euskaraespañol

Haurren gaitasun narratiboak eta balioak lantzeko tresna egokia dira marrazki bizidunak

UPV/EHUko ikerketa batean, haurren kontsumo mediatikoa aztertu dute, eta marrazki bizidunen bidez gaitasun narratiboak eta balioak nola landu

  • Research

First publication date: 04/07/2019

Image
Eider Oregi UPV/EHUko ikertzailea. Argazkia: Gorka estrada

UPV/EHUko Bilakaeraren eta Hezkuntzaren Psikologia Saileko ikerketa batean aztertu dute nola erabil daitezkeen marrazki bizidun narratiboak eta ez-narratiboak hezkuntza formalean eta ez-formalean haurren gaitasun narratiboak, arrazoiketa morala eta balioak eta kontrabalioak lantzeko. Horretarako, ikertu dute marrazki bizidunen egiturak nola eragin dezakeen haurren gaitasun narratiboan eta balioen hautematean, marrazki bizidunen informazioa prozesatzerakoan (besteak beste, arreta-maila kontrolatuz).

Lehen Hezkuntzako 3. mailako (8-9 urte) eta 6. mailako (11-12 urte) ikasleen kontsumo mediatikoa, gaitasun narratiboak eta marrazki bizidunetako balioen/kontrabalioen pertzepzioa aztertu dituzte UPV/EHUko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateko Bilakaeraren eta Hezkuntzaren Psikologia Sailean. Ikerketak hainbat urrats izan ditu, bi atal nagusitan bilduta.

Batetik, identifikatu dute ikasleek askotariko gailuak, eta bereziki Internet, nola erabiltzen dituzten, eta gurasoek zer babes- eta kontrol-estrategia baliatzen dituzten, erabilera horrekiko zer ikuskera positibo eta negatibo dituzten, eta erabilera hori kudeatzeko zer zailtasun eta erronka dituzten. Horren helburua izan da bitartekaritza-programak hobeto egokitu ahal izatea, familiek, ikastetxeek eta gizarteak gaur egun bizi duten egoeraren arabera.

Bestetik, marrazki bizidunen fikziozko edukiek transmititzen dituzten mezuak haurrek nola interpretatzen eta deskodetzen dituzten hobeto ulertzeko hainbat proba egin dituzte. Eta, haien bidez, agerian geratu da marrazkien egitura narratibo edo ez-narratibo motak baduela eragina 8-12 urteko haurrek mezu horiek jasotzeko, prozesatzeko, ulertzeko eta oroitzeko moduan, gaitasun narratiboari eta balioen/kontrabalioen pertzepzioari dagokienez. “Aztertutako marrazki narratiboek ipuin klasikoen egitura daukate (sarrera, korapiloa eta bukaera), oso erraz jarraitzen da haria. Guk aztertutako ez-narratiboetan, bestalde, gertakizunak ez dira testuinguru berean gertatzen, pertsonaiak behin eta berriro aldatzen dira egunerokotasuneko ingurune batetik beste ingurune birtual batera, eta ikusleei kosta egiten zaie gertakizunen zergatiak eta ondorioak ulertzea. Gainera, arreta erakartzeko baliabideak, clincherrak, erabiltzen dira aldiro”, azaldu du Eider Oregui UPV/EHUko ikertzaileak.

Proposamen didaktikoak

Ikergai izan dituzten adin-tarteetan audientzia handia izan duten bi marrazki bizidun mota hautatu dituzte: egitura narratibokoa, Doraemon, eta ez-narratibokoa, Lyoko kodea. Marrazkiak ikusi ondoren, “ikasleei ikusitakoaz zer gogoratzen zuten kontatzeko eskatu genien, eta, horren arabera, ikasleen gaitasun narratiboa eta haiek jasotako balioak eta kontrabalioak aztertu genituen —dio Oreguik, ikerketaren arduradunak—. Ikasleen kontakizunak askoz luzeago eta egituratuagoak izan ziren egitura narratiboko marrazkien kasuan, eta askoz zehaztasun gehiago zituzten; balioak eta kontrabalioak ere oso erraz hauteman zituzten. Egitura ez-narratibokoen kasuan, berriz, oso kontakizun motzak egin zituzten, nahasiak, gehienbat ekintzazko zatiei buruzkoak; eta askoz gehiago kosta zitzaien balioak eta kontrabalioak hautematea”.

Ikasleek marrazkiak ikusten zituzten bitartean, bestalde, zer arreta-maila zuten neurtu dute ikertzaileek, eta ikusi dute egitura narratiboko marrazkietan bazeudela arretari atseden emateko uneak, eta ez-narratibokoetan, berriz, aldi oro zeudela ikasleak pantailari begira. Marrazki narratiboetan, “norberak aukeratzen du, ikusle gisa, zeri jarri arreta eta zeri ez, hau da, arreta boluntarioa da; ez-narratiboetan, berriz, arreta ez-boluntarioa da, clincherrek etengabe erakartzen baitute arreta —azaldu du—. Ikusleak ez du arreta kontrolatzen eta horrek eragin diezaioke gertakizunak ongi ez ulertzea informazioa prozesatzerako garaian”.

Nolanahi ere, ikertzaileak baliozkotzat jotzen ditu marrazki bizidun mota biak; izan ere, “aztertutako marrazki narratiboetan balio/kontrabalio berberak agertzen dira hainbat egoeratan, eta haien ulermena eta lanketa sustatzen du horrek; marrazki ez-narratiboetan, aldiz, balio-/kontrabalio-mota gehiago aurkitu daitezke, zeinak bitartekaritzaren edo beste zenbait aktibitate pedagogikoren bitartez hauteman baitaitezke, hala, egitura-motaren eragina ekiditeko aztertu ditugun adinetan”, dio Oreguik. Horrekin guztiarekin, zenbait proposamen didaktiko egin dituzte ikasle, familia eta psikopedagogiako eta komunikazioko profesionalentzat, haurren gaitasun narratiboen garapena eta balioen eta kontrabalioen hezkuntza sustatzeko, gogokoen dituzten fikzio-edukien bidez.

Ikertzaileak adierazi du, halaber, garrantzitsua dela marrazki bizidunak, edukien arabera sailkatzeaz gainera, marrazkien narratibotasun-mailaren edo egitura-mailaren eta erakusten dituzten balioen arabera ere sailkatzea. Azken batean, Oreguik nabarmentzen duenez, “marrazki bizidunak eskolan eta etxean erabil daitezke balioak eta kontrabalioak erakusteko, arrazoiketa morala lantzeko eta gaitasun narratiboa garatzeko, baina betiere baliabide egokiak erabiliz eta adinaren araberako egokitzapenak eginez”.https://www.ehu.eus/eu/web/guest/hezkuntza-filosofia-eta-antropologia-fakultatea

Informazio osagarria

Ikerketa hau lotuta dago UPV/EHUko bi ikerketa-proiektu handirekin eta ikerketa-talde batekin: Ana Aierbe Barandiaran doktorea buru duen “Medioen kontsumoa haurtzaroan, arreta maila eta balioen hautematea” proiektua —Bilakaeraren eta Hezkuntzaren Psikologia Saila—, Luis Lizasoain Hernandez doktorea buru duen “Euskal Herriko ikastetxeen eraginkortasuna: luzetarako ikerkuntza testuinguruan oinarrituta. Ikastetxe hobekuntzarako ekintzen diseinua” proiektua —Hezkuntzako Ikerkuntza eta Diagnosi Metodoen Saila— eta Isabel Bartau Rojas doktorea buru duen Generoaren sozializazioa eta hezkuntza testuinguruak – Gandere ikerketa-taldea —Hezkuntzako Ikerkuntza eta Diagnosi Metodoen Saila—.

Bibliographic reference