euskaraespañol

Image of the day

2018. urteko enplegua batik bat emakumeetan hazi da Euskadin

Industriak 15.000 enplegu galdu ditu, zerbitzuen sektoreak 21.000 irabazi ditu eta eraikuntza, susperraldia hasi zenetik, lehen urtez igo da, eta 10.000 enplegu gehiago ditu

  • News

First publication date: 30/01/2019

Image
2018aren balantzea positiboa da enpleguaren arloan Euskadi Lan Txostenaren arabera.

Gaur goizean argitaratu da Euskadiko Lan Txostena; bertan, 2018. urtearen balantzea egiten da. Euskadiko Lan Txostena ISEAK Fundazioak prestatzen du, eta Sara de la Rica UPV/EHUko Ekonomia eta Enpresa Fakultateko katedradunak zuzentzen du.

Aurreko hiruhilekoetan esan bezala, 2018aren balantzea positiboa da enpleguaren arloan; izan ere, Euskadin 15.000 enplegu sortu dira, 2017. urteko antzeko kopurua, eta langabeziak behera egin du eta 9.000 langabe gutxiago daude. Horrela, Euskadiko langabezia tasa % 9,58koa da, Estatuko baxuena. Elementu negatibo gisa nabarmendu behar da ez dela 25 urtetik beherakoen artean enpleguan gorakadarik antzeman.

“Enpleguaren gorakadak jarraitzen du 25 urtetik gorakoen eta emakumezkoen artean nagusitzen. Nagusiki zerbitzuen sektorea da onuradun; sektorearen enpleguak gora egin du, 21.000 pertsona gehiagok dute enplegua, eta industria sektoreak 15.000 langile gutxiago ditu. Halaber, gorakada antzeman da eraikuntzan; 10.000 enplegu gehiago”, esan du Sara de la Rica txostenaren zuzendariak.

Langabezia tasak % 10etik behera jarraitzen du, baina 25 urtetik beherakoena % 23koa da. Denborazkotasunak 2017an ehuneko hiru puntu egin zuen gora, eta, 2018an, egonkor mantentzen da, “baina tasa altuetan, % 26koa baita, batez besteko nazionalaren antzera”.

“Nahiz eta iraupen luzeko langabeziak joera beherakorra izaten jarraitzen duen, Euskadin jarraitzen du kronikotasunak eragin handia izaten langabeen kolektiboan; langabeetan kronikotasun gehien duen erkidegoa da. Enplegurik ez duten pertsonen % 59k urtebete baino gehiago darama lan bila”, esan du De la Ricak.

Informazio guztia hemen: http://www.informelaboraleuskadi.org/