euskaraespañol

Azterlan batek ohartarazi du teknologia enpresa handiek komunikazioa eta kultura kontrolatzeko boterea dutela

UPV/EHUren eta Jaume I Unibertsitatearen azterlan batek Google, Amazon, Facebook, Apple eta Microsoft (GAFAM) ikertu ditu, eta ondorioztatu du ohiko kultura eta sormen eragileen garapena oztopatzen dutela

  • Research

First publication date: 26/11/2019

Image
J.C. Miguel de Bustos. Argazkia: UPV/EHU

Castellóko Jaume I Unibertsitateak (UJI) eta Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) elkarrekin egin duten azterlan batek ohartarazi du teknologia enpresa handiek –tartean, Google, Amazon, Facebook, Apple eta Microsoft (GAFAM)– ohiko kultura eragileen garapena oztopatzen dutela komunikazio digital globalaren jabe egin direlako. Lan horren ondorioak Revista Latina de Comunicación Social argitalpenean argitaratu dituzte.

UPV/EHUko Juan Carlos Miguel de Bustos irakasle eta katedradunak eta UJIeko Komunikazio Zientzien saileko Jéssica Izquierdo Castillo irakasleak gauzatu duten azterlanak industria teknologiko globalen zazpi ezaugarri deskribatu ditu, eta egungo komunikazio digitalaren ingurunean lider izateko potentziala dutela egiaztatu du. «Enpresa horien ezaugarria da modu ekosistemikoan lehiatzen direla, produktuaren arabera lehiatu ordez. Ondorioz, oso talde zentralizatuak sortzen dira, burtsa kapitalizazio handikoak. GAFAM etengabe hazi behar da, eta berrikuntzarekiko mendekotasuna du: patenteen bulimia», azaldu du Miguel de Bustosek.

Jéssica Izquierdoren hitzetan, «GAFAMen beste ezaugarri bat da negozioak hazkunde bektore estrategikoetarantz bideratzen dituela, hala nola osasuna eta gauzen Internet, laguntzaile birtualak, etxetresna elektrikoak, hiriak eta auto adimendunak edota bizi konstanteak monitorizatzeko aplikazioak. Datu masiboen iturri amaigabeak dira, baita enpresa horien DNA ere. Arlo bakar batean ez da lider GAFAM, hain zuzen ere, telekomunikazioenean».

Google, Amazon, Facebook, Apple eta Microsoft enpresa teknologiko handiak nagusi dira ekonomia digitalean, sareko erabiltzaileen datu bilketara oso loturik baitago. «Munduan gero eta streaming plataforma gehiago dagoenez –esaterako Netflix, HBO eta Spotify–, hedabideen ekosistema datu masiboak biltzeko leku lehenetsia da. Herritarrek entretenitzeko eta informatzeko dituzten gustu, iritzi eta nahien datu xehatuak ematen dituzte. Bestalde, orain emozioei buruzko datuak biltzen saiatzen ari dira. Guztiaren jabe egin dira, baita informazioaren banaketarena ere», adierazi du Miguel de Bustosek.

Bestalde, Komunikazio Zientzien saileko irakasle Jéssica Izquierdok aipatu du, egoera horretan, hedabideak informazio iturri baliotsu eta beharrezko bihurtu direla GAFAMentzat, datu horien zati handi bat kontrolatzen baitute YouTube (Google), Twitter (Facebook), Amazon Prime, Apple Music edo LinkedIn (Microsoft) bitartez.

Jéssica Izquierdo Castilloren eta Juan Carlos Miguel de Bustosen lanak GAFAM Internet taldeei buruzko analisi xehatua egin du, eta hedabideetan duten inpaktua balioztatzeko aukera ematen du. Oinarri bibliografiko zabal bat, prentsa espezializatua eta txosten korporatiboak eta instituzionalak erabiliz, GAFAMen eta hedabideetako edukiaren arteko konexioaren hazkundea aztertu dute, baita talde horrek ekonomia digitalean sormen eta kultura industrien etorkizuneko garapena baldintzatzeko patroiak ezartzeko duen gaitasuna ere.

Emaitzek erakusten dute GAFAMek ekonomia digitalean daukan posizio zentrala eta ekosistema horretan hedabide industrien garapenerako gakoak, hala nola, talde tradizionalak Interneten indartzea (horrek azaltzen du Disneyk bere plataforma abiarazi izana), GAFAM areagotzea hedabideen arloetan edota komunikazio merkatu globalean aniztasun kulturala eta pluraltasuna arriskuan egotea.

 

Informazio gehiago

Jéssica Izquierdo Castillo: irakasle titularra da Jaume I Unibertsitateko Komunikazio Zientzien sailean. Hedabideetako Edukien eta Plataformen Behatokia (OBCOP) ikertaldea zuzentzen du. Horren lan ildo nagusiak konbergentzia digitalaren garaiko hedabideen ekosistema aztertzearekin lotuta daude, batez ere, egiturari eta edukiei dagokienez. adComunica aldizkari zientifikoaren editore albokoa ere bada. Komunikazio sistemaren egiturari eta hedabideetako edukien programazioari buruzko eskolak ematen ditu UJIn eta hainbat herrialdetako unibertsitateetara gonbidatu dute. Hedabideen egituren eboluzioari, negozio ereduen eraldaketari eta telebista publikoari buruz ikertzen du nagusiki.

Juan Carlos Miguel de Bustos: Euskal Herriko Unibertsitateko katedraduna da, eta industria kulturalen alderdi ekonomikoei buruzko eskolak ematen ditu (Komunikazio sistemaren egitura). UPV/EHUko hainbat sailetako doktorego ikastaroetan parte hartzen du. Hainbat herrialdetan, doktorego ikastaroetan eta master ikastaroetan irakasle gonbidatua da. Komunikazio taldeen eta telebista publikoaren egiturazko aldaketei buruzko azterlanak eta argitalpenak egin ditu. Duela zenbait urtetik, GAFAMi (Google, Amazon, Facebook, Apple eta Microsoft) buruz ikertzen aritu da: lehia, pribatutasuna eta edukiak.

http://www.revistalatinacs.org/074paper/1358/41es.html

Bibliographic reference