euskaraespañol

Ezagutzaz beteriko uda

Uda Ikastaroen 41. edizioak 8 erronka nagusi izango ditu ardatz, hala nola iraunkortasuna, digitalizazioa edo osasun mentala

  • News

First publication date: 05/05/2022

Image
Ezkerretik eskumara, Itziar Alkorta, UPV/EHUko Uda Ikastaroen Fundazioko zuzendaria; Eva Ferreira, UPV/EHUko errektorea, eta Laura Poderoso, BBVA Fundazioko zuzendariordea. | Photo: Mitxi. UPV/EHU.

Euskal Herriko Unibertsitateko Uda Ikastaroen 41. edizioa abian da ,azken urteetako bilakaera islatzen duen irudi berri batekin, udako muga gainditu baitute, urtean zehar eskaintza iraunkorra proposatzeko. Bilakaera hori aurtengo edizioaren leloan islatzen da: ‘Ezagutzaren aldetik’, Uda Ikastaroen funtsa transmititzen duena: ezagutzarako, hausnarketarako eta eztabaidarako lekua. Jakintza, prestakuntza eta pentsamendu kritikorako espazio komuna.

Edizio honetan, 154 Uda Ikastaro programatu dira EAEn, Nafarroan eta Akitania Berrian. 30 ikastaro aurrez aurrekoak izango dira, 120 mistoak –aurrez aurre nahiz online jarraitu ahal izango da–, eta 4 ikastaro online izango dira, zuzenean. Edizio honetan, gainera, 20 hitzaldi izango dira, doan eta herritar ororentzat.

41. edizio honek gizartearen 8 erronka nagusi izango ditu ardatz, gaur egun arreta handia eskatzen duten erronkak izanik. Gobernantza modu berriak, berdintasuna, digitalizazioa edo osasun mentala, lehentasunezko aztergai gisa. Horiekin batera, zahartzaroa eta iraunkortasuna, gure gizartearen etorkizunerako lehentasunezko arretagune diren aldetik. Ikastaroen ardatz klasikoak ahaztu gabe, hala nola hezkuntza eta euskal kultura, Ikastaroen funtsezko edukiak direnez. Ukrainako gerraren eragina kontuan izango dugu programazioan, baita pandemiaren bilakaera eta ondorioak ere, edizio honetan guztian zeharkako gaiak izango dira eta.

Ardatz bakoitzean gai ugari

Iraunkortasunaren ardatzaren esparruan, krisi klimatikoa edo farmakoek eragindako kutsadura bezalako gaiak jorratuko dira, hori baita osasun publikoa eta ingurumena babesteko erakunde nagusien lehentasunezko ikerketa-ildoetako bat. Zahartzea, era berean, etengabeko eztabaida politiko eta sozialaren gaia da gaur egun, eta hainbat ikuspuntutatik aztertuko da. Hezkuntzaren ardatzaren barruan, edizio honetan, honako gai hauei buruzko eztabaidak izango dira: naturan oinarritutako hezkuntza, ikasleen arazo espezifikoen aurrean dituzten erronkak, ahozko komunikazioan duten gaitasuna, ikastea dibertigarria izango den ikasgelak sortzea edo irakasle onenek irakaskuntza publikoan jardun dezaten lortzea. Halaber, hezkuntza-eskaintzarik onena bihurtu nahi duen eskola publikoa izango da hizpide. Euskal kulturaren esparruak Joseba Sarrionandia idazlea izango du protagonista, Vasconia antzinate berantiarrean eta Elhuyarrekin, 50 urte betetzen dituenean, euskarazko ezagutzaren zabalkundea berrikusiko da, betiere etorkizunera begira.

Digitalizazioa izango da edizio honetako beste ardatz nagusietako bat. 4.0. enpresaren esanahia aztertuko da eta adimen artifiziala eta eskubide eta balioekiko errespetua jorratuko dira. Bestalde, gobernantzaren arloan, kontratu sozial berri baten gaiari helduko zaio, eta, beste maila batean, gobernantzaren ikuspegi desberdinak aztertuko dira. Pandemiaren ondoren, agerian geratu da osasun mentalari arreta gehiago emateko beharra. Horrela, beste behin ere, UPV/EHUren Uda Ikastaroek suizidioaren fenomenoa aztertuko dute eta ad hoc ikastaro batek gerrako errefuxiatuek bizi dituzten krisi-egoeretan lehen laguntza psikologikoak zer izan behar duten aztertuko du. Era berean, aukera egongo da osasun mentalaren arretaren errealitatea aztertzeko euskal osasunean, osasun mentala adinekoen artean eta lanaren mundu prekarizatuan, gazteen errealitatea eta jokoarekiko mendekotasuna, hainbeste arazo sortzen ari dena.

Parte-hartzaileak, erreferenteak beren ezagutza-eremuetan

Bestalde, edizio honetan ezagutzaren hainbat arlotako pertsona erreferenteek parte hartuko dute: Carlos Briones, CSICeko astrobiologoa eta bizitza estralurtarrean aditua;  Oscar Alzagak, Espainiako demokrazia kristauaren erreferenteak, Juan Carlos Monederorekin eztabaidatuko du; Viacheslov Tuliakov Zuzenbide Penaleko katedraduna Odesan eta gaur egun errefuxiatua; Bernardo Atxagak Mariano Ferrer kazetaria gogoratuko du; Giuseppe Abbamonte, Europako Batzordeko Hedabideen Zuzendaritzako zuzendaria; Josh Roberts de REScoop.eu, energiako herritarren kooperatiben Europako federazioa.

Epailetzaren munduan, Ana María Ferrer, Antonio del Moral edo María Ángeles Carmona Auzitegi Nagusiko magistratuak. Miguel Poiares Maduro, Portugalgo Garapen Orokorreko ministro ohia eta Europako Erkidegoetako Justizia Auzitegiko abokatu nagusi ohia, pandemia osteko kontratu sozial berri bat planteatzen. Europaz ari garela, Luis López Guerra Giza Eskubideen Europako Auzitegiko magistratua, Europako Kontseiluko Parlamentu Batzarretik, Juan Pablo Fusi, historiaren mundutik eta medikuntza aurreratuenetik Julio Arrizabalaga eta bere taldea. Eta Barbara Dührkopek eta Pili Zabalak protagonizatuko dituztena bezalako elkarrizketak egongo dira.


Gaur irekiko da matrikula www.uik.eus web orri berrian, publiko guztiarentzako proposamenekin. Matrikula zaitez!