euskaraespañol

Image of the day

Eneko Agirre Association of Computational Linguisticseko (arloko erreferentziako zientzia elkartea) fellow izendatu dute

  • News

First publication date: 14/01/2022

Image
Eneko Agirre. Argazkia: UPV/EHU

Eneko Agirre, Euskal Herriko Unibertsitateko Informatika Fakultateko irakasle oso, hizkuntzaren teknologiako HiTZ ikerguneko zuzendari eta Ixa hizkuntza naturalaren prozesamenduko ikerguneko kidea, Association of Computational Linguistics (ACL) munduko zientzia elkarteko fellow aukeratu dute, arlo hauetan egindako ekarpenengatik: adieren desanbiguotasuna, antzekotasun semantikoa, itzulpen automatikoa eta euskarako baliabideen sorrera.  Izendapen hori jaso duen Estatuko lehen ikertzailea da Eneko Agirre.

“Aitorpen hau gure jakintza arloko handiena da, eta gure zentroan egin dugun eta egiten ari garen ikerketaren kalitatea errekonozitzen du. Ohorea da izen handiko ikertzaileekin batera egotea; benetako liderrak dira gure arloan, eta europarrak tokia egiten ari gara poliki-poliki”, esan du kide berriak.

ACL elkarteak hizkuntzalaritza konputazionaleko 4.000 ikertzaile baino gehiago biltzen ditu. Adimen artifizialaren adar horrek hizkuntzaren teknologia eta hizkuntza naturalaren prozesamendua hartzen ditu. Elkarte horrek editatzen ditu arloko erreferentziako aldizkariak eta kongresu zientifikoak.  Erakunde horren fellowen programa prestigiotsuak 2011z geroztik errekonozitzen ditu ikertzaile nabarmenenak. Orotara, 74 fellow dira, eta Europako 15 zentrotan dihardute. Eneko Agirrerekin batera, beste zazpi fellow aukeratu dituzte 2021ean, askotariko ikergunetakoak; tartean, Huawei eta Txinako Zientzia Akademia, Ameriketako Estatu Batuetako Michigango Unibertsitatea eta Washingtongo Unibertsitatea eta Colby College, Alemaniako Heidelbergo Unibertsitatea eta Suediako Uppsalako Unibertsitatea. ACLko presidente Rada Mihalceak 2021ean aitortutako zortzi ikertzaileek itzulpen automatikoari, desanbiguazio semantikoari, diskurtsoaren analisiari eta prozesamendu eleaniztunari egindako ekarpenak azpimarratu ditu.