euskaraespañol

DNAren azukreak karakterizatu dituzte, atomoz atomo, aurrekaririk gabeko bereizmenarekin

DNAren azukreen egitura zehazteko behar den teknologia garatu dute UPV/EHUko ikertzaile batzuek

  • Research

First publication date: 03/03/2020

Image
UPV/EHUko Kimika Fisikoa Saileko eta Biofisika Institutuko Espektroskopia Taldea. Argazkia: UPV/EHU

ACS Central Science zientzia-aldizkariak UPV/EHUko Kimika Fisikoa Saileko eta Biofisika Institutuko (CSIC – UPV/EHU) Espektroskopia Taldearen lan bat aukeratu du bere azken zenbakiaren azalerako. Ikerketa horretan, DNAren parte diren azukreak bakartu eta haien egitura zehaztu dute, bereizmen atomikoarekin, lehen aldiz. Horretarako beharrezkoak diren tresnak garatu dituzte, eta aurrekaririk gabeko bereizmena lortu.

UPV/EHUko Kimika Fisikoa Saileko eta Biofisika Institutuko Espektroskopia Taldeak egindako ikerketa-lan bat ACS Central Science zientzia-aldizkariaren azken zenbakiaren azala da. Aldizkari hori Kimikaren arlo guztietako hiru onenen artean dago. Ikerketa-talde horrek lortu du bereizmen atomikoarekin zehaztea DNAren osagai diren azukreen, 2-desoxirribosaren, egitura. “Aurrekaririk gabeko bereizmena lortu dugu; azukre horren atomo bakoitza espazioan kokatu ahal izan dugu”, deskribatu du Emilio J. Cocinero taldeko buruak.

Lortutakoa hamar urte baino gehiagoko lan baten amaieratzat jotzen du Cocinerok: “Emaitza hori lortu ahal izan dugu gure taldeko mikrouhin-espektrometroaren sentikortasuna handitu dugulako; guk geuk diseinatu, eraiki eta egokitu dugu, eta, orain, mota horretako munduko 3 tresna onenen artean dago”.

Gainditu behar izan duten zailtasun nagusietako bat izan da 2-desoxirribosa molekulek izan ditzaketen forma edo konformazio guztien arteko aldakortasuna eta malgutasuna handia dela. Bost aleko edo sei aleko eraztunak osatuz antola daitezke azukre-molekula horiek osatzen dituzten atomoak. “Naturan, bost aleko eraztunak dituzte forma biologikoek; baina, esperimentuetan, azukrea erabat isolatu eta disolbatzailetik bereiztean, eta DNA osatzen duten gainerako elementuekiko elkarrekintza galaraztean —kontuan izanda horiek guztiek baldintzatzen dutela azukreen konfigurazioa—, sei aleko eraztunak ziren azukre-formarik egonkorrenak”, azaldu du Cocinerok.

Egoera hori konpontzeko, Oxfordeko Unibertsitateko Kimika Saileko ikertzaileen laguntza izan zuten: 2-desoxirribosek har ditzaketen lau formak, biologikoak zein naturan agertzen ez direnak, sintetizatzen lagundu zieten, eta blokeatu egin zituzten "metilo talde bat gehituz azukreei, forma batetik besterako bihurketarik ez gertatzeko, eta bakoitza bereiz aztertu ahal izateko", zehaztu du ikertzaileak.

Hala, horien guztien egitura karakterizatu ahal izan dute, banaka, eskala atomikoan, eta, ondoren, Errioxako Unibertsitateko ikertzaile batzuen laguntzarekin, aztertu ahal izan dute nola aldatzen den forma horien egitura disolbatzailearekin, urarekin, kontaktuan jartzean. Izan ere, urarekin kontaktuan egonda, “inguru naturalaren antzekoagoa da. Forma batzuen eta besteen arteko desberdintasunak ikusi ditugu, bai eta karakterizatu ere”.

Halaber, azterketa horri esker hipotetizatu ahal izan dute “zergatik den hori, eta ez beste bat, naturan behatzen den forma. Ikusi dugunez, bost aleko eraztunen forma malguagoa da, eta DNA-katean hartzen duen konformazioak ondoz ondoko nukleotidoak lotzea errazten du”, azaldu du.

Orain, lortutako garapen instrumentalarekin, “molekula handiagoak aztertzeari ekingo diogu, eta saiatuko gara eraikitzen forma biologiko errealetatik gero eta hurbilago dauden sistemak, erantzun hobeak emateko. Teknika instrumentalaren mugaren bila gabiltza”, dio, bukatzeko, Emilio J. Cocinerok.

Bibliographic reference