euskaraespañol

Image of the day

Euskal Herriko ordezkariek emaitza bikaina lortu dute Espainiako 55. Matematika Olinpiadetan

Inés Borchers Ariasek zilarrezko domina eraman du eta Espainia ordezkatuko du ‘Mediterranean Youth Mathematical Championship’ txapelketan

  • News

First publication date: 02/04/2019

Image
Inés Borchers Ariasek zilarrezko domina lortu du.

Martxoaren 21etik 24ra, Espainiako 55. Matematika Olinpiadaren azken fasea jokatu da Jaenen. Matematika Olinpiada urtero egiten da Espainiako Matematikako Errege Elkartearen babesarekin, eta helburu du bigarren hezkuntzako ikasleen artean matematikako ikasketak zabaltzea eta problema matematikoen ebazpenaren gaineko interesa areagotzea, betiere kirol eta zientzia giroan. Espainiako unibertsitate barruti guztietan aldi berean jokatu diren fase autonomikoetan hautatu dira amaierako lehiaketara joan diren 78 parte hartzaileak.

Azken fasean lehiatu diren Euskal Herriko ordezkariak zorrotz aukeratu ziren Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe guztien artetik. Hauek izan ziren lehen fasea gainditu eta azken faserako sailkatu ziren ikasleak: Jon Pineda Lezámiz, Leioako Askartza Claret ikastetxekoa; Inés Borchers Arias, Lauro Ikastolakoa (Loiu); eta Andoni Latorre Galarraga, Zamudioko Colegio Vizcaya ikastetxekoa.

“Gure ordezkariek oso emaitza onak lortu dituzte: Inés Borchers Ariasek zilarrezko domina irabazi du, hau da, zazpigarren postuan gelditu da. Horri esker Espainia ordezkatuko du ‘Mediterranean Youth Mathematical Championship’ txapelketan. Lehiaketa hori uztailaren 17tik 20ra egingo da Napolesen”, azaldu du UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Matematikako irakasle Pedro Alegríak.

Euskal taldeko kide guztiek “Matematika tailerra” egin dute. Orain dela zenbait urtetatik ematen da tailerra, Zientzia eta Teknologia Fakultateko Matematika Ataleko irakasle batzuen ekimenez.

“Zorionak eman nahi dizkiegu Matematika Olinpiadako euskal ordezkariei, egin duten ahalegin eta lan handiagatik, eta espero dugu arrakasta hauek baliagarriak izango direla gure gainerako ikasleak motibatzeko eta gure erkidegoko hainbat hezkuntza alorrek sustatzen dituzten jardueretan parte hartzera animatzeko”, esan du Alegríak, pozik.

Hona hemen Matematika Tailerrari buruzko informazioa: http://www.ehu.eus/olimpiadamat/

Hona hemen Matematika Olinpiadari buruzko informazio osoa: http://www.usc.es/olympia/ourense/index.html

 “Mediterranean Youth Mathematical Championship” txapelketaren webgunea da:

http://www.mymc.it/2019/mymc-2019.html