euskaraespañol

Erakusketa: 'Zomorroaren kronika bat’

  • Event

When and where

From: 28/01/2021 To: 25/02/2021, 18:00

Location

Etxepare erakusketa-aretoa - Bizkaia Aretoa
Avenida Abandoibarra 3. -48009- Bilbao (Bizkaia)

Image
Artista: Beñat Lizaso Garcia

Description

2021ko urtarrilaren 28tik otsailaren 25era

Ostegunean, urtarrilaren 28an, inauguratuko da Etxepare aretoan Beñat Lizaso Garciaren (Urnieta, 1998) lanekin osatutako ‘Zomorroaren kronika bat’ erakusketa.

UPV/EHUn Kazetaritzan graduatua, ekitaldien argazkilari gisa lan egiten du. Bere egunerokotasunean argazkiak ateratzera bultzatu zuen itxialdiak, koronabirusak hamaika modutara eragin diolako gizarteko pertsona orori.

Tino Sorianok (National Geographyceko argazkilaria) dio argazkilaritza dokumentala guztiaren gainetik autobiografikoa dela, hau da, argazkilaria informazioaren erdigunean kokatzen da eta ikuslea bere begiradatik gertakaria ikustera bultzatzen du. Horrela, artistak bere egunerokotasuna eta ezinegonak ikuslearenak egiten ditu erakusketa honetan.

Gizartea osatzen duten hainbat talde aurkezten ditu egileak, beti ere pandemia garaian, eta talde bakoitza une horretan bizitzen ari dena erakusteko asmoz.

Komunikabideetan hainbestetan aipatu diren talde zaurgarrienetako batekin hasten da: adinekoak. Zahartzaroan gizakiok jasaten dugun bakardadea erakusten digu atal honetan. Donostiako kaleetan, udako egun eguzkitsuetan, Kontxako hondartzako pasealekuan edo Alde Zaharrean denak ez dira familiak, ezta gazteak ere. Gipuzkoako hiriburuko kaleak bakardadean igarotzen dituzten adineko pertsonez beteta daude kaleak. Hori erakusten du ‘Itsasoa ere grisa bihurtu daiteke’ atalean.

‘1998an jaiotako horiek’ atalean, gazteak dira subjektu nagusia. Egileak bere adineko gazteekin antolatutako zita ezberdinetan ateratako argazkiak dira. Pandemiak lan mundura ateratzekotan zirela harrapatu zituen gazte hauetako asko, beste batzuk lanean ari ziren dagoeneko. Hala ere, pandemiak etorkizuneko planak nola edo hala moldatu dizkie. Ikusleak protagonisten ahotsetik entzun ahal izango du zein den euren egoera pertsonala momentu honetan bideo instalazio bati esker.

Lehen sektorearentzako ere ez da garai samurra izan. Berehala debekatu zitzaien gure baserritarrei diru iturri nagusi dituzten merkatuetan haien produktuak saltzea, eta baserrian, saltzen ez dena, alperrik galtzen da. Hala ere, hurrengo uzta prestatzeko lanean jarraitu behar da, edo abereak hazten. ‘Gelditzen ez direnak’ atalean, Urnietako Gurutzeta baserriko Maite Otaño eta Joseba Lete dira protagonista, Lizasok lan egun oso bat igaro zuen haiekin. Goizean goizetik hasi, Hernaniko plazan jartzen duten postuan, eta arratsaldera arte, lurra lantzeaz bukatzen dutenean.

Familiak ere badu bere lekua lan honetan. Lizasok itxialdiarekin eman zion hasiera lan honi, hortaz, sormenari bidea ireki zion lehenengo gauza familia izan zen. Bere bikoteari gitarra jotzen ari zela ateratako argazki batekin hasi zen dena. Argazki horrekin hasi eta itxialdian pasa zen guztia erakusten digu ‘Etxe barruko arrastatzea’ sailean. Ama sukaldean, aita lorategian, anaia klasean, bideodeiak, ile-apaindegia etxeko sukaldean… Euskal Herriko etxe gehienetan pasa dena plazaratu du.

Inaugurazioa
Osteguna, 2021ko urtarrilak 28, 18:00etan 

Ordutegia 
Astelehenetik ostiralera:  
09:00-19:30 

Sarrera dohainik
 

Jarduerak
2021ko otsailak 3
Bisita  gidatuak. Beñat Lizasoren eskutik. 

Txanda bakoitzean 6 pertsona gehienez.

2021ko otsailak 17
Bisita  gidatuak. Beñat Lizasoren eskutik. 

Txanda bakoitzean 6 pertsona gehienez.

Informazio gehiagorako: ehukultura-bizkaia.info@ehu.eus