euskaraespañol

Bilboko Botikazar institutuko ikasle batek irabazi du Euskadiko Olinpiada Matematikoa

  • News

First publication date: 04/02/2022

Image

Unai Cuerdo Agirrek, Bilboko Botikazar institutuko ikasleak, lehen saria irabazi du joan den urtarrilaren 21ean ospatu zen Olinpiada Matematikoaren final autonomikoan. Bigarren saria Getxoko Julio Caro Baroja institutuko Ibai Martínez Puenterentzat izan zen. Azkenik, hirugarren sailkatua Donostiako St. Patrick 's English School ikastetxeko Ane Redondo Berasaluce izan zen.

Aurten, 58. edizioa betetzen den honetan, Euskadiko 12 ikastetxetako 25 ikaslek parte hartu dute, 17 mutilek eta 8 neskek. Espainiako Real Sociedad Matematica elkarteak antolatzen du Olinpiada Matematikoa, UPV/EHUko Matematika Saileko irakasleekin elkarlanean.

Estatuko eta nazioarteko fasea

Hiru horiek izango dira 2022ko martxoaren 31tik apirilaren 1era bitartean Palos de la Fronteran  (Huelva) ospatuko den Azken Fasea jokatuko dutenak. Fase horretan sailkatutako lehen seiek osatuko dute 2022ko uztailean Oslon (Norvegia) ospatuko den Nazioarteko 63. Matematika Olinpiadan parte hartuko duen talde olinpikoa. Halaber, Matematikako 36. Olinpiada Iberoamerikarra lehiatzeko hautagaien artean egongo dira.

Gainera, hirugarren sailkatuak 2022ko apirilean Egerren (Hungaria) egingo den Emakumezkoen Europako Olinpiadan Espainia ordezkatuko duen talde olinpikoan parte hartzeko aukera izango du.

Espainiako Olinpiada Matematikoari buruzko informazio gehiago: www.olimpiadamatematica.es