euskaraespañol

UPV/EHUk lan eskaintza publikoak egingo ditu irakasle-ikertzaileentzat eta administrazio eta zerbitzuetako langileentzat

Gaurko Gobernu Kontseiluan 2018ko Aurrekontuen Aurreproiektua ere aurkeztu da

  • News

First publication date: 15/12/2017

Image

UPV/EHUk 161 plazako lan eskaintza publiko bat egingo du irakasle-ikertzaileentzat (IRI) eta 33 plazako beste bat administrazio eta zerbitzuetako langileentzat (AZP). Horiek dira gaur Bilbon unibertsitateatearen Gobernu Kontseiluak egindako bileran hartu diren bi erabaki nagusienetakoak.

IRIen LEPri dagokionez, esan beharra dago plazen % 78 behin-behineko langileak egonkortzeko izango direla, eta plazen % 70ek hizkuntza eskakizun elebiduna izango dutela.  Bestalde, kontuan izanda 2017rako Estatuko Aurrekontu Orokorren Legeak bidea ematen duela behin-behineko langileak egonkortzeko tasa gehigarri bat ezartzeko, UPV/EHUk 39 plazako beste deialdi bat egingo du helburu horrekin, eta eskainiko diren plaza guztiak irakasle agregatuenak izango dira. Azkenik, barne promoziorako deialdia ere egingo du unibertsitateak, katedradunen 20 plaza betetzeko.

UPV/EHUko errektoreak, Nekane Balluerkak, nabarmendu egin du bi LEP berri horiek unibertsitatean enplegua egonkortzeko duten garrantzia. Errektorearen ustez, oso positiboa izan da unibertsitateko langile kolektibo desberdinei zuzendutako lan eskaintza berri horiek onartzea, lege eta aurrekontuen aldetik mugak daudela jakinda ere, unibertsitatearen asmoa delako lanean jarraitzea langileak egonkortzeko bidean aurrera egiteko eta etorkizunean langile kopurua handitu ahal izateko.

2018ko Aurrekontuen Aurreproiektua

Bestalde, errektorego taldeak 2018ko Aurrekontuen Aurreproiektua aurkeztu dio UPV/EHUko Gobernu Kontseiluari. Aurrekontu horien zenbatekoa 409.475.096 eurokoa izan da eta 2017an onartutakoena, berriz, 405.535.937 eurokoa. Beraz, % 0,97ko igoera izan da iazko aurrekontuekin alderatuta. Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuetatik datozen ekarpenak diru sarrera guztien % 75,72 hartzen dute.

Behin aurreproiektua aurkeztuta, proiektua egin behar da. Proiektu hori Gobernu Kontseiluari aurkezten zaionean, zuzenketak egiteko epe bat zabalduko da 2018ko urtarrilaren 17tik 25era. Aurrekontuen Proiektua otsailaren 1eko Gobernu Kontseiluan onartzen bada, Gizarte Kontseiluari aurkeztuko zaio behin betiko onar dezan.

Izen aldaketa

Horrez gain, UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak Bilboko Irakasleen Unibertsitate Eskolari izena aldatzea onartu du, eta ikastegi horri izen berria jartzea: Bilboko Hezkuntza Fakultatea. Izen aldaketa ikastegiak berak eskatu zuen, izen berriak koherentzia handiagoa duelako Boloniako prozesuarekin eta egun ikastegian ematen diren graduko titulazioekin.

Erabakia Gizarte Kontseiluari igorriko zaio, eta kontseilu horrek izena aldatzeko proposamena egingo dio autonomia erkidegoari, hark izen aldaketa onar dezan.