euskaraespañol

Nerea Alonso ikasleak ohorezko aipamena jaso du unibertsitateko ikasleen NBEn

UPV/EHUko ikasleak Esloveniaren iritzia defendatu behar izan zuen Nazio Batuek Oxfordeko Unibertsitatean egindako simulazioan

  • Report

First publication date: 04/01/2018

Image
Nerea Alonso (UPV/EHU)

Nerea Alonsok diplomatikoa izan nahi du, eta Nazio Batuetan (emakumeekin eta haurrekin zerikusia duten gaietan) edota Europar Batasunean (Atzerri Ekintzako Zerbitzuan) lan egin nahi du. Gaur egun, Zuzenbideko 4. maila ikasten ari da UPV/EHUn, eta, prestakuntza teorikoa ez ezik, prestakuntza praktikoa ere prestatzen ari da. Diplomatiko gisa lehen urratsak egiteko aukerarik onena Model of United Nations (Nazio Batuen Eredua) izan da. Nazio Batuen Eredua (MUN) mundu osoko ikasleek NBEren funtzionamendua eta munduko gaiak negoziatzeko prozesua modu sakonagoan ezagutzeko egiten duten simulazio bat da.

Model of United Nations (Nazio Batuen Eredua) ekimeneko azken topaketa azaroaren 3an eta 5ean egin zen, Oxfordeko Unibertsitatean. Nerea Alonso Esloveniako gobernuaren ordezkari gisa joan zen Europako Kontseiluak Nazio Batuen Batzarrean egiten duen simulatuko bilkurara. Europako herrialde horren alde egin zuen defentsagatik eta Brexitaren eta Klima Aldaketaren inguruan proposatu zituen akordioengatik, bere lantaldeak (25 lagunez osatutakoak) jaso zituen ohorezko bost aipamenetako bat lortu zuen.

 “Itzultzean, Oxfordeko Unibertsitateko autobusean, whatsapp bat jaso nuen, eta lortutako ohorezko aipamenagatik zoriondu ninduten. Ez nekien zertaz ari ziren", adierazi du Nerea Alonsok. Gaur egun, mundu osoko eta maila guztietako 400.000 ikaslek hartzen dute parte simulazio horietan, NBEk berak adierazi duenez. UPV/EHUko Bizkaiko Campusean dagoen Zuzenbide Fakultateko ikasle hau MUNen bilera batean parte hartzeko eta beretzat ia ezezaguna zen herrialde bat –Eslovenia– ordezkatzeko abenturan murgildu zen.

Oxfordeko egonaldiaren esperientziak ez zien huts egin bere aurreikuspen handiei. Udaren aurretik egin zuen eskaera, eta uztailean onartu zuten. Horretarako, batez besteko kalifikazioa (bikain), hizkuntzen ezagutza (frantsesa, ingelesa, alemana eta portugesa) eta Simulaziora zergatik joan nahi zuen azaltzeko hiru gutun aurkeztu zituen. “Ez nuen itxaropenik, baina saiatu nintzen eta, onartu nindutenean, ezin nuen sinetsi”.

Erronkak gaindituz

Nerea Alonso, lehen aldiz, atzerrira joan eta jendearen aurrean hitz egin zuen. “Erronka handia izan da, eta beldur nintzen, ez bainuen esperientziarik –aitortu du–.Gainera, ikasle gehienak adituak ziren simulazioetan. Esperientziak eman dien arintasuna dute. Karrerako lehen urteaz geroztik (edo lehenago, batxilergoan), Europako hainbat  unibertsitatetan egiten diren simulazioetakoren batean izanak dira. Gainera, pinekin, uniformeekin edo zapiekin identifikatzen diren ordezkaritzetako kideak dira. Babestuta daude. Ni bezala bakarrik zihoan beste pertsona bat baino ez dut ezagutu”.

Bigarren erronka handia ezagutzen ez zuen eta Europan indar handirik ez duen herrialde txiki baten iritzia defendatzea izan zen. “Zaila izan zen. Nire burua asko aberastu behar izan nuen, eta denbora gutxi izan nuen prestatzeko. Albisteak bilatu nituen, eta Esloveniako gobernuaren webgune ofizialari eta presidentearen adierazpenei erreparatu nien. Paperean sartzea lortu nuen, eta herrialde horrek Brexitaren eta Klima Aldaketaren inguruko akordioei buruz zuen iritziari lotutako datuak bildu nituen”.

Nerea Alonsok sakonean ezagutu zituen Esloveniako historia, kultura eta kanpo politika. Eta ezagutza horiek lagungarriak izan ziren Europako Kontseiluko eztabaidetan parte hartzeko erronka gainditzeko. Gainera, aholkuak eskatu zizkien bere oratoriako irakasle Esperanza Osabari eta UPV/EHUko Eztabaida Klubeko Ion Baratasi. “Oso prestatuta joan behar duzu eta ideiak eta zifrak oso garbi eduki behar dituzu erabili ahal izateko eta eztabaidetan bizkor eta arin erantzuteko, mintzaldiak 30 segundokoak baino ez baitira izaten (eta, kasurik onenean, minutu eta erdikoak). Beldur nintzen, baina jendaurrean hitz egiten hasi nintzenean, harrituta geratu nintzen eztabaidatzeko nuen gaitasunarekin. Esloveniaren iritzia barneratu nuen, Ionek gomendatu zidan bezala, eta horrek asko lagundu zidan”.

Balantzea oso positiboa izan da, eta Alonso oso eroso sentitu da, eztabaidetan zein Oxfordeko egonaldian. “Nazionalitate askotako pertsonak ezagutu eta lagunak egin ditut: Indiakoak, Marokokoak, Txinakoak, Singapurrekoak eta abar. Beste ikuspuntu batzuk ikusi ditut, kulturartekotasun leku batean bizi izan naiz, eta balio komunak partekatu ditut oso kultura desberdinetako pertsonekin. Aurten, Genevako Unibertsitatean esperientzia errepikatzeko asmoa dut”.

Europarantz

Euskadira itzultzean, Bizkaiko Campuseko ikasketak amaitzean dauka jarrita gogoa Nerea Alonsok. 2018. urtea intentsitate handikoa izango da. Dagoeneko hasi da gradu amaierako lana eta nahitaezko praktikak eta borondatezkoak prestatzen.

2017/2018 ikasturteko bigarren lauhilekoan, praktikak egingo ditu Clara Campoamor Elkartean, eta apiriletik ekainera bitarte, berriz, Espainiak Estrasburgon duen Kontsuletxera joango da. Era horretan, bere intereseko bi gai lotuko ditu: emakumeen eta haurren eskubideak eta karrera diplomatikoa. Bi ardatz horiek Gradu Amaierako Lanean ere agertzen dira. Alonsok feminizidioa nazioarteko delitutzat har dadin proposatuko du Nazioarteko Zigor Auzitegian, munduko emakume guztiek alegatu ahal izan dezaten.

Nerea Alonso, halaber, Brujasen dagoen Europako Ikastetxeak ematen duen Nazioarteko Harremanetako eta Europar Batasuneko Ikasketa Diplomatikoetako Masterra egiteko eskaera prestatzen ari da. “Baikorra naiz berez, eta oso helburu handiak jartzen dizkiot nire buruari. Lortzen ez baditut, saiatu behintzat saiatu naiz”.