euskaraespañol

Graduko 34.000 ikaslek hasiko dituzte 2019-2020 ikasturteko eskolak UPV/EHUn

Orain arte 97 graduetan lehen mailako 8.450 ikasle berri matrikulatu dira

  • News

First publication date: 06/09/2019

Image
Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko ikasturte hasiera ekitaldia. Argazkia: Egoi Markaida UPV/EHU

Datorren asteazkenean, irailak 11, UPV/EHUk 2019-2020 ikasturteko irekiera ekitaldia ospatuko du, Letren Fakultatean (Arabako Campusa). Ordurako gradu guztietako ikasleak geletan egongo dira.

Matrikulazio azkenaurreko epea, gaur, eta irailaren 13an egingo den azkena betetzeke dauden honetan, 8.450 ikasle berri matrikulatu dira Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatean dagoeneko, matrikulazioaren une berean iaz izandakoak baino ia % 2 gehiago. Emakumeak dira  % 55,5 eta gizonak, % 44,5. Hizkuntzari dagokionez, horietariko % 52,8 euskarazko taldeetan matrikulatu dira (iaz baino portzentaje altutxoagoa), eta % 47,2, gaztelerazkoetan.

Campusen arabera xehatzen baditugu ikasle berrien datuak, Bizkaiko Campusean matrikulatu dira % 53,2; Gipuzkoakoan, % 25,2; eta Arabakoan, % 21,6. Arloen arabera sailkatuta, % 42 Gizarte eta Lege Zientzietan matrikulatu dira; % 22, Ingeniaritza eta Arkitekturan; % 16, Osasun Zientzietan; % 12 Arteak eta Giza Zientzietan; eta % 8 Zientzien adarrean.

Matrikula guztiz itxita ez dagoen honetan, Fisikako eta Ingeniaritza Elektronikoko Gradu Bikoitzak du aurtengo gutxieneko notarik altuena:  12,557. Atzetik du Biokimika eta Biologia Molekularra (12,481); Medikuntza euskaraz (12,480); Medikuntza gaztelaniaz (12,453); Bioteknologia (12,108); Odontologia (11,917) eta Fisika (11,812). Bestalde, 11tik gorako gutxieneko notak dituzte beste zazpi graduk: Matematika, Fisioterapia, Ingeniaritza Mekanikoko + Industria Elektronikaren eta Automatikaren Ingeniaritzako Gradu Bikoitza, Farmazia + Giza Nutrizio eta Dietetika Gradu Bikoitza eta Erizaintza hiru campusetan.

2019-2020 ikasturtean, UPV/EHUk 97 gradu eskaintzen ditu hiru campusetan, tartean bost gradu bikoitz berri: horietariko hiru Arabako Campusean emango dira: Farmazia + Giza Nutrizioa eta Dietetika; Enpresen Administrazioa eta Zuzendaritza + Kudeaketaren eta Informazio Sistemen Informatikaren Ingeniaritza; eta Ingeniaritza Mekanikoa + Enpresen Administrazioa eta Zuzendaritza; Bizkaiko Campusean Negozioen Kudeaketa + Lan Harremanak eta Giza Baliabideak eskainiko da, eta  Gipuzkoako Campusean ezarri da Enpresen Administrazioa eta Zuzendaritza + Zuzenbidea. Beste berrikuntza batzuk dira prestakuntza duala titulazio gehiagotan eta nazioarteko titulazio bikoitzen kopuru handiagoa.

Guztira, 34.000 ikasle baino gehiagok gradu ikasketak egingo dituzte UPV/EHUn ikasturte honetan. Horietatik, 2.096 ikasle gutxienez lauhileko bat egingo dute mundu osoko unibertsitateren batean, eta soilik lehen lauhilekoan atzerriko eta Estatuko unibertsitateetako mila ikasle inguruk gure unibertsitatean ikasiko dute. UPV/EHUk 1.500 hitzarmen baino gehiago dauzka bost kontinenteetako 51 herrialderekin.

Datu horiek guztiek erakusten dute Euskal Herriko Unibertsitatearen erakargarritasuna nazioartean. Horretan lagutzen du rankingik entzutetsuenetan duen kokapenak: munduko 500 unibertsitate hoberenen artean kokatu du Shanghai rankingaren azken edizioan, eta, Times Higher Educationen sailkapenaren arabera, 200 unibertsitate gazte (50 urte baino gutxiago dutenak) onenen artean dago.

Bestalde, ikasturtero UPV/EHUk 12.000 bat praktika eskaintzen dizkie ikasleei, enpresa, erakunde eta entitateetan, beraz ikasle guztiek egin ditzakete praktikak.

Gizarte inklusioaren aldeko konpromisoaren barnean, UPV/EHUk urtez urte igotzen da desgaitasunak eta/edo hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleen kopurua, aurten 400 ikasle baino gehiago izango dira. 2015-2016an 87k egin zuten matrikula lehenengo aldiz eta iaz desgaitasunak eta/edo hezkuntza premia bereziak dituzten 133 ikaslek hasi zituzten beren ikasketak.

Halaber, 18 asilo eskatzaile edo nazioarteko babesaren onuradunen matrikula tramitatzen ari da. Pertsona horiek Venezuela, Nikaragua, Siria, Afganistan, Errusia eta Saharatik datoz, eta haietariko sei aurten hasi dira ikasten UPV/EHUn.

Graduondokoak

Ikasturte berri honetan, 99 unibertsitate master eskainiko dira, horietako hamaikak araututako lanbide jakin batzuetan jarduteko bidea ematen dute; sei (iaz baino hiru gehiago) Erasmus Mundus masterrak dira (Europako Batzordeak deialdi oso lehiatsu batean aukeraturiko masterrei eskaintzen die bikaintasun zigilu hori), hiruk prestakuntza duala dute, eta beste sei Amerikako unibertsitateetan emango dira, Graduondoko Sare Latinoamerikarraren bidez. Master ofizial guztiak kontuan hartuta, 3.650 plaza eskainiko dira, eta matrikula irekita dago.

Doktorego programei dagokienez, izen-emateko epea astelehenean, irailaren 9an, irekiko da, eta irailaren 27ra arte egongo da zabalik. Pasa den 2018-2019 ikasturtean 3.857 doktoregai ibili ziren programa horietan. 2019an, abuztuaren 31ra arte, 385 tesi defendatu dira, eta horietako 193k nazioarteko aipamena dute.

Azkenik, UPV/EHUk graduondoko 57 berezko master eta graduondoko eskainiko ditu. Horietariko 13 berri-berriak dira, eta 19 moduluka egin ahal izango dira, ingurunearen prestakuntza beharretara eta ikasleen bitartekoetara hobeto moldatzeko. Hortaz, egitura modularrei esker, kreditu gutxien dituzten programak batuz gero, maila goreneko titulazioak lortu ahal izango ditu ikasleak. Kurtso horietan ere matrikula irekita dago.

Irakaskuntza eta ikerketa guneak

Medikuntza eta Erizaintza Fakultatearen proiektu berriak, Bilbon, Basurtuko Unibertsitate Ospitalearen ondoan, aurrerapauso inportanteak emango ditu. Eusko Jaurlaritzarekin sinatutako hitzarmenari esker, 2018-2019 ikasturtean eraikin berria egiteko proiektua aurkeztu zen. Datorren urrian enpresa lizitatzaileetako bati esleituko zaio proiektua eta 2020ko udazkenean obrak hastea espero da.

Etorkizuneko fakultateak 32.000 metro karratu eraikita izango ditu eta 52 milioi euro baino gehiagoko inbertsioa aurreikusten da. Eraikin berri honetan Medikuntza, Fisioterapia eta Erizaintza irakatsiko dira, hala nola Osasun Zientzien arloko zazpi master. Azpiegitura prest egongo da 2024-2025 ikasturtean.

IIL eta AZP

Euskal Herriko Unibertsitatek 5.471 irakasle eta ikertzaile (IIL) ditu ikasturteon (talde honetan emakumeen portzentajearen igoera etengabea da) eta 1.934 Administrazio eta Zerbitzuetako (AZP) langile. Ikasturte honetan, UPV/EHUk lan eskaintza publikoak onartzea du helburu, eta horiei esker, behin-behineko langileen tasa jaitsiko da eta pertsonalaren promozioa bultzatuko da.

  • Irakasleak/Ikertzaileak:
  Gizonak Emakumeak Guztira
Irakasle eta Ikertzaileak 2.309 2.058 4.367
Ikertzaile kontratatuak 212 228 440
Prestakuntzan dauden ikertzaileak 324 340 664
Guztira 2.845 2.626 5.471

 

  • Administrazio eta Zerbitzuetako pertsonala:
Gizonak Emakumeak Guztira
715 1.219 1.934

Ikasturteari hasiera emateko ekitaldia

Ikasturteari hasiera emateko ekitaldia irailaren 11n izango da, 11:30ean, Letren Fakultateko Areto Nagusian  (Arabako Campusa). Ekitaldiak Iñigo Urkullu lehendakaria izango du buru. Ikasturte hasierako hitzaldia, ‘'Herri Ipuinak gaurko gizartean’, Hezkuntza eta Kirol Fakultateko Haur Literaturaren irakasle Xabier Etxanizen eskutik izango da.