euskaraespañol

Image of the day

Gure txokoak: De Rijk liburutegia, euskaldunon Holandako adiskideari eskainia

  • Photocampus

First publication date: 06/10/2022

Image
Miren Azkarate, De Rijk liburutegian | Photo: Mitxi. UPV/EHU

Gure unibertsitateko kide askok, gehienek beharbada, ez dute jakingo badela Rudolph de Rijk izeneko liburutegia Bizkaia Aretoan. Areago, gutxi batzuk baino ez dute jakingo nor izan zen Rudolph Peter Gerardus de Rijk (1937-2003). Baina horixe da, hain zuzen ere, nire txoko gogokoenetakoa UPV/EHUn.

XIX. mendetik aurrera beti izan ditugu euskara landu eta maitatu duten kanpotar hizkuntzalariak. Leku nabarmena izan zuen, horien artean, 1970eko hamarkadaren amaieran ezaugutu nuen Rudolph de Rijkek. Euskaraz ikasi, euskara landu, gure artera maiz etorri, eta oso gertutik jarraitu zituen euskarari buruzko lanak: gramatikak, aldizkariak, mota askotako liburuak (ez bakarrik euskal hizkuntzari buruzkoak)… Ingurukoen lanak jarraitu bakarrik ez, ekarpen garrantzitsuak egin zizkion euskarari. Euskal Filologian irakasle hasi ginenok berari irakurri genion euskarak subjektu-objektu-aditz ordena izan zezakeela, de Rijk izan baitzen hori proposatzen lehena. Bere doktore-tesiari esker sakondu ahal izan genuen euskarazko erlatibozko perpausez egituran eta, aldi berean, hizkuntzalaritzako teoria berrietan.

Euskaltzaindiak Gramatika Batzordea sortu zuenean, oso gertutik jarraitu zuen de Rijk-ek gure lana; eta aurrez aurre ezagutzeko aukera izan nuen Iruñean 1984an Euskal Gramatika. Lehen Urratsak-I aurkezteko eginiko kongresuan. Ordutik aurrera maiz jaso nituen (nik eta beste batzuk ere bai) Rudolf de Rijk-en kontsultak euskaraz zer ematen genuen ontzat eta zer ez. Ohikoak izaten ziren igande goizetako deiak. Izan ere, euskal gramatika bat idazten eman zituen bizitzako azken urteak. Hil eta handik bost urtera argitaratu zuen EHUk Standard Basque. A Progressive Grammar lan erraldoia. Lehenagotik ere argitaratuak zituen gure unibertsitateak haren lanik garrantzitsuenak (De Lingua Vasconum: Selected Writings,1978). Aitortua zion bere maisutza honoris causa doktore izendatzean 2002an. Eta Euskaltzaindiak ere aitortua zion euskarari egindako ekarpena, euskaltzain urgazle lehenik eta euskaltzain ohorezko ondoren egin zuenean, 1991n.

Lerro hauek irakurtzen ari denak pentsatuko zuen honezkero, konforme, baina beste batzuek ere egingo zioten, bada, ekarria euskarari, Euskal Herriari… Zergatik ez dute haiek beren izeneko liburutegirik? Hori ulertzeko beste datu bat behar duzue. Zein da Rudolf deRijk liburutegiaren edukia? Rudolf de Rij-ek zuen liburutegia, euskararen gaineko liburu eta aldizkari ugari, euskal liburuak, baina baita beste hizkuntza askotako gramatika, hiztegi, literatura-obra… Jakin-min handiko gizona zen Rudolf de Rijk eta urtetan osatutako liburu eta aldizkari-bilduma EHUri utzi zion, batez ere Pello Salaburu, EHUko errektore ohiarekin zuen harremanari esker.

Eta Rudolf de Rijk-en eta Pello Salabururen arteko harremana aipatu dudanez, amaierako gonbita egingo dizuet: sar zaitezte https://www.ehu.eus/eu/web/eins/-rudolf-de-rijk-liburutegia webgunean eta irakurri horko lerroak. Ez zaizue damutuko.

Leku hori aukeratu du Miren Azkarate Villar, Euskal Hizkuntza eta Komunikazioa Saileko Euskal Filologia arloko katedradun eta Euskara Institutuko zuzendariak. Bera da aurreko lerroen egilea ere.

Nola iritsi: 43°16'07.7"N 2°56'18.6"W