euskaraespañol

«Mordoa dago egiteko»

Unibertsitateko hiru ikaslek konfinamenduan izandako boluntariotza esperientzia kontatu digute

  • Report

First publication date: 14/05/2020

Image
Gaizka Ormaetxea, Nikola Zalduegi eta Alma Navarro

Gaizkak, Almak eta Nikolak ez dute elkar ezagutzen, orain arte ez zuten elkar ikusi, zekitela behintzat; baina UPV/EHUko ikasle izatea baino gehiago dute erkide: pandemia iritsi zenean, irten, antolatu eta okerrago, askoz okerrago zeuden pertsonei laguntzen saiatzeko beharra izan zuten, eta Bizkaiko Gurutze Gorrian boluntario aritu ziren. Hauek dira bere istorioak.

22 urterekin, Alma Navarrok ez zuen inoiz ezein boluntariotza ekintzatan parte hartu, baina beste ekimen sozial eta politiko batzuk bultzatzeko antolatu zen aurretik, hori bai. Zuzenbideko laugarren mailako ikasle horrek gogorarazi digu bere koadrila konbentzitu zuela «babes sare bat sortu eta konfinamenduan laguntza behar zuen jendeari laguntzeko».  «Hasieran, Whatsappeko talde bat egin genuen, gero kartel batzuk itsatsi genituen, eta, horren ondoren, hemengo influencer bati gure kartela Instagrameko profilean partekatzeko eskatzea bururatu zitzaigun; egundokoa izan zen: jende mordoak deitu gintuen eta gainezka egin zigun egoerak», adierazi du harro Bilboko gazteak.

Nikola Zalduegik, halaber, Bilboko Zazpi Kaleetan laguntza talde bat sortzen parte hartu zuen. Haur Hezkuntzako ikasle horrek –24 urtekoak– gogoratzen duenez, «COVIDaren arazoa gero eta oihartzun handiagoa hartzen ari zen, eta sortzen ari ziren arazoak ikusita, gazte asko eta asko auzoetan antolatzen hasi ginen, laguntza sareak sortzeko».

Gaizka Ormaetxeak: «Ezin nintzen etxean geratu zer gertatzen zen ikusirik, batez ere jakinda nire lanbidearekin zerikusia zuela gertatzen ari zenak»

Gaizka Ormaetxearen hitzetan, «Gure inguruan jende askok behar du laguntza. Askotan beste herrialde batzuetako beharrei erreparatzen diegu, baina nik hemen, Gurutze Gorrian, ikasi dut etxetik gertu uste baino kasu gehiago daudela».

Gaizkak 22 urte ditu, gizarteratzeko goi mailako teknikaria da eta orain Gizarte Hezkuntzako bigarren maila ikasten ari da. «Ezin nintzen etxean geratu zer gertatzen zen ikusirik, batez ere jakinda nire lanbidearekin zerikusia zuela gertatzen ari zenak», azaldu digu. «Horregatik, egunkarian laguntza behar zutela irakurri nuenean, Aldundiko “Bizkaia Gara” plataforman izena eman nuen, eta hortik Gurutze Gorrira bideratu ninduten».

Borondate ona izan arren, auzoko gazte ekimenek zailtasunak izan zituzten, bereziki bi arrazoirengatik: batetik, erakundeek gomendatzen zutelako mugimendu solidario horiek lehendik sortutako egituren bidez bideratu zitezen (birusa zabaltzeko arriskuak saiheste aldera); bestetik, eta Nikolak gogoratzen digun bezala, «erakunde ofizial bat ez ginenez, ez genuelako geure burua ezagutzera emateko aukera handirik; horrek esan nahi du jende askok genuela laguntzeko gogoa, baina pertsona gutxik eskatzen zutela laguntza». Beste pertsona asko bezala, Alma eta Nikola «Bizkaia Gara» plataformara eta Gurutze Gorrira joan ziren laguntza eskaintzera eta gaur egun lanean ari dira.

Milaka gazte, milaka bizipen

Zeregin asko egin behar dira, Almak azaldu digun bezala. «Ni telefonoz deiak egiten hasi nintzen, adinekoak nola zeuden galdetzeko eta laguntza eskaintzeko. Horietako askok ez dute norekin hitz egin, pixka bat bada ere; denbora igaro ahala, batzuek jada zure ahotsa ezagutzen dute eta nolabaiteko harremana sortzen da. Batek, gainera, bere telefono zenbakia eta helbidea eman zizkidan, hau amaitzean geratzeko».

Lanaren zati handi bat janaria eta sendagaiak erostea eta banatzea da. Lan hori egiten aritu dira hiru gazteak: supermerkatura joan, aurreikusitako erosketak egin eta etxez etxe joan familia bakoitzari poltsak entregatzera. Sendagaiekin gauza bera. «Baina hor, noski, poltsak itxita ematen dizkizute eta diskrezio handiagoa dago», argitu du Nikolak.

Esperientzien zerrenda amaigabea da, eta Nikola, Gaizka eta Alma, Euskadiko milaka gazte bezala, hurbiletik bizitzen ari dira, baina sentitzen dute eskaintzen duten laguntzak jendearen zauria arintzeko balio duela: haiekin bakardadea ez da hain bakardade handia, gosea ez da hainbesteko gosea, eta zailagoa egiten dute, beren laguntzari esker, prestakuntza arrakala dela eta aukerarik ez duten adingabe asko amildegi sozialera kondenatzea.

Alma Navarrok: «COVIDaren arazoak gogorarazi digu indibidualismoak ez duela laguntzen gauzak konpontzen, eta elkarrekin baino ezin diezaiekegula egin aurre arazo horiei».

Gaizkak azaldu duenez, «erabiltzaileak esker onekoak dira oso». Eta Almak esan digun bezala, «Benetako dramak ikusten ditugu: emakume ezkongabe bat, seme-alabekin eta lanik gabe. Hunkitu egin ninduen». Nikolak gogora ekarri du kasu berezi bat: janaria eramatera joan zitzaizkion pertsona bati baina atea ez zuen irekitzen. «Atea jo genion, baina ez zuen erantzuten. Atea jo eta jo, baina ezer ez; hortik pasatzen ziren pertsona guztiek esaten ziguten hor ez zela inor bizi. Koordinatzailearekin hitz egin genuen, zer egin genezakeen ikusteko. Azkenean, asko tematu ondoren, zera gertatu zen, pertsona hori lo zegoela eta ez zigula entzun. Pertsona hori hil izan balitz, seguruenik, inork ez zuen jakingo», kexatu da.

Orain, Gaizkak «Txuski», Maria Luisaren txakurra, aterako du; gero Maria Luisarekin hitz egingo du pixka batean, eta Maria Luisak bere bizitzako pasadizoak kontatuko dizkio eta irribarre eginaraziko dio. Nikolak jarraitu egingo du hori egiten, inguruan inor ez duten pertsonei laguntzen, alegia; izan ere, ezin dira hamar metro ere mugitu laguntzarik gabe, eta ezin dituzte inolaz ere burutik kendu leihotik begira bakar-bakarrik ematen dituzten egun horiek guztiak, pandemia honek areagotu egin diela bakardade saihetsezin hori. Eta Almak lanean jarraituko du etorkizunerako proposatu dioten proiektu ilusionagarri horretan: ospitale batean adingabeentzako irrati bat sortzea, bizi duten amesgaiztoa ahazten laguntzeko. Zortea badago, irailean gozatu ahal izango dugu.

«Zer aholku emango zenioke hau irakurtzen ari denari?» galdetu diogu Nikolari, eta hau erantzun digu: «Ezer ere ez; ez dut esaldi tipiko horietakorik esango, adibidez, "boluntariotzak bizitza aldatzen dizu" edo "boluntariotzak pertsona hobea egiten zaitu". Uste dut gizartean lagundu nahi duenak modu batera edo bestera lagundu dezakeela, zalantzarik gabe. Ni gustura nago nagoen lekuan eta hemen jarraituko dut».

Gaizkak, bere aldetik, Gizarte Hezkuntzako ikasgeletan hainbat aldiz egiten duten hausnarketa hori egiteko eskatzen digu: «Zenbateraino egin behar da lan hori boluntariotzaren bidez bakarrik, eta zer heinetan ez litzateke etikoa izango pertsonak kontratatzea dirua bideratuz gero?»

Almak zera gogorarazi digu: «COVIDaren arazoak gogorarazi digu indibidualismoak ez duela laguntzen gauzak konpontzen, eta elkarrekin baino ezin diezaiekegula egin aurre arazo horiei».

Hiru ikuspuntu desberdin, Unibertsitate honetako hiru ikaslek –oraindik elkar ezagutzen ez dutenek– emanak, beharra sentitu zutelako ezezagunei laguntzea erabaki zuten hiru ikaslek, hain zuzen.

Erreportaje hau Campusa aldizkarian argitaratutako artikulu sail baten barruan dago. Artikulu horien bitartez unibertsitateko kide guztien lan solidarioa aitortzen saiatu gara, alarma egoeran erakutsitako konpromiso soziala dela eta.