euskaraespañol

Eskola Futura proiektuan parte hartzea, «aukera paregabea»

Euskadiko eta Bordeleko ikasleek tokiak trukatu dituzte euskara eta frantsesa ikasteko, beren lan aukerak ugaritze aldera

  • Report

First publication date: 09/01/2019

Image
Bordeleko ikasleak, Zornotzako Barnetegian euskara ikasten dabiltzanak, bisitan etorri dira unibertsitatera. (Argazkia: Urko Sánchez. UPV/EHU)

Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdearen programan euskara ikasten dabiltzan Bordeleko ikasleak bisitan etorri dira UPV/EHUra. «Oso erakargarria da», «arreba irrikatan dago etortzeko», diote Marian Aramendi (Urruña) eta Ramuntxo Saint-Pé (Kanbo) Bordeleko ikasleek. Beste bost ikaslerekin batera, Eskola Futura (Irakaslegiak AEN) proiektuan hartzen ari dira parte, eta euskara ikasten dabiltza Zornotzako Barnetegian. Pozik daude aukerarekin, eta horrela adierazi dute Bilboko Hezkuntza Fakultatea ezagutzera etorri direnean.

Bestalde, Eskola Futura proiektuaren baitan, UPV/EHUko eta UPNAko Irakasletzako 4. mailako ikasle edo graduatuek aukera dute urtebetez frantsesa ikasteko Bordeaux Montaigne Unibertsitatean, eta, ondoren, oposizioak prestatzeko hurrengo urtean frantses‑euskara irakasle elebidunak izateko Akitaniako ESPEn. Libe Otxoa de Aldak (Getxo, Bizkaia) uste du parada paregabea dela bere lan aukerak ugaritzeko.

Euskal Herriko Unibertsitateak, Bordeleko Unibertsitateak, Bordeaux Montaigne Unibertsitateak, Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta Akitaniako ESPEk jarri dute abian Eskola Futura (Irakaslegaiak AEN) proiektua. Lau unibertsitateok Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdea izeneko partzuergoaren bidez daramate aurrera egitasmoa.

Marian Aramendi, Ramuntxo Saint-Pé, Laury Amestoy, Philippine Guirao, Florian Herara, Oihan Etxeberria eta Unai Blanco Zornotzako Barnetegian daude euskara ikasten eta euskaraz bizitzen. Irakasle izan nahi dute, eta euskaraz irakatsi; horregatik eman zuten izena Eskola Futura proiektuaren bitartez beren prestakuntza hobetzeko. Haien egonaldia ekainaren 28an bukatuko da.

«Hizkuntza irakasle izan nahi dudanez, nire euskara hobetzeko aukera paregabea izan da. Horrela, oinarri ona izango dut irakatsi behar dudanean», azaldu du Marian Aramendik. Gazteak euskara du ama hizkuntza. Ramuntxo Sain-Pék, aldiz, ikastetxean landu du: «Etxean ez dut euskaraz hitz egiten, ezta kalean ere. Euskaldun berria naiz, eskolan ikasi dut». Berarentzat proiektuan parte hartzeak garrantzi handia du, «irakasle ona izan nahi dudalako».

Euskara ikasteaz gain, barnetegiak modua eman die euskalkiak ezagutzeko. «Egun osoan gaude euskaran murgilduta, eta barnetegiko beste ikaskideekin euskaraz aritzen. Esperientzia ikaragarria da». Ramuntxo Saint-Pé ados dago: «Oso interesgarria da. Batzuetan oso zaila da frantsesez ez hitz egitea, baina nabari da gero eta maila hobea dudala».

Biek esperientzia hori bizitzea gomendatzen dute. Ramuntxoren arrebak proiektuan parte hartu  nahi du, eta barnetegira etorri. “Arrebak esan dit: «titulazioa amaitzen badut, ni ere hara joango naiz datorren urtean»”, azaldu du Ramuntxo Saint-Pék.

Bordelen ere bai

UPV/EHUko zazpi ikaslerekin zein UPNAko 3 ikaslerekin batera, Libe Otxoa de Alda (Getxo, Bizkaia) Bordelen dago proiektu honetan parte hartzen. Guztiak ari dira Magisteritzako 4. ikasturtea burutzen. «Gehien erakarri ninduena —dio Libe Otxoa de Aldak— frantsesa hobetzeko aukera izan zen eta, batez ere lan aukerak zabaltzea. Lehenagotik erakartzen ninduen Ipar Euskal Herriko eskoletan edo ikastoletan lan egitearen ideiak; proiektuak horretarako gogoa areagotu baino ez zidan egin».

Esperientzia oso ona izaten ari da gazte getxotar honentzat. «Taldeak oso ondo funtzionatzen du eta Bordelen daramatzagun hil hauetan dezente hobetu dugu guztiok hizkuntza maila. Oraindik ez gara masterrarekin hasi, baina frantses ikastaroa baliagarria izaten ari da oso». Izan ere, UPV/EHUko Haur Hezkuntzako graduatu gazte honen xedea da datorren urteko ekainean frantseseko C1 maila lortzea, Frantziako lehen hezkuntzako eskoletan irakasle lanpostua lortzeko oposizioak prestatzen dituen bitartean.

«Proiektu hau gomendatzen dut, ezbairik gabe. Nire ustez, aukera bikaina da: kanpoan bizitzen eta ikasten zauden bitartean, eta zure lan aukerak zabaltzen, jende berria ere ezagutzen duzu. Bestalde, beti da positiboa bakoitzak bere apurra egitea euskara Ipar Euskal Herrian sustatzeko, haur eta gazteekin bereziki».

Eskola Futura

Eskola Futura (Irakaslegaiak AEN) programak hiru lurraldeetako hezkuntza erakundeen arteko harremana estutzen du, eta prestakuntza eta enplegu aukerak ugaritzen ditu gazteentzat. Programako ikastaroen bidez, ikasleek behar den hizkuntza maila eskura dezakete euroeskualdeko eskola elebidunetan irakasteko.

Programa sortu zen irakasle elebidun izan nahi duten mugaz bi aldeetako irakaslegaiei laguntzeko. Frantseseko, euskarako eta okzitanierako ikastaro trinkoak eskaintzen ditu, urtebetekoak edo bi urtekoak, eta bere gain hartzen ditu matrikula, ikastaro eta joan-etorrien gastuak.

Programa Eskualde Garapeneko Europako Funtsak (EGEF) finantzatu du, Interreg V Espainia, Frantzia, Andorra programaren bidez (POCTEFA 2014‑2020).