null

Graduko 34.000 ikaslek hasiko dituzte 2020-2021 ikasturteko eskolak UPV/EHUn

Orain arte 103 graduetan lehen mailako 8.459 ikasle matrikulatu dira

  • News

First publication date: 08/09/2020

Aste honetan hasi da 2020-2021 ikasturtea Euskal Herriko Unibertsitatean. 34.000 ikasle baino gehiago hasi dira campusetara hurbiltzen eta errutina berri batekin harremanetan jartzen. Berez, errutina horrek presentzialtasun-ehuneko handi bat eta baldintza sanitario eta akademiko onenak uztartzea du helburu.

Irailaren 11n eta 17an burutuko diren azken matrikula-epeak osatu gabe, dagoeneko 8.459 ikasle berri matrikulatu dira Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatean (UPV/EHU). Emakumeak dira  % 57 eta gizonak, % 43. Hizkuntzari dagokionez, horietariko % 53,9 euskarazko taldeetan matrikulatu dira (iaz baino portzentaje altutxoagoa), eta % 46,1, gaztelerazkoetan.

Campusen arabera xehatzen baditugu ikasle berrien datuak, Bizkaiko Campusean matrikulatu dira % 53,2; Gipuzkoakoan, % 25,7; eta Arabakoan, % 21,1. Arloen arabera sailkatuta, % 42 Gizarte eta Lege Zientzietan matrikulatu dira; % 22, Ingeniaritza eta Arkitekturan; % 16, Osasun Zientzietan; % 11 Arteak eta Giza Zientzietan; eta % 9 Zientzien adarrean.

Matrikula guztiz itxita ez dagoen honetan, Fisikako eta Ingeniaritza Elektronikoko Gradu Bikoitzak du aurtengo gutxieneko notarik altuena:  13,124. Atzetik du Biokimika eta Biologia Molekularra (13,089); Medikuntza gazteleraz (12,848); Medikuntza euskaraz (12,630); Bioteknologia (12,587); Gradu Bikoitza: Farmazia + Giza Nutrizioa eta Dietetika (12,534) eta Fisika (12,459); Odontologia (12,271); Matematikako Gradua (12,252) eta Double Bachelor's degree in Business and Economics (12,079). 

Nekane Balluerka errektorearen iritziz, "2020-2021 ikasturtea ziurgabetasun maila batekin hasten da, baina betiko ilusioarekin. Euskal Herriko Unibertsitateak beharrezko egokitzapen guztiak egin ditu, gure ikasleei irakaskuntza ahalik eta ondoen ematen zaiela bermatzeko. Badakigu gaur egungo osasun-testuingurua salbuespenezkoa dela; horregatik, pertsonen segurtasuna erabateko lehentasuntzat jo dugu ikasturte berri honetan. Lehen egunak normaltasunez egin dira, eta etorkizunean ere horrela jarraitzea espero dut ".

103 gradu

Gradu kopuruari dagokionez, UPV/EHUk 2020-2021 ikasturtean 103 gradu eskainiko ditu, tartean berrikuntza hauek: osorik ingelesez den gradu bikoitz bat, Business + Economics; beste hiru gradu bikoitz (Kazetaritza + Publizitate eta Harreman Publikoak, Ikusentzunezko Komunikazioa + Kazetaritza, eta Politika Zientzia eta Kudeaketa Publikoa + Soziologia) eta Adimen Artifizialeko gradu berria Informatika Fakultatean. Euskal unibertsitate publikoaren eskaintza berri horrek harrera bikaina izan du sartuko diren ikasleen artean, izan ere, bost titulazio berri horiek gutxieneko notarik altuena duten 20 graduen artean daude.

Bestalde, graduko hamaika titulazioetan unibertsitatea-enpresa prestakuntza duala egiteko aukera egongo da. UPV/EHU aitzindaria da modalitate horretan, zeinen bidez ikasleak aukera baitauka graduko ikasketen zati bat enpresa edo erakunde sozial batean egiteko, eta, beraz, arlo praktikoak garrantzia handia dauka. Halaber, hogeita hamar baino gehiago dira nazioarteko titulazio bikoitzak. Prestakuntza programa horiek ikasleei aukera ematen diete graduko bi titulu eskuratzeko, bata UPV/EHUn eta bestea atzerriko unibertsitatean.

Guztira, 34.000 ikasle baino gehiagok gradu ikasketak egingo dituzte UPV/EHUn ikasturte honetan. Horietatik, 1.462 ikasle gutxienez lauhileko bat egingo dute mundu osoko unibertsitateren batean, eta soilik lehen lauhilekoan atzerriko eta Estatuko unibertsitateetako 403 ikaslek gure unibertsitatean ikasiko dute. UPV/EHUk 1.500 hitzarmen baino gehiago dauzka bost kontinenteetako 51 herrialderekin.

Datu horiek guztiek erakusten dute Euskal Herriko Unibertsitatearen erakargarritasuna nazioartean. Horretan lagutzen du rankingik entzutetsuenean duen kokapenak; izan ere,  UPV/EHUk gora egin du Shanghaiko rankingaren azken edizioan, 100 postu, eta munduko 400 unibertsitate onenen artean kokatu da.

Gizarte inklusioaren aldeko konpromisoaren barnean, UPV/EHUk urtez urte igotzen da desgaitasunak eta/edo hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleen kopurua, aurten 425 ikasle baino gehiago izango dira. Ikasturte akademiko bakoitzean desgaitasunak eta/edo hezkuntza premia bereziak dituzten 100 ikasle berri baino gehiago sartzen dira.

COVID-19

2020-2021 ikasturte berriko irakaskuntzari dagokionez, UPV/EHUk irakaskuntza presentzial egokitutako eredu bat aukeratu du; hau da, jarduera gehienbat presentziala konbinatzen da jarduera telematikoarekin eta ikasleen ikaskuntza autonomorako prestakuntza jarduera ez-presentzialekin. Klase presentzialetan segurtasun-tartea mantentzeko, txandak ezarri dira irakaskuntzan eta espazioak berrantolatu dira, eta Unibertsitateak 300 ekipo finko eta 100 ekipo mugikor izango ditu irakaskuntza telematikoki emateko.

Izan ere, ikasturte honen lehentasunetako bat unibertsitate-komunitatea osatzen duten pertsonen osasuna zaintzea da. Ildo horretan, Unibertsitateak "2020/2021 ikasturterako UPV/EHUko zentroen funtzionamendurako neurriak " dokumentua eta ikasleei, irakasleei eta ikertzaileei eta administrazio eta zerbitzuetako pertsonalari zuzendutako dekalogoak onartu ditu. Dokumentu horiek beharrezko jarraibide batzuk ezartzen dituzte COVID-19 gaixotasuna erakundean hedatzeko arriskurik ez sortzeko.

Pandemiaren bilakaeraren arabera, unibertsitateak ezarritako neurriak egokituko ditu edo neurri berri batzuk hartuko ditu.

Graduondokoak

Ikasturte berri honetan, 102 unibertsitate master eskainiko dira, horietako hamaikak araututako lanbide jakin batzuetan jarduteko bidea ematen dute; zortzi (iaz baino bi gehiago) Erasmus Mundus masterrak dira (Europako Batzordeak deialdi oso lehiatsu batean aukeraturiko masterrei eskaintzen die bikaintasun zigilu hori), hiruk prestakuntza duala dute, eta beste bost Amerikako unibertsitateetan emango dira, Graduondoko Sare Latinoamerikarraren bidez. Master ofizial guztiak kontuan hartuta, 3.495 plaza eskainiko dira, eta matrikula irekita dago irailaren 30era arte.

Doktorego programei dagokienez, izen-emateko epea astelehenean, irailaren 7an, ireki da, eta irailaren 25era arte egongo da zabalik. Pasa den 2019-2020 ikasturtean 3.957 doktoregai ibili ziren programa horietan. 2020an, abuztuaren 31ra arte, 279 tesi defendatu dira, eta horietako 141ek nazioarteko aipamena dute.

Azkenik, UPV/EHUk graduondoko 62 berezko master eta graduondoko eskainiko ditu. Horietariko 11 berri-berriak dira, eta 23 moduluka egin ahal izango dira, ingurunearen prestakuntza beharretara eta ikasleen bitartekoetara hobeto moldatzeko. Hortaz, egitura modularrei esker, kreditu gutxien dituzten programak batuz gero, maila goreneko titulazioak lortu ahal izango ditu ikasleak. Kurtso horietan ere matrikula irekita dago.

IIL eta AZP

Euskal Herriko Unibertsitatek 5.496 irakasle eta ikertzaile (IIL) ditu ikasturteon (talde honetan emakumeen portzentajearen igoera etengabea da) eta 1.893 Administrazio eta Zerbitzuetako (AZP) langile. Ikasturte honetan, UPV/EHUk lan eskaintza publikoak onartzea du helburu, eta horiei esker, behin-behineko langileen tasa jaitsiko da eta pertsonalaren promozioa bultzatuko da.

Irakasleak/Ikertzaileak:

  Gizonak Emakumeak Guztira
Irakasle eta ikertzaileak 2.223 2.031 4.254
Ikertzaile kontratatuak 294 301 595
Prestakuntzan dauden ikertzaileak 310 337 647
Guztira 2.827 2.669 5.496

 

Administrazio eta Zerbitzuetako pertsonala:

Gizonak Emakumeak Guztira
697 1.196 1.893