euskaraespañol

Iaz baino 2.000 pertsona gehiagok izena eman dute UPV/EHUko graduetan, guztira 18.500ek

Eskaeren gorakadak gutxieneko notak ere orohar igotzea eragin du

  • News

First publication date: 17/07/2021

Notas de corte más altas
Ikasle batzuk matrikula egiten UPV/EHUn 2020an. Argazkia: Egoi Markaida. UPV/EHU.

Euskal Herriko Unibertsitateak hasiko du astelehenean, uztailak 19, 2021-2022 ikasturtean graduko ikasketak hasiko dituzten ikasle berrien matrikulazioa. Hain zuzen ere, izena eman duten 18.498 pertsonen eskaerak ordenatu dira, iaz baino bi mila gehiago. Horrek gutxieneko notak ere orokorrean igotzea eragin du. Datorren astelehenetik ostegunera arte, hau da, uztailaren 19tik 22ra, lehen deialdian deitutakoak gradua egingo duten UPV/EHUko ikastegira bertaratuko dira beren matrikula gauzatzeko.

Lehen ordenatze horretan, hauexek izan dira gutxieneko notarik altuena izan duten hogei graduak:

Gutxieneko notarik altuena
Fisika + Ingeniaritza Elektronikoko Gradu Bikoitza 13,348
Biokimikako eta Biologia Molekularreko Gradua 13236
Medikuntzako Gradua 13,065
Bioteknologiako Gradua 12,946
Double Bachelor's degree in Business and Economics 12,935
Medikuntzako Gradua (euskaraz) 12,934
Farmazia + Giza Nutrizio eta Dietetikako Gradua 12,884
Fisikako Gradua 12,840
Politika Zientzia eta Kudeaketa Publikoa + Soziologiako gradu bikoitza 12,832
Matematikako Gradua 12,739
Ingeniaritza Mekanikoa + Industria Elektronikaren eta
Automatikaren Ingeniaritzako Gradu Bikoitza
12,704
Odontologiako Gradua 12,688
Adimen Artifizialeko Gradua 12,376
Erizaintzako Gradua (Bizkaia) 12,347
Erizaintzako Gradua (Gipuzkoa) 12,316
Ikusentzunezko Komunikazioa + Kazetaritzako Gradu Bikoitza 12,308
Biologiako gradua 12,249
Erizaintzako Gradua (Araba, ikastegi atxikia) 12,234
Fisioterapiako Gradua 12,185
Ingeniaritza Elektronikoko Gradua 12,127

 

8.442 plazen eskaintza 

Euskal Herriko Unibertsitateko fakultate eta eskoletan guztira 8.442 plaza eskainiko dira datorren ikasturtean. Plaza horiei gehitu behar zaizkie UPV/EHUri atxikitako hiru ikastegietako (Bilboko Merkataritza Ganberako Unibertsitate Eskola; Gasteizko Erizaintza Eskola; IMHko Ingeniaritza Dualaren Unibertsitate Eskola), hiru graduenak, guztira, 230 plaza. UPV/EHUk 2021-2022 ikasturterako iazko eskaintza bera mantentzen du: 103 gradu. Haietariko dozena bat gradu bikoitzak dira, eta hamaikak unibertsitatea-enpresa prestakuntza duala egiteko aukera ematen dute, hau da, ikasleek graduko ikasketen zati bat enpresa edo erakunde sozial batean egiten dute, eta, beraz, arlo praktikoak garrantzia handia dauka. Halaber, hogeita hamar baino gehiago dira nazioarteko titulazio bikoitzak. Prestakuntza programa horiek ikasleei aukera ematen diete graduko bi titulu eskuratzeko, bata UPV/EHUn eta bestea atzerriko unibertsitatean.

Laura Vozmediano Graduaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren arloko errektoreordearen iritziz, “gero eta jende gehiagok egin nahi ditu graduko unibertsitate ikasketak Euskal Herriko Unibertsitatean, eta izen-emate kopuruak gora egin duenez, gutxieneko notek gora egin dute, datuek agerian uzten dutenez. Aurten, zehazki, gradu bikoitzen eskaintzak pizten duen interesa sendotu egin da, eta horietako zazpi gutxieneko notarik altuenak dituztenen artean daude. Oro har, datuak oso onak dira, eta erakusten dute, ziurgabetasun garaian ere, euskal gizarteak euskal unibertsitate publikoaren aldeko apustua egiten duela”.

Matrikula prozedura 

Uztailean Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioaren ohiko deialdian gainditu zuten Batxilergoko ikasleak matrikulatzen dira, hala nola Goi Mailako Heziketa Zikloetako ikasleak, 25 eta 45 urtetik gorakoak eta lan esperientzia dutenak eta titulatuak. Uztailaren 19tik 22ra luzatuko den lehenengo matrikularako epe hau eta gero, bigarren deialdian (uztailak 24) deitutakoak uztailaren 26 eta 27an matrikulatuko dira, eta hirugarrenean (uztailak 28) deitutakoak, uztailaren 29an. Bi deialdi horietan aurreko ordenazioan libre geratu diren plazak esleitzen dira. Geroago, irailean, beste hiru deialdi egongo dira.

Osasun egoera dela eta, matrikula egiteko hitzordua daukaten guztiei gogorarazi behar zaie maskara eta beren boligrafoa eraman behar dutela, pertsonen arteko distantzia une oro gorde behar dutela, eta gaixotasun sintomaren bat badute, ez dutela joan behar baizik eta beren ordez beste pertsona bat bidali  dokumentazio guztiarekin.


Honen harira