null

Haur eta gazteen transexualitateari buruzko 'Tránsitos' liburua argitaratu da

Benetako 25 istorio biltzen ditu lanak, jaiotzean suposatu zitzaienarekin bat ez datorren sexu nortasuneko hainbat haur eta gazteren gurasoek kontatutakoak

  • News

First publication date: 09/10/2020

Aingeru Mayor. Argazkia: UPV/EHU

Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle Aingeru Mayorrek ‘Tránsitos. Comprender la transexualidad infantil y juvenil a través de los relatos de madres y padres’ liburua argitaratu berri du (Bellaterra argitaletxea, 2020).

Benetako 25 istorio biltzen ditu liburuak, jaiotzean suposatu zitzaienarekin bat ez datorren sexu nortasuneko hainbat haur eta gazteren gurasoek kontatutakoak. «Duela oso urte gutxi arte existitzen zirenik ere ez genekien haur eta gazte horien prozesurako hurbilpen etnografiko bat da; haien gurasoak, prozesua lehenengo pertsonan bizi izan duten informatzaile pribilegiatuak, oinarritzat hartuta egindako hurbilpena, hain zuzen. Argitaratu aurretik, kontakizunak xeheki landu dira: horien idazketa findu eta orraztu egin da, ahalik eta gutxien aldatuta eta kontatutakoaren edukiari eutsiz, amaierako testua kalitate literario handikoa izan dadin», azaldu du Aingeru Mayor irakasleak.

Liburuaren bigarren zatian, idazleak kontakizunetatik atera daitekeen informazioaren azterketa zehatz bat egin du. «Horretarako, testuak kategoriatan banatu dira, kategoriak eta azpikategoriak identifikatuta. Testuetako zati esanguratsuak horien bidez etiketatu eta etiketatutako zatiak kategoriatan bildu dira; azkenik, bildu eta ordenatutako zatietatik abiatuz, horiek aztertu dira. Azterketa horri esker, errealitate horren ezagutza egituratu bat eraikitzen has daiteke».

Egileak, liburuaren hirugarren zatian, haur eta gazteen transexualitateari buruz ikertu eta hitz egiten jarraitzera bultzatzen duten hainbat gogoeta eta ondorio jaso ditu.

«Liburu hau irakurtzea oso interesgarria izango da errealitate hori ulertu nahi duten hainbat arlotako profesionalentzat eta ikertzaileentzat (psikologian, hezkuntzan, osasunean eta antropologian dihardutenentzat, besteak beste). Gainera, etxekoei lagundu ahal izateko bertan zer gertatzen ari den ulertu nahi duten gurasoentzat balio izugarriko tresna izan daiteke. Era berean, zirraraz eta sentimenduz betetako kontakizun sorta batean murgildu nahi duenarentzat irakurgai erakargarria da», azpimarratu du Aingeru Mayorrek.

Tránsitos liburuak «ikerlan aitzindari baten fruitua» eskaintzen du, lengoaia argi eta errazean, eta horregatik, «haur eta gazteen transexualitatearen ezagutza eta ulermenaren dibulgazioaren arloan mugarri da».

Egileari buruz

Aingeru Mayor Informatikako doktorea da, Sexologiako masterduna eta Euskal Herriko Unibertsitateko Informatika Fakultateko irakaslea. Gaur egun, haur eta gazteen transexualitateari buruzko bi proiektutan lan egiten ari da, Euskal Herriko Unibertsitateko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateko ikertzaile talde batekin. Haien emaitzak aurtengo ekainean argitaratu dira (“La importancia del tránsito en el desarrollo psicosocial de menores transexuales. Mirada y visión desde la propia vivencia, la familia y la escuela”, A. Martxueta, A. Mayor, E. Cepa, J. Etxeberria eta J. Pizarro, 2020). Sexu dibertsitateari buruzko “Neskak eta mutilak. Norbera, den bezalakoa” liburuaren egilea da (Litera arg., 2016). Adingabeko transexualen familien Naizen elkarteko kidea da. Bertan, hainbat zeregin egiten ditu: familiei arreta eta laguntza ematea; baliabide didaktikoak eta sentsibilizazio kanpainak diseinatu eta sortzea; gaia ikusaraztea; erakunde publikoekin elkarlanean aritzea, lege aldaketak lortzeko, gidak idazteko, ikastetxeetako jarduketa-protokoloak diseinatzeko eta pertsona transexualen mediku arreta hobetzeko; eta, hainbat esparrutako profesionalei (hezkuntza, psikologia, pediatria, gizarte-lana…) prestakuntza eta aholkularitza ematea.

Zer esan duten liburuari buruz

Hona hemen liburua argitaratu berria izan arren dagoeneko idatzi diren erreseina pare bat:

Juan Gavilán, filosofo eta antropologoa

Maite Higuero, sexologoa

Joserra Landa, sexólogo y psicólogo

Bertol Arrieta, escritor