euskaraespañol

Zabaldu da Zientzia Astea 2018ko jardueretan parte hartzeko izen-emate epe

Txokoez gain, 130 jarduera baino gehiago atondu dira aurten, tartean, tailerrak eta irteerak. Azken bi horietan izena ematea ezinbestekoa da

  • News

First publication date: 23/10/2018

Zientzia Astea
Zientzia Astea UPV/EHU

Bihar, urriak 24, goizeko 9:00etan, irekiko da izen-emate epea, UPV/EHUren XVIII. Zientzia Astea dela eta, Bilbon, Donostian, Barakaldon, Eibarren eta Gasteizen antolatu diren tailer eta txangoetan parte hartu ahal izateko. Zientzia Astea ekitaldi ludiko eta pedagogikoa da, eta ekimen honen bidez, Euskal Herriko Unibertsitateak gizarteari zientzia hurbildu nahi dio, haren benetako xarma erakutsi eta gazte, heldu eta umeen jakin-mina piztuz. Azaroaren 7tik 11ra bitartean Bilbon, Eibarren eta Barakaldon egingo da XVIII. Zientzia Astea, azaroaren 8tik 10ra Donostian eta azaroaren 8tik 11ra Vitoria-Gasteizen. Bilbon, Bizkaia Aretoan izango da; Barakaldon, Clara Campoamor Zentro Zibikoan; Donostian, Tabakaleran; Eibarren, Portalea Kultura Etxean eta, Vitoria-Gasteizen, Bibat Museoan.

Antolatutako 58 tailer eta 43 txangoen artean, gustu eta adin guztientzako ekimenak daude. Itsasoari, espazioari edota dinosauroei buruzko tailerrak, besteak beste. Bakteriak, estatistika, geologia, arkeologia edo janari-intolerantziak ezagutzeko aktibitateak antolatu dira. Esperimentuak egingo dira, papiroflexia ikasteko aukera izango dute partaideek baita ariketa fisikoa nola egitea hirugarren adinean ere erakutsiko da, esaterako.

Txangoen artean badaude, adibidez, itsasontziz ibilbideak, gure hirietan dauden sekretu geologikoak aurkitzeko ibilbideak, zientziako museotara, garraioetara edo upeltegitara bisitak.  Egitarau osoa Zientzia Astea webgunean dago ikusgai.  Aktibitate guztiak doakoak dira.

UPV/EHUren XVIII. Zientzia Asteak beste hainbat aktibitate izango ditu: 58 tailer eta 43 txangoez gain, txokoak, erakusketak, zenbait hitzaldi, txikienentzako  zientzia-ikuskizunak ere egongo dira, baita Zientzia Club formula ere, umorea, musika eta zientzia osagaiak batzen dituzten bakarrizketak.

Bakarrik tailerretan eta txangoetan parte hartzeko da ezinbestekoa izen-ematea. Bilboko, Donostiako, Gasteizko eta Eibarko izen-emateak zientzia-astea.eus webgunearen bitartez burutu beharko dira ezinbestez.

Bestalde, Barakaldoko erreserbak email bidez egin beharko dira.  Erreserbak egiteko informazio guztia hemen dago: http://zientzia-astea.org/eu/zientzia-astea-barakaldo/