euskaraespañol

Hasi da Punta Begoñako memoria kolektiboa osatzeko lekukotzak biltzeko kanpaina

Abenduaren 23tik aurrera parte hartu ahal izango da, Villamonteko Kultur Gelan eta Gobela liburutegian

  • News

First publication date: 22/12/2017

Image
Punta Begoña Galerien ikuspegia, Algortako kontrakaitik, datarik gabe (argazkia Getxoko San Nikolas liburutegiak emandakoa da).

Punta Begoñaren inguruko gizarte sare bat identifikatzea eta haien testigantzak biltzea izan da Punta Begoña galeriei balioa emateko proiektuaren lehen faseko ikerlerro garrantzitsuetako bat. Espezifikoki proiektu honetarako idatzitako protokolo batzuei jarraikiz egin da lan hori, UNESCOk memoria kudeatzeko finkatutako jarraibideetan oinarrituz. Identifikatutako gizarte sareari esker, hainbat dokumentu, grabazio eta elkarrizketa bildu, sailkatu, katalogatu eta aztertu dira, eta, lan horren guztiaren emaitza gisa, Getxori, Bizkaiari eta Euskadiri buruz hitz egiten duen kontakizun bat sortu da. Horri guztiari esker, Punta Begoña Galeriekin eta haien ingurunearekin lotutako memoria immaterial eta materialaren zentroa sortu dute.

Aurten handitu egin nahi da gizarte sare hori, eta herritar guztiei egin nahi zaie parte hartzeko gonbidapena, galeriei eta inguruei buruz gordeak dituzten oroitzapen, istorio, argazki eta dokumentuak parteka ditzaten eta, hala, Punta Begoñako memoria kolektiboaren parte izan daitezen. Kontakizun hori elkarrekin eraikiz, gu denon historia berreskuratzeaz eta babesteaz gain, informazioa eta datuak lor daitezke ikerlanean eta azterlanean sortutako zenbait zalantzari erantzuna emateko, baita iradoki diren zenbait hipotesi –historiko nahiz zientifikoak– berresteko ere.

Abenduaren 23tik aurrera, Getxoko liburutegien sarearekin elkarlanean, herritarrek informazioa biltzeko jarriko diren bi lekuetan izango dute lan horretan parte hartzeko aukera: Villamonteko Kultur Gelan eta Gobela liburutegian. Parte hartu nahi dutenek leku horietan eman ahal izango dituzte harremanetarako datuak, eta proiektuan parte hartzen duen UPV/EHUko ikertzaile taldea jarriko da pertsona horiekin harremanetan. Era berean, digitalki ere eman ahal izango da informazioa, Punta Begoña Galerien webgunean (www.puntabegonagetxo.eus), edo helbide honetara idatzita: memoria@puntabegonagetxo.eus.

Punta Begoña Galeriei balioa emateko proiektua

Getxoko Punta Begoña Galeriak XX. mendearen hasierako Bizkaiko eta Euskadiko eraikinik esanguratsuenetako bat dira, haien erabilera bitxiagatik, kokaleku bereziagatik eta eraikitzeko erabili zen teknologiagatik.

Horregatik guztiagatik, eta ikusirik gaur egun hondaturik daudela, Getxoko Udalak eta Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateak lankidetza hitzarmen bat sinatu dute, herritarrei irekitako eta herritarren zerbitzurako ikerkuntza eta exekuzio prozesu baten bidez galeriak leheneratzeko eta biziberritzeko asmoz.

Hala, UPV/EHUko bost ikertalde hainbat diziplina uztartuz ari dira galeriak leheneratzeko lanean Getxoko Udaleko adituen talde batekin, Bizkaiko Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak lagunduta. UPV/EHUk, berriz, Punta Begoña Galeriak leheneratzeko eta biziberritzeko prozesuan proposatzen diren ekintzen inguruko aholkuak eta jarraibideak ematen ditu.