euskaraespañol

Hitzaldia: 'La trama vasco-rusa que eliminó a España del Mundial 2018'

  • Event

When and where

01/10/2018, 19:00 - 00:00

Location

Baroja entzunaretoa - Bizkaia Aretoa
Avenida Abandoibarra 3. -48009- Bilbao (Bizkaia)

Description

Futbola da herri honetako kirol nagusia. Milaka jarraitzaile leial eta ostalaritza, kazetaritza, publizitatea eta moda bezalako sektoreak orbitan inguruka dituen unibertso zabala. Baina, ba al dago zientziarako lekurik futbolean?

Fisika, matematika eta antropologia bezalako diziplina zientikoak futbolarekin lotuta egon daitezkeela imaginatzea zaila izan arren, gero eta maizago, zientziari esker lortzen dugu futbol-zelaian gertatutakoari buruzko azalpena, eta horrek, zer esanik ez, jokalarien errendimendua eta emaitzak hobetzen lagun dezake, besteak beste.

Bi diziplina horien arteko harremana izango da, urrian eta azaroan UPV/EHUren Bilboko Bizkaia Aretoan antolatuko den “Futbola, zientzia laborategia” hitzaldi-zikloaren ardatz. “Zientziateka” hitzaldi-zikloaren barruan antolatutako jarduera honek arlo desberdinetako adituek emandako bost hitzaldi eskainiko ditu hainbat diziplina zientifikoren eta kirol erregearen artean dauden loturak frogatzeko.

“Futbola, zientzia laborategia” zikloa Kultura Zientifikoko Katedrak antolatu du, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Zientzia eta Teknologiarako Espainiar Fundazioaren (FECYT) lankidetzaz.

Hitzaldiak

José Manuel López Nicolás, Zientzia Kimikoetan doktorea eta Murtziako Unibertsitateko Biokimika eta Biologia Molekularreko irakaslea, arduratuko da zikloa irekitzeaz, urriaren 1ean. “La trama vasco-rusa que eliminó a España del Mundial 2018” (Espainia 2018ko Munduko Txapelketatik kanpo utzi zuen konplot eusko-errusiarra) izenburuko hitzaldian, López Nicolásek diziplina-aniztasun zientifikoak futbol modernoaren oinarritzat duen garrantzia azalduko du, azken Munduko Txapelketan Espainiako selekzioa kanporatuta utzi zuten gakoak aztertuz. Horretarako, irakasleak garai eta nazionalitate desberdinetako zientzialariak, entrenatzaileak eta futbolariak lotuko dituen argudio-sorta harrigarria erabiliko du jendaurreko agerraldian.

Hurrengo hitzaldian, urriaren 8an, Kiko Llanerasek “Fútbol, periódicos y estadísticas” (Futbola, egunkariak eta estatistikak) delako gaiari helduko dio. Datuen zientzia eta bistaratzearen arloko kontsultore bezala lan egiten duen Sistemen Ingeniaritza eta Automatikan doktoreak El País egunkarian futbolaz eta estatistikaz idazten bildu duen esperientzia pertsonalaz hitz egingo du. Hitzaldi honen bitartez, egunkarietan iragarpenak edo ausazko probabilitateak ematea egokia den ala ez argitzen saiatuko da.

Azaroaren 5ean, BCAM Matematika Aplikatuaren Euskal Zentroan ikertzaile lanean diharduen Dae-Jin Lee Ingeniaritza Matematikan doktorearen txanda izango da. “Ciencia de datos y fútbol: predicción del riesgo de lesiones en el deporte profesional” izenburua daraman hitzaldiaren bitartez, kirol-bioestatistika aurkeztu eta kirol profesionalean lesioen prebentzioan duen garrantzia azpimarratuko du. Kirol profesionalean bioestatistika, matematikak, konputazioa, epidemiologia eta osasun publikoa uztartzen dituzten disziplina anitzeko profilen beharra azpimarratzea izango da azken helburua

Azaroaren 14an, UPV/EHUko Materia Kondentsatuaren Fisika sailean irakasle dabilen Aitor Bergara Fisikan doktoreak fisikaren eta futbolaren arteko lotura estuak azalduko ditu euskaraz “Golaren legeak” izenburuko hitzaldiarekin. Bertan, baloiaren ezaugarriak, haizea edo baloia jotzeko modua  baldintzagarriak izan daitezkeela adieraziko du. Bergarak frogatu nahi duenez, jokalariak, ustekabean, fisikako legeei buruzko aditu bihurtzen dira golak sartzeko ahaleginean.

Zikloarekin jarraituz, azaroaren 21ean, UPV/EHUko Gorputz eta Kirol Hezkuntza sailean irakasle dabilen Aduna Badiola Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietan doktorearen txanda izango da. “Contenido de entrenamiento y condición física en mujeres futbolistas de élite” (Eliteko emakume futbolarien entrenamenduaren edukia eta egoera fisikoa) izenburuko hitzaldian, Badiolak, entrenamendu-programak eta partiden egutegiak gorputz-osaeraren nahiz errendimendu fisikoaren aldaketan duten garrantzia aztertuko du.

Hitzaldi guztiak 19:00etan hasiko dira. Sarrera doakoa da aforoa bete arte.