitu ditugu. Horiek biziaren zantzuak dira? Ez dakigu oraindik.

Marten 2021etik aurrera jardungo da Mars2020 roverra, eta horren barruan joango den tresnaren ikertzaile nagusia zara, alegia, SuperCam tresnarena, eta Marteko gainazalean aurkitzen diren materialen konposizioa aztertuko duzue. Zer berretsi edo aurkitu nahiko zenuke?

«Bizi arrastoak bilatuko ditu kraterreko ibai baten deltan. Uste dut bertan sedimentatuta dauden estratuek bizia egon zela froga lezaketela»

Bi kontu. Alde batetik, planeta horretan inoiz bizitzarik egon den argitu nahiko nuke; eta, bestetik, nolakoa zen bertako klima. Hala ere, espero ez ditugun aurkikuntzak izango dira liluragarrienak; ziur nago horrelakoak izango ditugula. 

Mars2020 roverra hemendik urtebete inguru jaurtiko duzue (2020ko uztailean), eta 2021eko otsailaren 18an iritsiko da Marteko gainazalera. Zehazki, Jezero kraterrera. Zergatik aukeratu duzue toki hori?

Lur hartzeko zenbait aukera zeuden. 400 lagun baino gehiago egon gara lanean hiru urtez tokia erabakitzeko. Gure iritziak entzun ondoren, NASAko zuzendari Jim Bridenstine-k erabaki zuen Jezero zela tokirik egokiena. Nire ustez, erabaki ona da. Mars2020 roverrak bizi arrastoak bilatuko ditu kraterreko ibai baten deltan. Uste dut bertan sedimentatuta dauden estratuek bizia egon zela froga lezaketela. Era berean, misio berri honi esker, laginak bildu ahalko ditugu, noizbait Lurrera ekartzeko.

Etorkizuneko aurkikuntza horietatik ateratako ezagutzekin giza espedizioak egin ahalko dira? Denbora asko falta da pertsona batek Marte zapaltzeko?

Ez dut uste epe laburrean, hurrengo urteetan, ikusiko dugunik, baina bai mende honetan. Erradiazioa eta hauts ekaitzak dira bertara iristeko mehatxu nagusienak. Eta ezin dugu gutxietsi perklorato kontzentrazioa. Hautsean aurkitu diren substantzia kimikoak dira, eta oso erreaktiboak izan daitezke.

Baliabide naturalen iturri izan liteke Marte? Gas, ikatz edo mineral hobiak egon daitezke?

Agian bai, baina arazoa da nola ekarri hori guztia Lurrera. Distantzia, behar den teknologia... Oztopo handiak dira. Ez da benetako aukera bat.

Nolakoa izan da IBeA ikertaldearekin lan egitea?

Bikaina. Ikertalde batean hiru gauza baloratzen ditut, gehienbat: talentua, trebetasuna eta ahalmena. Eta hirurak aurkitu ditut taldean. Benetan.