euskaraespañol

Image of the day

Iñaki Esparza Leibar

Espetxe zigor iraunkor berrikusgarriaren benetako ekarpena

Zuzenbide Prozesaleko katedraduna

  • Cathedra

First publication date: 27/04/2018

Iñaki Esparza
Iñaki Esparza. Photo: Nagore Iraola. UPV/EHU.
This article is published in its original language.

Espetxe zigor iraunkor berrikusgarria (EZIB aurrerantzean), 2015. urtean Zigor Kodean sartutako figura zaharberritu bat izan zen. Aurrekaria, 1928. urtera arte indarrean egon zen bizi osoko zigorra, orduan ezabatua eta orain berpiztua.  

Pasa den martxoan EZIBen inguruan Espainiako Kongresuan ikusitako eztabaidak, neurria indargabetzeko eskaeraren inguruan, pare bat hausnarketa eragin zizkidan, hain zuzen jarraian datozenak.

Alde batetik, legeak sortzeko prozedura egokiaren inguruan, horrek lan tekniko eta eztabaida argudiatu, arrazoitu, neurtu eta landuaren emaitza behar duela izan. Inolaz ere ez artifizialki berotutako, biktima batzuen erabilera interesatuaren bitartez, tenkatutako eta antzeztutako giroaren emaitza.

Ez da biktimen rola lan legislatiboaren zuzendaritza, ez baitaude horretarako legitimatuta. Biktima izatea inposatutako ezbehar baten ondorioa da, zorionez gero eta estatus juridiko integral eta indartsuago bat aitortu zaie, Europa osoan babesteko. Hala ere, horrek ez ditu legegile kualifikatu bihurtuko edo zentzuzkoa denaren eta ez denaren arbitro egingo, kontrakoa esateak eta pentsarazteak biktimen erabilera okerra eta interesatua azaleratuko luke.

Beste alde batetik, eta gaiaren muinari begira, lehen ideia, Auzitegi Konstituzionalak eman behar duen epaia ezagutzea ezinbestekoa dela iruditzen zait, seguru bainaiz ñabardura interesgarriren bat egingo duela, (Alemaniako auzitegi homologoak 1977an egin zuen bezala) bizi iraupena izan dezakeen zigorra ezin delako, askoren ikuspegitik, konstituzionala izan zuzenbidezko estatu batean.

Esan berri dut lan legislatiboak argudio landuak, neurtuak eta argi azalduak eskatzen dituela, aukera desberdinen ponderazioa eta eztabaida arrazionalak behar dituela, gai bakoitzaren arabera bertan adituak direnen ikerketen emaitzak, eta EZIBen kasuan argudio potoloenak kriminologikoak eta juridikoak behar dute izan. Horiek nagusiki osatu beharko lukete eztabaidaren azpiegitura eta aztergai izan.

Lehenik, indar haundiko argudio bat adituek berek eskaintzen digute, estatu osoko 105 Zigor Zuzenbideko katedradunek, % 85ek gutxi gora behera hain zuzen ere, kontrako iritzi borobil eta arrazoitua espreski kaleratu baitute, ez bakarrik Gobernuak EZIB zabaltzeko azaldutako asmoaren kontra, baizik eta orain indarrean dagoen zigorra erabat indargabetzeko alde. Dokumentu hori aztertu eta eztabaidan kontutan hartu beharra dago nahitaez.

Haien ustez EZIBek ez du sistemaren kalitatea ezta eraginkortasuna ere areagotzen, eta gainera ordainean ordaindu beharreko prezioa gehiegizkoa eta onartezina ere da, zuzenbidezko estatu baten oinarri diren balio askotxo nabarmenki kaltetzen baititu.

Espainiako Konstituzioaren 15. artikuluan (oinarrizko eskubideak adierazten duen atalean kokatua) jasotzen den “gizatasunaren edo duintasunaren kontrako zigor edo traturik” pairatzeko debekua, bizi osorako edo oso epe luzerako (gutxienez 25, 28, 30 edo 35 urte, kasuz kasu) espetxealdiak urratzen duelako.

Argi da EZIBek Espainiako Konstituzioaren 25.2. artikuluan jasotako berrezte eta bergizarteteratze aginduak kinka larrian kokatzen dituela, aipatutako kartzelan egonaldi izugarri luzeak aintzat hartzen baditugu. Ez da interesatuan motibaziorik erraz sortuko berrezteko alde, ulergarria oso, eta sortzen bada ere, ez da bergizarteratzeko gauza handirik geratuko, zigorra berrikuskatu eta, ebentualki, askatasuna berreskura dezakeenerako.

Espainiako Konstituzioaren eta oinarrizko eskubideen ikuspegitik egindako azterketarekin bukatzeko, 25.1. artikuluan jasotako legaltasun printzipioaren eta 9.3. artikuluan bermatutako segurtasun juridikoaren bortxaketa ahalbidetzen duela esan beharra dago. Zigorraren iraupena ez da zehatza edo finkoa, baldintzatua baizik, epemuga ziur eta jakin bat ez baitu. Joko arau zehatz eta argirik ez izateak ondorio zitalak dituela jakina da.

EZIBren alde erabili nahi izan den beste argudio bat izan da nazioartean zabalki onartua eta arautua izan dela. Gure ingurura begira (europar justizia espaziora, alegia) izen berdin edo antzerako batekin ezagututako neurrien esleipena oso desberdina da, bai iraupen aldetik eta bai haren ondorioei dagokienean ere. Espainian berrikuspena, kasu xamurrenetan gutxienez, 25 urte pasa eta gero egin daiteke (zigortuaren jarrera erabakiorra ez delarik). Frantzian, aldiz, 18 urte pasa eta gero, edo Alemanian 15 eta Suedian 10 bete eta jarraian berrikusi daiteke, orokorrean. Bergizarteratzeko eskubide konstituzionalaren ikuspegitik eta, laburbilduz, abiapuntu oso desberdinetatik, eragin oso bestelakoa da. Aintzat hartu edo, de facto, ukatu egin dezakeelako, oinarrizko eskubidea urratuz.

Eta, azkenik, eraginkortasuna, prebentziorako funtsezko balio disuasorioa aitortzen zaiolako EZIBri. Hedabideetan asko erabili den argudio hau, mila aldiz errepikatua, gizartearen iritzia gorpuzteko indar handiko elementua izan baita. Adituen esanetan, aldiz, hau ez da delitugileek egiten duten kalkuluetako bat, ez delitu planifikatuetan, ezta, are gutxiago, gainontzekoetan ere. Ondorioztatu dezakegu, beraz, balio disuasorio edo prebentiboa ere ukatu behar zaiola EZIBri.

Hori guztia aurreiritzirik gabe aztertu, hausnartu eta pausuz pausu egiaztatu eta gero, EZIB ez dela apustu segurua baiezta dezakegu. Zilegitasun demokratikoari buruzko zalantza oso oinarritu eta serioak baitaude.

Ez zaio mesederik egiten, inolaz ere ez, zuzenbidezko estatuari, haren zutabeak astinduz eta tenkatuz, zuzenki erasotuz, larriki ahulduz, horrelako balio erantsi negatiboa duen neurri hau indarrean jartzeko ekimenarekin.

Ez du merezi, ez.