euskaraespañol

Image of the day

Jon Kortazar

Gabriel Arestiren poesiaren etxera itzultzeko bidea

Euskal Literaturako katedraduna

  • Cathedra

First publication date: 25/03/2021

Jon Kortazar
Jon Kortazar. Argazkia: Mitxi. UPV/EHU.

‘El ciclo de la piedra’ izenburupean Madrileko Visor argitaletxeak Gabriel Arestiren (1933-1975) poesia sozialaren antologia eman du argitara. Bertan Bilboko poetak idatzi zituen ‘Harri eta Herri’ (1964), ‘Euskal Harria’ (1967) eta  ‘Harrizko Herri Hau’ (1970) liburu garrantzitsuak hartu dira kontutan eta 190 orrialdeetan zehar XX. mendeko 60ko hamarkadan gertatu zen berrikuntza literario eta poetikoaren berri eman du antologiak.

Gabriel Arestiren lanak merezi du ezagutza zabala Euskal Herriko mugetatik kanpo. Eta garai batean izan zuen zabalkunde hori. Gaur egun Visor etxeak Espainiako liburu denda anitzetara heltzeko aukera du, eta horrela Arestiren izena eta lana gure eremuetatik at agertzeko modua erakusten du. Mario Muchnick editoreak gogora ekarri zuenez, guk ere esan dezakegu: “Argitaratzea zabalkundea egitea da”. Visorrek horixe ahalbideratu du Arestiren lanarekin: argitaratuz eta zabalduz, Gabriel Aresti ezaguna ez den tokietan lana ezagutzeko aukerak ematea. Garai batean, Gabriel Arestiren lana Espainiako Batxilergoan ikasten zen, Anaya argitaletxeko Lázaro Carreterren eta Vicente Tusónen ‘Literatura Española’ko eskuliburuei esker. Gerora ahuldu egin da ezagutza hori. Orain, ordea, Visorrek bideak zabaldu ditu Espainiako liburu dendetara eramateko euskal poetaren lana.

Gabriel Arestik euskal literaturaren izaera errotik aldatu zuen, eremu bi berritzeko indarra agertu zuelako: euskara erabiltzeko joera, eta estetika.

1960ko hamarkadan Sabino Aranak bultzaturiko “euskara garbia” nagusi zen euskal idazleen artean. Nazionalistak ziren idazle asko eta asko,  eta  gazteleratik urruntzeko helburuarekin sorturiko euskara garbia, edo purismoa, erabili ohi zuten hainbat lanetan. Purismoan idazleek eguneroko erabilpenetik urrun zegoen hizkera mota baten idazten zituzten lanak, bakoitzak bere eredua proposatuz, egunero “egiten zen” euskara ahaztuz, eta haien ustetan, “beharko lukeena” erabiliz. Azkenean purismoak ulertezina zen idazkera ageri zuen idazkietan. Horren aurrean, Arestik “euskara klaroa” proposatu zuen, lehen irakurraldian ulertzeko moduko euskara, herriaren ahotik hartua eta herriarentzat egina.  Horretarako  herri literatura eta  batez ere bertsolaritza izan zituen kontutan. Gainera euskara batuaren defendatzaile sutsua izan genuen, euskal idazle klasikoen oinarrian bermatu zuen eredua.

Estetikaren eremuan frankismoaren aurka ari zen, eta frankismo soziologikoa gorrotatzen zuen poesia sozialaren alde egin zuen. Blas de Oteroren lana ezagutu zuen ‘Ancia’ liburuaren bidez, eta horrela abiatu zen Aresti poesia sozialaren bideetatik.

Gabriel Arestiren poesiak lau aro ezagutu zituen. Lehen aroan, Shakespeareren erara osaturik ziren sonetoen liburu bat egin nahi izan zuen. Bigarren aroan, bertsolaritzara hurbildu zen. Eta garai horretan bide bitan eman zuen bere lana. Joera herrikoiak ‘Bizkaitarra’ lana ondu zuen eta sinbolistak ‘Maldan behera’ (1959). Hirugarren aroan poesia politikoa landu zuen ‘Zuzenbide debekatua’ (1961) deituriko lanean. Hain zen Frankoren aurkako lana zein argitaratu ezinik geratu zen. Eta hortik jo zuen poesia soziala egitera, Blas de Oteroren irakurketa maitatuz eta bere aitaginarreba zen Dario Estebanen irakaspen sozialistan eta komunistan bere pentsakizun politikoa onduz.

Poesia hori egiteko Arestik oso kontutan izan zuen bere biografia eta eguneroko gertakizunekin egin zuen gizarte kapitalistak egiten zituen bidegabekeriak salatzen zituen poesia. Aipagarria da nola aipatu zituen Bilbon zegoen txabolismoa, etorkinen bizitza negargarria, Otxarkoaga auzoaren eraikuntza. Estetika errealista horrek aurre egin zion gerra garaitik euskal literaturan ezaguna zen poesia sinbolistari.

Une batean adierazi zuen bere poesia birao bihurtuko zuela, eta beraz ez zuela nahi poesia sinbolistaren otoitza. Herriaren ahotik harturiko biraoa, herriari gizarte kontzientzia gisa itzultzen zitzaiona. Bere bertso ezagunek esan zuten moduan: “Hemen euskeraz / ta han erderaz. / Birao egiten zuten. / Okerbideak ezpaitaki mintzaerarik, / berdin tratatzen baitu / erdalduna / eta / euskalduna.”

Poesia sozialean kokaturiko hiru liburuek jarraibide desberdina dute. ‘Harri eta Herri’n (1964) hurbiltasunaren poesia da. Edozer izan zitekeen poesia: Bibliako aipua, Foruen legea, adiskide bati paper puska batean utzitako esaldia. Ironia eta umorea presente daude liburuan eta hango poema asko ezagunak egin ziren plazetan euskal abeslariei esker.

Zentsurak, berriz, gogor astindu zuen ‘Euskal Harria’ (1967) liburua. Arestiren asmotan 120 poema zituen (eta atal bat gazteleraz idatzi zuen Arestik); zentsurak, aldiz,  60 besterik ez zituen baimendu eta horrela zaila izan zen liburuaren irakurketa zuzena egitea. 1962tik aurrera pentsaturiko liburua zen eta urte horretan garbi zuen harriaren sinboloa gunea izango zela bere poesian, euskara eta Euskal Herria adierazteko, bidegabekeriaz osaturiko mundu baten aurrean protesta egiteko. Liburu honetan aipagarriak dira poetak egiten dituen kanpo egoeraren erreferentzia politikoak, iraultzaren garretan bizi zen mundu baten aipamenetan.

‘Harrizko Herri Hau’ (1970) osatzeko aurreko liburutik zentsurak kendutako poemak erabili zituen Gabriel Arestik. Baina bigarren atala poetaren adiskide zen eta istripu batean hil zen Rikardo Arregiri (1942-1969) egindako omenaldi hunkigarria eman zigun Arestik. Poema horretan abangoardia eta herri lirika bildu zituen bilbotarrak. Erregeak jarritako Gatzaren Zergen aurka jaiki zelako XVI. mendean hil zuten Martín Otxoa Aiorabideren poemek gizarte okerraren aurrean Arestik zuen ezinegona adierazi zuten.

‘El ciclo de la piedra’ antologia Gabriel Arestiren poesia zuzen, lau, landu eta ausartaren etxera itzultzeko proposamena da.