null

Fisika + Ingeniaritza Elektronikoko Gradu Bikoitzaren 13,199, gutxieneko notarik altuena lehen deialdian

16.430 pertsonak izena eman dute euskal unibertsitate publikoan, iaz baino ia mila gehiago

  • News

First publication date: 25/07/2020

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) hasiko du astelehenean, uztailak 27, 2020-2021 ikasturtean graduko ikasketak hasiko dituzten ikasle berrien matrikulazioa. Hain zuzen ere, izena eman duten 16.430 pertsonen eskaerak ordenatu dira, iaz baino ia mila gehiago. Datorren astelehenetik ostegunera arte, lehen deialdian deitutakoak UPV/EHUra bertaratuko dira beren matrikula gauzatzeko. 

Lehen ordenatze horretan, hauexek izan dira gutxieneko notarik altuena izan duten hogei graduak:

Fisika + Ingeniaritza Elektronikoko Gradu Bikoitza 13,199
Biokimikako eta Biologia Molekularreko Gradua 13,085
Medikuntzako Gradua 12,871
Medikuntzako Gradua (euskaraz) 12,631
Farmazia + Giza Nutrizio eta Dietetikako Gradua 12,593
Fisikako Gradua 12,589
Bioteknologiako Gradua 12,586
Double Bachelor´s degree in Business and Economics 12,578
Politika Zientzia eta Kudeaketa Publikoa + Soziologiako gradu bikoitza 12,308
Odontologiako Gradua 12,273
Matematikako Gradua 12,268
Erizaintzako Gradua (Bizkaia) 11,938
Ingeniaritza Mekanikoa + Industria Elektronikaren eta 
Automatikaren Ingeniaritzako Gradu Bikoitza
11,924
Adimen Artifizialeko Gradua 11,824
Ingeniaritza Elektronikoko Gradua 11,794
Ikusentzunezko Komunikazioa + Kazetaritzako Gradu Bikoitza 11,790
Kazetaritza + Publizitate eta Harreman Publikoetako Gradu Bikoitza 11,769
Fisioterapiako Gradua 11,717
Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza
+ Zuzenbideko Gradu Bikoitza (Bizkaia)
11,716
Erizaintzako Gradua (Araba, ikastegi atxikia) 11,700

 

8.448 plazen eskaintza 

Euskal Herriko Unibertsitateko fakultate eta eskoletan guztira 8.448 plaza eskainiko dira datorren ikasturtean. Plaza horiei gehitu behar zaizkie UPV/EHUri atxikitako hiru ikastegietako (Bilboko Merkataritza Ganberako Unibertsitate Eskola; Gasteizko Erizaintza Eskola; IMHko Ingeniaritza Dualaren Unibertsitate Eskola), hiru graduenak (guztira, 230 plaza).

Gradu kopuruari dagokionez, UPV/EHUk 2020-2021 ikasturtean 103 gradu eskainiko ditu, tartean berrikuntza hauek: osorik ingelesez den gradu bikoitz bat, Business + Economics; beste hiru gradu bikoitz (Kazetaritza + Publizitate eta Harreman Publikoak, Ikusentzunezko Komunikazioa + Kazetaritza, eta Politika Zientzia eta Kudeaketa Publikoa + Soziologia) eta Adimen Artifizialeko gradu berria Informatika Fakultatean. Euskal unibertsitate publikoaren eskaintza berri horrek harrera bikaina izan du sartuko diren ikasleen artean, izan ere, bost titulazio berri hauek gutxieneko notarik altuena dutenen artean daude. “Datuok erakusten duten moduan, UPV/EHUren eskaintza berriak gizartearen eskaerari erantzuten dio. Halaber nabarmentzekoa da gradu bikoitzen harrera ona, zeren eta unibertsitateak eskaintzen dituen hamabietatik zortzi gutxieneko notarik altuena dutenen artean daude”, nabarmendu du Graduko eta Graduondoko Ikasketen errektoreorde Araceli Garinek.

Bestalde, graduko hamabost titulazioetan unibertsitatea-enpresa prestakuntza duala egiteko aukera egongo da. UPV/EHU aitzindaria da modalitate horretan, zeinen bidez ikasleak aukera baitauka graduko ikasketen zati bat enpresa edo erakunde sozial batean egiteko, eta, beraz, arlo praktikoak garrantzia handia baitauka. Halaber, hogeita hamar baino gehiago dira nazioarteko titulazio bikoitzak. Prestakuntza programa horiek ikasleei aukera ematen diete graduko bi titulu eskuratzeko, bata UPV/EHUn eta bestea atzerriko unibertsitatean.

Matrikula prozedura 

Uztailean Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioaren ohiko deialdian gainditu zuten Batxilergoko ikasleak matrikulatzen dira, hala nola Goi Mailako Heziketa Zikloetako ikasleak, 25 eta 45 urtetik gorakoak eta lan esperientzia dutenak eta titulatuak. Uztailaren 27tik 30era luzatuko den lehenengo matrikularako epe honetaz gain, bigarren deialdian (abuztuak 1) deitutakoak abuztuaren 5ean matrikulatuko dira, eta hirugarrenean (abuztuak 5) deitutakoak, abuztuaren 6an. Bi deialdi horietan aurreko ordenazioan libre geratu diren plazak esleitzen dira. Geroago, irailean beste hiru deialdi egongo dira.

Osasun egoera dela eta, matrikula egiteko hitzordua daukaten guztiei gogorarazi behar zaie maskara eta beren boligrafoa eraman behar dutela, pertsonen arteko distantzia une oro gorde behar dutela, eta gaixotasun sintomaren bat badute, ez dutela joan behar baizik eta beren ordez beste pertsona bat bidali  dokumentazio guztiarekin.

Onarpen eta matrikulari buruzko informazio gehiago: www.ehu.eus/eu/web/sarrera-acceso/admision-matricula

 

Related Assets